Beste kontu batzuengatik duen garrantzia aparte utzita, izan zuen oihartzun medikoagatik eta berehalako zabalkundeagatik ere «mugarri» izan zen Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua, Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoetako irakasle, unibertsitate horretako Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kide eta euskaltzain urgazlearen iritziz. «Horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak asmatu zuela uste dut», dio Bilbaok, hura oroituz. «Eskuizkribua aurkezteko prentsaurrekoa eman eta biharamunerako Interneten zegoen ikusgai, kalitate oneko argazkietan, eta Josu Landak egindako urgentziazko transkripzioa ere oso arin iritsi zen sarera Klasikoen Gordailua-n. Gauzak ordura arte ez ziren horrela egin, eta gerora ere ez dira horrela egin beste kasu batzuetan. Erakunde publiko batek horrela jokatu izana txalogarria da». Duela hamar urteko kontuak dira horiek, 2004ko otsailean aurkeztu baitzuten Borja Aginagaldek Madrilgo zaharki salerosle baten eskaintzen artean aurkitu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erositako eskuizkribua.
Hamar urte darama EHUko Monumenta Linguae Vasconum taldeak eskuizkribua aztertzen eta bere lanaren emaitza Internet bidez zabaltzen—Lazarraga.com webgunean—, eskuizkribua agertu orduko ekin baitzioten taldeko kideek lanari. «Joseba Lakarra, Blanca Urgell, Ricardo Gomez eta laurok hasi ginen lanean», dakar gogora Gidor Bilbaok. «Gero, Blanca Urgell obernura joan zenean [Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen], Julen Manterola eta Celine Mounole gehitu zitzaizkion taldeari». Transkripzio paleografikoa egin ondotik, taldeak eskuizkribu osoaren edukien %99 inguru finkatu du dagoeneko —puntuazio eta guzti—. Horrez gain, oinarrizko lan horretatik abiatuta, testu bakoitzari bere sarrera eta ohar argigarriak egin dizkio ikerketa taldeak, hizkuntzari dagozkionak batik bat, alderdi filologikotik begiratuta; eta testu guztiak egungo grafiara aldatu ditu, haietako batzuk gaztelaniara itzultzeaz gain. Gaur egun, ohar argigarriak batuz eskuizkribuaren «gramatika» izango dena osatzen ari dira, hots, testuari egindako ohar filologikoen analisi sakon batean oinarritutako ondorio nagusien bilduma moduko bat. Lan horien guztien emaitza webgunean dago ikusgai hainbat formatutan, eta urtea amaitzerako paperean argitaratzeko asmoa dute taldeko kideek ASJU Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo aldizkarian.
Garrantzia berretsi dute
Hamar urteko ikerketa lanek Lazarragaren eskuizkribuaren garrantzia berretsi dute, Bilbaoren iritziz. «Aurkikuntza inportantea da alde soziologikotik, linguistikotik eta literariotik».
Literaturaren ikuspegitik begiratuta, garrantzi handikoa da eskuizkribuko testuen artean dagoen artzain-liburua. «XVI. mendeko tradizio kultuko genero batzuen isla» erakusten du obra horrek, Gidor Bilbaok dioenez. «Artzain-liburua da, baina orduko nobela eta fikzio sentimentaleko literatur lanen elementuak ere baditu, baita zaldun-liburuetakoak ere». Ezin da jakin kasu bakarra den, edo —bakarra ez izatekotan— zein neurritan den kasu bakana, baina euskal literatura ez zegoela uste zen bezain bakartuta frogatzen du Lazarragaren eskuizkribuko artzain-nobelak.
Artzain-nobela horren lehen orriak falta direnez, ez da ezagutzen haren izenburua. Monumenta Linguae Vasconum taldeko kideak ez dute ontzat ematen Patri Urkizuk artzain-liburuari eman zion Dianea izenburua (Dianea & Koplak liburuan, Erein, 2004). Honako azalpen hau ematen dute artzain-nobelari egindako sarreran: «Patri Urkizuk Dianea izenburua proposatu zuen artzain-liburuarentzat, Jorge Montemayorren gaztelaniazko Los siete libros de la Diana (1559) liburuan oinarritua delakoan, eta eskuizkribuko poema batean dianea forma agertzen delakoan (dianean izatez doanean aditza da poema horretan agertzen dena, eta ez izena); ez dugu uste hautu egokia izan zenik. Patxi Salaberri Muñoak, berriz, Sirena, Silbero, Silbia eta Doristeo izenburu gure ustez egokiagoa hobetsi du, nobelako pertsonaia nagusien izenak hartuta. Guk, oraingoz, artzain-liburua izen generikoarekin aipatuko dugu eskuizkribuko hasierako zati hau».
Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik begiratuta ere, «Lazarragaren eskuizkribuari esker, lehen ez genekien gauza asko ikasi dugu», dio Bilbaok, nahiz eta ikasitako gehiena «espero zitekeenaren ildoan» kokatzen den. «Mendebaldeko euskararen ildoan dago, baina Bizkaiko euskarak ez dituen elementuekin, eta hurbiltzen gaitu euskalkiak sortu aurreko euskarara». Ikertzen jarraitzeko bide asko eskaintzen ditu oraindik ere eskuizkribuak. «EHUko Filologia Fakultatean euskararen historiaren inguruan egiten ari diren tesi guztiak, edozein aldetatik egiten direlarik ere, Lazarragaren eskuizkribua erabiltzen ari dira».
Hiru idatzalditan banatuta
Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kideek uste dute eskuizkribuko testu gehienak 1567 eta 1601 artekoak direla; urte horietan koadernoan kopiatuak behintzat. Hiru atal nagusi edo idatzalditan banatu dituzte: A, B eta C: A atala lehenengo idatzaldiari dagokio, eta atal horretako testu guztiak Lazarragak idatziak —edo gutxienez kopiatuak— direla uste dute. Idatzaldi horretan, Lazarraga (1547-1605) artzain-nobela bat eta hainbat poema koaderno batean kopiatzen aritu zen, testuak «garbira pasatzen, txukun-txukun», bere bizitzako azken urteetan, Bilbaoren ustez. B atala koaderno horretako orriak agortu ondoren orrietan geratutako hutsuneetan kopiatutako poemek eta prosazko testu labur batek osatzen dute, eta horietan Lazarragaren eskuaz gain gutxienez beste bi egilerenak daudela uste dute: Martin Lopez Bikuñakoarena eta Filipe Ruiz Ibarretakoarena. Azkenik, C atala inondik ere literarioak ez diren esaldi solte, sinadura, monograma eta zirriborro ugarik osatzen dute, eta baita Lazarragak aurretik kopiatutako testuei egindako zuzenketa eta zentsurekin batera. Interneten ikus daitekeen edizio kritikoan hiru atal horietan banatuta eman dute eskuizkribuaren edukia.
Hamar urte Lazarragarekin
Eskuizkribuko testuen edukiaren %99 du dagoeneko guztiz finkatua EHUko Monumenta Linguae Vasconum taldeakInterneten ezarria duten edizio kritikoa paperean ere argitaratuko dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu