«Ez daukagu denbora mental ez fisikoa gauzak ondo egiteko». Hamar urteren buruan eta berrogei lan argitara eman ondoren, distira berezirik gabeko esaldi xume horrekin itxi du Forbidden Colours diskoetxearen ibilbidea Aitor Etxebarria musikari eta diskoetxeko buruak. Dioenez, inertzia hutsez bada ere, jarraitu ahalko lukeelako oraindik ere aurrera denbora batez, baina, hain justu, inertzien kontra egiteko sortu zuelako zigilua 2014an. «Ikerketa eta arrisku puntu bat izan du beti Forbidden Coloursek. Gertatzen ari denari adi egon gara beti, eta jadanik ez gara heltzen puntu interesgarri horretara». Eta, beraz, atea erabat itxi gabe, baina proiektua etetea erabaki du orain eta oraingoz. «Baina pozik, e! Hamar urte egin ditugu, oso politak».
Ezin geldi egon, ordea. Eta diskoetxeko lanak baztertuta, diskoetxeari agur esateko lanetan murgildu da erabat Etxebarria. Hamaika musikari bildu nahi ditu horretarako Bilboko Kafe Antzokian. Irailaren 13an egingo dute despedida festa, eta zigiluak kaleratutako disko guztietako kanta bana jotzeko bilduko ditu bertan, besteak beste, Amorante, Ander Unzaga, Ekhi Lambert, Empty Files, Galder, Joseba B Lenoir, Ke Lepo, Maia Ibar (Dual Split), Mice, Moxal, Sara Muñiz, Rudiger, Testura, Eñaut Zubizarreta Trigger, Xabier Zeberio eta Zabala. Arrisku puntu batekin hori ere. «Musikariak elkarrekin nahastu gura ditugu: inoiz pasatu ez diren gauzak pasatzea gura dugu, eta, seguruenik, inoiz ez direnak pasatuko».
2014an kaleratu zuen bere lehen diskoa Forbidden Colours diskoetxeak, baina, Etxebarriak dioenez, lehenagotik dator soka. Gernikan (Bizkaia) hasi zen dena, musika elektronikoari eskainitako Fiakun zigiluarekin. Javier Fernandez Willy eta Iñigo Calzada izan zituen ondoan Etxebarriak orduko hartan, eta bi kide horiek lagunduta abiatu zuen Forbidden Colours gero. Bakarrik hasi arren, Irene Prieto eta Txufo Willson batu zitzaizkion gerora laguntzera, eta horrela eman dituzte urterik gehienak.
«Ikerketa eta arrisku puntu bat izan du beti Forbidden Coloursek. Gertatzen ari denari adi egon gara beti, eta jadanik ez gara heltzen puntu interesgarri horretara».
AITOR ETXEBARRIAMusikaria eta Forbidden Colours zigiluko kidea
Eta zein ildo artistikori jarraitu diote? Barrez eman du azalpena Etxebarriak. «Horixe izan da gure lerro estetikoa: batek jakin zer datorren orain! Jakina! Esaterako, techno arraro baten disko bat dator, eta gero, derrepentean, Sara Muñizen moduko piano jotzaile batena dator, gero Miceren disko bat, eta hor dator Eñaut Zubizarreta txeloagaz bera bakarrik looper-agaz... Gustatzen zaigu arriskua hartzen duen jendea».
Aterpe bat
Hain zuzen, arriskua hartu duten horientzako babesleku moduko bat izatea izan da ideia. «Gure premisetako bat beti izan da katalogatzeko zaila den eta daukan arriskuagatik beste zigiluetan egon ezin diren taldeei aterpea ematea. Beti egoten delako zalantza hori zenbait proiektukaz: proiektua ona delako batzuetan, baina galdera sortzen delako ea gero nola saldu hori, edo nola sartu jaialdietan. Horiei eman diegu aterpea». Eta hortik musikariaren azken ondorioa —«esango dute, a ze flipatuak!»—: «Gu ez gara zigilu bat: gu arte galeria bat gara. Gauzak ateratzen ditugu, gustatzen zaizkigun gauzak dira, dirua irabazteko barik, geuk ikasteko».
«Hau espazio kapitalista bat izan ez dadin saiatzen gara. Horren aurka aritu gara beti. Zu zure diskoagaz zatoz hona, eta guk gura dugu sinistu zu jende ona zarela, eta zuk behar duzu konfiantza izan gu ere jende ona garela».
AITOR ETXEBARRIAMusikaria eta Forbidden Colours zigiluko kidea
Etxebarriak bere lanak El_Txef_A izenarekin kaleratzen zituen diskoetxea hasi zuenean, eta haren We Walked Home Together izenburuko remix diskoa izan zen kaleratu zuten lehen lana. Geroztik, ordea, hamaika artistak kaleratu dituzte euren lanak bertan. Euskal Herrikoak dira haietako gehienak. «%80 inguru», kalkulatu du Etxebarriak. Baina zigiluaren bilduman badira Japoniako, AEBetako, Mexikoko eta beste hainbat herrialdetako artistak ere.
Etxebarriak dioenez, pena azaldu diete artistek, etena egingo dutela jakindakoan. «Eurentzako leku seguru moduko bat zen hau».
Gune ez-kapitalista bat
Salerosketen logikatik kanpo aritzen saiatu direla dio Etxebarriak. «Artista bat etorri denean esanez gura lukeela gurekin zerbait atera, gustatzen zaiolako argitaratzen duguna, nik beti esan diet guk ez dugula ezer sinatzen. Jendeak flipatu egiten du horrekin, baina gu saiatzen gara, nahiz eta utopia bat den, hau ez dadin izan espazio kapitalista bat. Horren aurka aritu gara beti. Zu zure diskoagaz zatoz hona, eta guk gura dugu sinistu zu jende ona zarela, eta zuk behar duzu konfiantza izan gu ere jende ona garela. Eta hor ere, azkenekoetan, aldatu egin da hori. Jendeak gura du eduki zer edo zer, eta hor momentuan neuri egin zidan klik. Espiritu libre hori-edo apur bat galduz joan dela uste dut nik. Hori izan da etenaldia hartzera bultzatu gaituzten beste osagarrietako bat. Hain serio hasi da jartzen hau, non ez dakidan gu bagauden horretarako».
hamarkada bete, lau kantatan
Forbidden Colours zigiluaren berrogei lan inguruko katalogotik, lau kanta hautatzeko eskatu dio BERRIAk Aitor Etxebarriari, eta hau izan da haren hautaketa.
- Testura, Testura (2020), Fuji.
- Dual Split, Brand new rain (2022), Dreams.
- Moxal, Nabar (2023), Betiko bero.
- Ekhi Lambert, Inbasioak (2024), Ezpata.
Espazio artistiko bat sortzea zen erronka, dioenez. «Dirurik irabazi barik, guk geure denbora ematen diogu artistari, haren diskoa apur bat zabaltzeko, eta promozio apur bat egiteko. Disko arraro bategaz, espazio arraro eta kultuzko honetan egotea inportantea zen jendearentzat. Euren lanari beste pisu bat ematen zion horrek. Leku bat ematen zion horrek. Baina hori da Forbidden Colours, eta ez beste ezer. Eta ez dakit dena, baina zer edo zer lortu dugu».
Despedida da orain erronka. Forbidden Coloursen agurra ere izan dadin Forbidden Coloursen jardunaren erakusgarri. «Sorpresa bat ere egin gura dugu, goi-goi-goitik egindako amaiera bat izan dadin».