Zinema uzta 2022an

Hamarkada berrirako film zaharrak

Zinemaldietatik iritsitako filmek zeresana sortu dute aurten; 'Alcarràs'-ek, besteak beste. Akziozko lan ikusgarriek irudikatu dute emanaldi jendetsuen itzulera.

Carla Simonen Alcarràs filmak irabazi zuen Urrezko Hartza Berlingo Zinemaldian, eta arrakasta izan du zinema aretoetan ere. ELASTICA FILMS.
Andoni Imaz
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urtea amaituko da, eta hamarkada bat ere bai. Beste bat hasteko. Britainiar Zinemaren Institutuaren Sight and Sound aldizkariak hamar urtean behin eguneratzen du inoizko filmik onenen zerrenda, 1952az geroztik, eta duela hilabete itxuratu zuen kanon berria aurtengo inkesta jendetsuak —1.639 kritikarik, programatzailek eta historialarik parte hartu dute, 2012an halako bik—. Chantal Akermanen Jeanne Dielman, 23, quai du Commerce, 1080 Bruxelles filma (1975) ipini dute zerrendaren buruan. Inor gutxik espero zuen hori; zerbait aldatu da, eta ez film batzuk gaur atzo baino hobeak edo okerragoak direlako —baldin eta hori esaterik badago—, baizik eta pasatu delako beste urte bat, eta beste hamarkada bat.

Zerrenda parte hartzaileen ordezkaria da, baina, segur aski, ez da horietako bakar baten izenean ariko zeharo. Ezin kanon deitu ere, zentzu hertsian esanda. Zinemaren munduaren egungo interes eta sentsibilitate batzuen erakusgarri da, ezer izatekotan. 1952an, Ladri di biciclette izan zen lehenengo (Vittorio De Sica, 1948); 1962tik 2022ra, Citizen Kane (Orson Welles, 1941); 2012an, Vertigo (Alfred Hitchcock, 1958).

Duela hamar urte, zerrendako lehen ehun filmak 67 zinemagilerenak ziren, eta bi emakume zeuden tartean: Akerman eta Claire Denis. Aurten, 73 zuzendari dira denera; bederatzi, emakumeak: Akerman, Denis, Jane Campion, Vera Chytilova, Julie Dash, Maya Deren, Barbara Loden, Celine Sciamma eta Agnes Varda.

Gainontzean, zinema urteak bere ohiko mugarriak ditu. Carla Simonen Alcarràs saritu dute Berlinen, Ruben Ostlunden Triangle of Sadness Cannesen, Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed Venezian, Laura Mora Ortegaren Los reyes del mundo Donostian. Eta jaialdi horietatik atera dira aurten kritikak gehien nabarmendu dituen filmetako batzuk: besteak beste, Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Claire Denisen Avec amour et acharnement, David Cronenbergen Crimes of the Future, Elena Lopez Rieraren El agua, Cristian Mungiuren R.M.N., Santiago Mitreren Argentina, 1985 eta Albert Serraren Pacifiction. Serrarena, Frantzian, batez ere: kritikaren Louis Delluc saria lortzeaz gain, Cahiers du Cinéma-ko erredakzioak urteko filmik onena izendatu du.

Datorren urtearen hasieran iritsiko dira horietako beste batzuk Euskal Herriko aretoetara, jaialdien eta estreinaldien joan-etorriak ez baitira egutegi bakarrean kabitzen: Alice Diopen Saint Omer, Todd Fielden TÁR, Park Chan-wooken Decision to Leave eta Kelly Reichardten Showing Up, esaterako. Era berean, horregatik heldu dira aurten beren bidea iaz hasi zuten lan batzuk: aipagarrienak, Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car, Audrey Diwanen L'événement eta Apichatpong Weerasethakulen Memoria.

Paisaiaren gorabeherak

AEBetatik etorritako filmek aretoak bete dituzte, akziozko eta abenturazko erakustaldiekin, pandemiaren ondorengo itzulera sekuela ikusgarriekin irudikatuz: Joseph Kosinskiren Top Gun: Maverick eta James Cameronen Avatar: The Way of Water izan dira nagusi, baina gertu dute Michael Bayren Ambulance ere.

Dena dela, AEBetan, Everything Everywhere All at Once izan da urteko fenomenoa (Dan Kwan, Daniel Scheinert): A24 ekoizpen eta banaketa etxearen arrakastarik handiena izan da, eta hura da gaurko zinema estatubatuarraren joeren eta ajeen ordezkarietako bat. Harrera beroa izan dute, bestalde, Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza-k eta Jordan Peeleren Nope-k ere.

Munduaren eta zinemaren lurraldeetan oso bestelako toki batean dago Hong Sang-soo. Hark ez ditu aretoak jendez bete, baina bai filmez. Aurten hiru film estreinatu ditu zinemetan: Introduction, Dangsin-eolgul-apeseo (In Front of Your Face) eta So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist's Film); eta beste bat Donostiako Zinemaldian: Walk Up. Egungo estilorik berezienetako bat du, eta ez ideia berak errepikatzearen errepikatzeaz soilik; kontrara, oraindik bide berriak zabaltzen dizkie kontakizunei.

Euskaraz, animazioa

Arantza Santestebanen 918 gau filma iaz erakutsi zuten lehen aldiz, Doclisboa jaialdian; sari nagusia eskuratu zuen, gainera. Aurten, Iruñeko Ikuspuntu jaialdian estreinatu dute Euskal Herrian, eta bi sari irabazi ditu han: epaimahaiaren aipamen berezia eta ikusleen saria. Irudientzako forma egokiaren bila, jakin-mina sortu du emanaldi bakoitzean.

Gainontzean, animazioa gailendu da euskal zineman. Fermin Muguruzak Black Is Beltza II: Ainhoa egin du, orain lau urteko filmaren sekuela. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek Orkestra Lurtarra zuzendu dute, eta Alberto Vazquezek, Unicorn Wars.

Otsailean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko aretoetan Paul Urkijoren Irati, euskal zineman orain arte ikusi gabeko abentura ikusgarri bat, lau zinemalditan ikusleen saria irabazi eta gero.

Itxiera sentimental bat

Jean-Luc Godard eta Jean-Marie Straub zinemagileekin batera, zinema egiteko ez ezik, zinemari begiratzeko modu bat ere itzali da aurten. Hain justu, Straubek «Jean-Luci» eskaini zion bere azken filma, La France contre les robots laburra (2020). «Biak ziren esnobak eta populistak, narritagarriak eta tradizionalistak. Bakoitzak bere helburuekin berrasmatu zuen zinema», idatzi du Jonathan Rosenbaum kritikariak New Left Review aldizkarian.

Monica Vitti baino hilabete batzuk geroago hil dira, modernitatearen itxiera sentimental moduko batean. Eta espiritu horren parte zen Akerman ere. Izan ere, zinemarekiko konpromisoaren molde bat itzali da, oraindik ere etengabe pizten ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.