Hamarkote bat osaturik

BBAX taldeak 'Distortsioen munduan' diskoa kaleratu du, beste zazpi musikarirekin. Bertsioz osatua da, Jurgi Ekiza, Paxkal Irigoien eta Xendarineko ahizpak tarteko

Korrika Kulturalaren karietara, Baionako kontzertua izan zuten lehen zuzeneko emanaldia, iazko martxoan. Irudian, diskoa grabatzen, estudioan. LILI IRIART.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Behi Bideko Andere Xuriak (BBAX) taldeko Pantxix Bidartek oraindik gogoan du Jurgi Ekizaren begirada, hark Xendarineko ahizpak —Karine eta Aline Etxeberri— kantuan entzun zituen lehen aldi hartan, lehen entsegu hartan; nola bere begirada hor gelditu zen, harriturik, bikoteari so. Ordura arte ez baitzituen ezagutzen.

Bidart poztu da horrelako trukeak sortu izanaz. Eta hori ere bada Distortsioen munduan (ZTK) diskoa. Bidart bera eta BBAX taldeko Mirentxu Agerre eta Marie Bidart Hirigoien elkartzeaz gain, Ekizak eta Xendarineko ahizpek bertan parte hartu dute, baita Paxkal Irigoienek, Paxkal Indok, Allande Etxeberrik nahiz Sebastien Desgransek ere. Behin-behineko proiektua da, ahotsez gain gitarraz, gitarra apalaz, eskusoinuaz eta perkusioez osatua.

Karta zuri batekin hasi zen guztia: Korrika Kulturalaren karietara Baionako gaztetxeak Bidarti eskaini ziona. Hasiera batean, kontzertu bat izan behar zuen, iazko martxoan emana. Baina hasieratik Bidartek argi izan zuen zerbait iraunkorragoa egin nahi zuela. Ez da talde berri bat, baina gutxienez gau bakarreko kontu bat baino gehiago izan zedin nahi zuen. Eta, bide batez, aspalditik ezagutzen zituen artistekin zerbait sortzeko erabili nahi zuen aukera. Belaunaldi eta eszena ezberdinak nahasiz: horrela du osatu hamarkotea.

Zaila dute kontzertuak eskaintzeko agendak bateratzea, eta, asteburu bat libre zutela-eta, segituan baliatu nahi izan zuten aukera diskoa grabatzeko. Lehen egunean entsegua, biharamunean grabaketa. Kontuari iraunkortasun bat emanez, baina, aldi berean, bandaren behin-behinekotasun horren adierazle. Nolabait, duten denbora apur hori ahal bezainbat finkatzeko saio bat; elkarrekin iragaten duten denbora motz hori ahal bezain emankorra izateko; izan ere, guztiak izugarri gogotsu daude proiektuarekin, Ekizak berretsi duenez. Bidartek elkartu artistentzat izan duen «intuizio ona» eskertu du: «Uste dut denek haluzinatu dugula kontzertuetan eta grabaketan bizi izan dugunarekin. Biziki giro ona da, biziki goxoa da». Diskoa horren lekuko ere bada: «Grabaketa entzutean, guhaur harritu gara ikusirik nola dena biziki ongi sentitua zen. Eta hori da, ene ustez, gehien gustatu zaidana proiektu horretan. Magia hori da: jende eta arima ezberdinak biltzea eta zerbait ateratzea errazki, komuna eta mamia duena».

Goxotasuna transmititzeko

Preseski, zuzeneko giro horretan sentitu «goxotasun» hori transmititu nahian-edo grabatu dute diskoa zuzeneko giroan. Delako lehen errepika hartako hura bezala, non Ekiza adi-adi gelditu baitzen Xendarineko ahizpei. Aline Etxeberrik ere gogoan du une hura. Hark, berriz, ezagutzen zuen Ekizaren lana, baita Willis Drummond ere. «Oroitzen naiz, bai, harriturik egon zela. Guretako, berriz, ohore bat bezala zen horrelako artista batekin aritzea. Hain sinpleki eta xumeki, eta gu haren heinean izanez».

Guztiak hein berean: hori ere bada proiektu honen beste berezitasunetako bat, kantu hautaketatik hasita: «Gonbidatu bakoitzari bat ekar dezan proposatu nien», gogoratu du Bidartek. Horrela etorri da Ekizaren Distortsioen munduan kantua, diskoari izena ematen diona. Bidartek berak bazuen jotzeko gogoa. Baita Ekizak ere: «Izugarriko plazera izan da interpretazio berri batekin entzutea». Beste adibide batzuk emateko, Sebastien Desgransek du ekarria Xabier Leteren Hala ere, Aire Ahizpekin grabatua zuena. Xabier Leteren Lore bat zauri bat, berriz, Paxkal Irigoienen ideia zen.

Eta horrela osatu dute proiektua, bertsioz bertsio. Ekarpena diskoko lehen kantutik hasten da, indartsu. Hori da nahasketen artean nahastuena, agian. Kantu bakar batean hiru kantu, eta beste hainbeste eragin eta giro. Xendarineko ahizpak hasten dira Arestiren Emazurtz kantuarekin, Oskorriren doinuan; jarraian eta oihartzun, Juan Etxamendi Bordel bertsolariaren hitzak, Mikel Laboak Gaztetasuna eta zahartasuna izenburuarekin kantatu eta Willis Drummondek bere garaian berriz hartu zituenak. Diskoan Ekizak kantatzen duen kantua da, eta elektrika sartzeko aitzakia ere bada. Bukatzeko, BBAXeko hirukoteak Zelüko izarren bidia gehitzen du, kantu herrikoia, Pier Paul Berzaitzen doinu batean.

Matxismoa kenduz

Hitzen aldetik, Karine Etxeberrik bere ekarpena egin du, ez baitzuten Gure etxen badira kantu herrikoiaren azken bertsoa zen bezala kantatu nahi. Kontua da kantuak aipatzen duela etxeko emaztea bere senarra ez den gizon batekin oheratzen dela; eta senarrak, hori jakiterakoan, etxetik kanporatzen duela. Kantua idatzi duenak kanporatze hori justifikatzen duenez,hitzak aldatu dituzte, ideia hori ez «zilegitzeko», Aline Etxeberrik esplikatu duenez. Bertsio honetan emaztea doa etxetik, salatuz etxe horretan dena dela «muga, debekua».

Kantu hautaketan eta moldaketetan bezala, musikan ere badaude proposamenak: «Naturalki» bezain «arrunt libreki» egin dituzte, Ekizak nabarmendu duenez. «Grabatu genuen zinez zehazki jakin gabe bakoitzak zer egiten zuen»; halere, base batzuetatik abiatuta, bereziki ahotsentzat, ahotsek leku berezia baitaukate proiektu honetan. Horien harmonia hurbiletik zaindu dute. Baina gero, musikalki, «momentua sentitzea izan da kontua», Ekizaren ustez. «Bakoitzak eramaten du berea. Eta horretan da interesgarri. Ikustea nola gehitzen diren ekarpenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.