Hamar urtean Etxepare tresna gisa «sendotu» egin dela nabarmendu dute

Etxepare Euskal Institutuaren sorreraren urteurrenean euskara eta euskal kultura munduan ezagutzera emateko eginiko lana gogorarazi dituzte

Sra. Polaroiskak zuzendutako ekintza performatibo batek lagundu zuen atzoko ekitaldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Orain hamar urte jaio zen Etxepare Euskal Institutua, nazioartean euskara zein euskal kultura sustatu eta ezagutzera emateko helburuarekin. Urteurrenaren harira, hamarkada batez eginiko lana gogora ekarri zuten atzo, institutuaren egoitza hartzen duen Donostiako Tabakalera zentroan, ekitaldi instituzional batean. Eta nabarmendu zuten «munduan euskal kulturaren berri emateko tresna gisa sendotuta» dagoela gaur egun institutua.

COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak tarteko, institutuko kideek eta zuzendaritza organoetako ordezkariek osatutako talde mugatu bat bildu zen ekitaldian; bertan izan ziren, besteak beste, Irene Larraza zuzendaria, Aizpea Goenaga zuzendari ohia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Orain arteko ibilbidea ekarri zuen gogora Larrazak, baina batez ere azken hamar urteotan euskara eta euskal kultura nazioartean zabaldu duten hainbat laguni eman zien hitza. Horrela, 11 sortzaile, itzultzaile eta irakasleren gogoetak izan ziren entzungai, munduan zehar bete dituzten 11 aulkiren bitartez irudikatu zituztenak, eta Sra. Polaroiskak zuzendutako ekitaldi performatibo batez lagundu. Japoniako Sho Hagio eta Hiromi Yoshida itzultzaile eta euskara irakasleek, Argentinako Gabriela Mendia euskara irakasleak, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe idazleek, Isaac Xubin itzultzaile galiziarrak, Kukai Dantzako Jon Maiak, Itziar Lazkano aktoreak, Oreka TX taldeko Igor Otxoak, Maider Lopez artistak eta Oskar Alegria zinemagileak eginiko gogoetak izan ziren, beraz, ekitaldiaren ardatza.

Halaber, institutuak jakinarazi duenez, testigantza horiek izango ditu oinarri Kultura gureagoa da partekatzen dugunean kanpainak ere, zeina hil honetan abiaraziko duten, euskara, euskal kultura eta sorkuntza ezagutarazteak duen garrantzia azpimarratu asmoz. Institutuaren webgunean ez ezik, sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan izango dira entzungai gogoeta horiek. Instalazio bat ere jarriko dute institutuaren egoitza atarian, 11 aulkiz osatutakoa, eta bakoitzaren QR kodearen bidez ere izango dira entzungai 11 lagun horien bizipenak.

Hamarkada bat zenbakitan

Azken hamar urteotan, nazioarteko kultur trukeak, euskal artisten zein kultur sektoreko profesionalen mugikortasuna, euskal literaturaren itzulpengintza, eta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza bultzatu ditu Etxepare institutuak. Horretarako, nazioarteko eragileekin lankidetza bilatu du. Kultur arloan, eta sortu zenetik urtero, batez beste, «60 euskal leiho» sustatu ditu askotariko diziplinatako nazioarteko jaialditan, eta 200 bira eta nazioarteko egitasmo inguru babestu ditu. Halaber, institutuaren laguntzaz, euskarazko 150 bat literatur lan itzuli dituzte beste hizkuntza batzuetara.

Jardun akademikoari dagokionean, berriz, jakinarazi dute egun urtero ia 4.000 lagunek ikasten dutela euskara mundu osoan, bai 80tik gora Euskal Etxetan, bai Europa, Amerika eta Asiako 35 unibertsitatetan. Euskal ikasketen inguruko bederatzi katedra ere zabaldu ditu nazioartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.