Hamar urte bluesaren altzoan

Dr. Feelgood eta Bob Stroger izango dira Hondarribiko Blues Jaialdian, uztailean

Sekula jo ez duten taldeak eta jo dutenak etorriko dira jaialdira. Irudian, Dr. Feelgood; uztailaren 9an joko du. DR. FEELGOOD.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ikur bat. Erreferente bat. Hori da Hondarribiko (Gipuzkoa) Blues Jaialdia, AEBetako komunitate afroamerikarrak behinola sorturiko musika estiloa gogoko dutenentzat. Izen handiak batzen dihardu 2006an sortu zenetik, eta orain, hamar urteren bueltan, nazioartean arrakasta duten sortzaileak elkartuko ditu, beste behin ere. Dr. Feelgood, Shakura S'Aida, Crossroads Chicago, Lil'Ed, Dwayne Dopsie eta Shawn Holt igoko dira oholtzara, besteak beste. Uztailaren 9tik 12ra izango da, eta doan eskainiko dituzte emankizun guztiak. Aurtengo Hondarribia Blues saria, gainera, estilo horretako ikonoetako bati emango diote: Bob Stronger baxu jotzaileari. Zaleen gozagarri, zabala da egitaraua; hogei bat kontzertu egongo dira. Horrez gain, Alex Rodriguez Cruzen argazkien erakusketa egingo dute, hamargarren urteurrena ardatz; bestalde, Francisco Simonek eskainiko duen gitarra mintegia izango da berrikuntzetako bat; eta ildo beretik, hasiberrientzako #izanezberdin saila sortu dute, 12 eta 17 urteko gazteek kontzertuak eskain ditzaten pentsatuta.

«2006an pentsaezina zen honaino iritsiko ginenik», esan du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak, atzera begira jarrita. Eta helburuei so egin die: «Musika genero hau jendeari gerturatu nahi diogu, ezagutarazi nahi dugu. Lehen mailako musikarien alde egin nahi dugu». Eta hala, orain arte taularatu dituzten taldeen zerrenda osatu: «Oraindik ezin dugu sinetsi Pinetop Perkins, Hubert Sumlin, Magic Slim, Solomon Burke eta Eric Burdon bezalako artista garrantzitsuak ikusteko aukera izan dugunik». Memphisko Blues Foundationek, halaber, saria eman zion jaialdiari aurreko urtean, antolakuntza goraipatzeko xedez. Zuzendariaren esanetan, egitasmoaren balioa jartzen du agerian aipamenak.

Bat egin du Hondarribiko kultura zinegotziak, Txomin Sagarzazuk: «Herritarren artean ikusmina sortzen du, eta, era berean, kanpoko bisitariak etortzeko aitzakia da». Esandakoa borobildu du Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Mertxe Garmendiak: «Udako oporretako kultur egutegian erreferenteetako bat da».

Bob Stroger. Horra omendu nahi duten sortzaile ezagunetariko bat. Ez da ausazko erabakia gainera. Ziklo baten itxiera ere bada, funtsean, lotura zuzena baitauka Hondarribia Blues Jaialdiarekin. «Bereziki pozik gaude Bob Stroger handia gure artean izango dugulako. Izan duen ibilbideagatik jasoko du saria», azpimarratu du Mallesek. Aurretik ere Hondarribian izan dela gogoratu, eta, hori dela eta, «enbaxadore» eta «erreferente» bezala goraipatu du.

Betikoak eta berriak

Crossroads saila gai konkretu bati eskaintzen diote urtero; aurten, Muddy Waters konpositore, gitarra jotzaile eta abeslariaren ehungarren urteurrena izango du zutabe. Horretarako, Chicagoko eszenako izar handiak batu dituzte. Bertan izango da, hain justu, Stroger Bob Margolinekin, Bob Corritorekin, Kenny Smithekin eta Ariyorekin batera, Crossroads Chicago taldean. Denek omenaldia egingo diote Watersi. Uztailaren 10ean joko dute, ostiralarekin.

Haatik, aurretik bada zer entzun, Dr. Feelgood egongo da eta 9an. «Munduko zuzeneko rhythm and blues ikuskizun herrikoi eta hunkigarrienetako bat» osatzen dute, antolatzaileen irudiko. Eta egun berean beteko du agertokia Shakura S'Aidak, jazzaren, bluesaren eta rhythm and blues munduan ahots «hunkigarriz» nabarmendu den abeslariak.

Uztailaren 11n, bestalde, Lil'Eden blues «zaratatsu eta dibertigarriak» hartuko ditu kaleak, bai eta Dwayne Dopsieren espektakulu parte hartzaileak ere, taldeak «lausotu» egiten baititu ikus-entzuleen eta musikarien arteko mugak. Azken egunean, aldiz, Shawn Holt taldeak «soinu gogorrak» plazaratuko ditu. Horietaz aparte, makina bat sortzaile bilduko dituzte.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.blueshondarribia.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.