Hamar urteko ibilbidearen antologia argitaratu du Bonberenea Ekintzak-ek

Dozenaka musika taldek eta kultur eragilek argitaratu izan dituzte lanak Tolosako estudio honi esker

2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
2002012 Doinuen Hamarkada liburua argitaratu dute Bonberenea Ekintzak-eko kideek, eta bertan zigilu horrekin plazaratu diren lanen antologia egin dute. Bi disko eta bi DVD ere baditu liburuak. Lehendabizikoetan egin den grabaketa bakoitzeko abesti bana dago. DVD batean bideoklipak daude, eta bestean azken urteotako zuzeneko hainbat grabaketa daude.

Liburuan eta diskoetan bertan eginiko grabaketen aleak zein grabazioaren nondik norakoak aurki daitezke, banan-banan. Azken hamarkadan, Deabruak Teilatuetan, Humilitate, Napoka Iria, Fiachras, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta beste hainbat izan dira Bonbereneako estudioan lanean. Proiektuaren historia laburbildu dute, baita beraien funtzionamendua azaldu ere.

Tolosako eraikin hutsa okupatu zutenetik hamar urte baino gehiago pasa dira, baina Bonberenea Ekintzak plataforma 2002ko maiatzean sortu zen. Makina bat izan dira bertako baliabideei esker lanak argitara eman dituzten kultur eragileak. Batez ere musika taldeak izan dira, baina liburuak eta bideoak ere argitaratu dituzte.

«Kasualitatez ez, baina oso modu naturalean jaio zen Bonberenea Ekintzak», Juantxo Arakama bertako kideak azaldu duenez. Oztopo guztien gainetik musika bilduma izan zen lehen lana, ordura arteko ibilbidea laburbildu zuen musika bilduma. Berako Aduanan eta Azkoitiko Matadeixen grabatzen aritu ziren, baina beste gune baten beharra zeukatela eta, «Zuk zeuk egin filosofiari jarraituz», Bonbereneako gune bat horretarako egokitu zuten.

«Ez da diskoetxe bat, taldeek gunearekin daukaten erlazioa ez delako diskoetxe batekin izango luketena». Ideia horrek laburbil lezake Bonberenea Ekintzak-en izaera, baina Arakama haratago doa: «Taldeari baliabideak eskaintzen zaizkio diskoa grabatu ahal izateko, baina taldea bera da ekoizlea normalean». Diskoa ekoiztearen gastuak taldeek hartzen dituzte beren gain.

Autogestioa da Bonberenearen funtzionatzeko filosofia, Arakamak azaldu duenez. «Zenbait taldek beste egoera askotan ekoitzi ezingo lituzketen grabaketak egitea ahalbidetzen dugu. Underground kultura beti izan da Bonberenea Ekintzak osatzen dugunon gustukoa, eta musika estilo minoritarioak kaleratu ahal izatea nahi dugu». Kultur faktoria gisa definitu ditu bai proiektua eta bai gunea. Ez da SGAEren moduko erakundeekin elkarlanean aritzen, baina «talde bakoitzak erabakitzen du bere ekoizpena SGAEren parte izatea nahi duen ala ez».

Kontzertuak antolatzeko gunea ere bada Bonberenea, eta hainbat emanaldiren bideoak daude liburuarekin batera argitaratu dituzten DVDetariko batean. Astebururo maila oneko kontzertuak eskaintzen dituzte, Arakamak azpimarratu duenez. «Izan ere, horrelako espazioak izatea beharrezkoa da gaur egun». Gaztetxe askotan antolatzen dira kontzertuak, «baina Bonbereneak beste leku batzuetan ez dauden baliabideak garatu ditu. Beste noranzko bat hartu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.