Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak gogoratu duenez, «hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz» abiarazi zen Geuretik Sortuak asmoa. Baita eredu propio bat eskaintzeko eta historiari heltzeko ere: «Bere historia kontatzen ez duen herria ez baita existitzen».
Hamarreko bitxia bildumak hamar ipuin dakartza, beste horrenbeste idazlek idatziak, Udalbiltzak agindutako egonaldian oinarrituta. Jon Abrili, esate baterako, Atharratze (Zuberoa) egokitu zitzaion, eta «benetako pribilegioa» izan dela nabarmendu du: «Baldintza berezietan egin dut lan, bertako jende aunitz elkarrizketatu dut, eta istoriorako zinez eragingarria izan da». Abrilek herri txikien husteari heldu dio Odolustu ipuinean, eta Atharratzera joan aurretik ere bazerabilen gaia gogoan.
Idoia Etxeberria Elortzak ere herri txikietako kontuei heldu die bere lanean (Bai, koanto!); ez, ordea, hangoen jatortasuna loriatzeko asmoz, «barrua mugitzen duten istorio ilunen bila» baizik. Etxeberria Ahotsak.eus proiektuan aritzen da lanean, eta harako metodologia baliatu zuen jendeen esanak biltzeko. Alabaina, aitortu du kontu garrantzitsuenak tabernan eta off the record-ekoetan ikasi dituela, kamera piztutakoan baino gehiago. Astebete eman zuen Ataunen (Gipuzkoa), eta beste astebete Zaldibian (Gipuzkoa), eta epealdi hori agertu du ipuinean.
Maite Aizpurua Olaizolak antzerki mundutik egin du jauzi literaturara. «Etxea teilatutik hasteko ohitura» duela esan du, eta horregatik aurkeztu zela bekara: «Hain zuzen, idazteak beldurra ematen zidalako». Aizpuruak disidentzia sexualari heldu nahi izan dio, eta zehazki, «heteroarautik kanpo gelditzen diren errealitateak eta herri txikietako deserrotzea» lotu ditu. Larraunera eta Betelura (Nafarroa Garaia) joan aurretik, soslai jakin bat zuen gogoan: «Nerabezarotik helduarorako iraganbide horri buruz idatzi nahi nuela eta, gazteekin konektatuko nuela uste nuen, baina horra, neskazaharrez betetako bailara ederrak aurkitu nituen». Begirada aldatu behar izan du, beraz, eta eguneroko gauzei, naturari, harremanei eta denboraren joanari jarri die arreta.
Uste gabeko muga
Ainhoa Urien Telletxek mugaz idazteko gogoa agertu zuen, eta sorpresa hartu zuen Goi Erriberara (Nafarroa Garaia) igorri zutenean. Mendabian, Lodosan, Zesman, Andosillan eta Sartagudan barrena ibili da, Mapa ez da lurraldea ipuinerako inspirazio bila. Paisaia aldaketari garrantzi handia eman dio, horren arabera aldatzen delako bizimodua: «Zona hori lurrari lotua da oso, eta prekaritate handia dago». Pozik agertu da, «Euskal Herri hegemonikotik kanpoko beste Euskal Herria» ezagutzeko parada eman diolako bekak. Halaber, esker ona erakutsi nahi izan die hango euskaltzaleei, prozesuan emandako laguntzagatik, eta meritua ere aitortu die: «Han ez delako erraza euskaraz bizitzea». Udalbiltzari ere egin dio aipamena: «Beken mundua oso perbertsoa da, eta Geuretik Sortuak oso duina da, ekonomikoki, publikazioaren aldetik eta ematen zaigun arretagatik».
Saioa Alkaiza Guallarrek (Arrazoiak), Maddi Arozenak (Gollebarren erroak luze), Lutxo Egiak (Lisboako lausoa) Edorta Jimenezek (Alkolean), Maitane Perezek (Piztiak esnatzen direnean) eta Gaizka Sarasolak (Desagertzen) osatu dute hamarrekoa, Berriatuan (Bizkaia), Ziortza-Bolibarren (Bizkaia), Seguran (Gipuzkoa), Zaldibia-Ataunen (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa), Ajangiz-Errigoiti-Muxikan (Bizkaia) eta Larrabetzun (Bizkaia) egonda, hurrenez hurren.
Ostegunean, bigarren faseari ekingo dio Udalbiltzak, eta Geuretik Sortuak bekari esker lau diziplinatan (komikia, zinema, literatura eta antzerkia) plazaratutako lanak herriz herri erakutsi. Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak azaldu duenez, «zirkuitu nazional bat eratzea» da helbururik behinena. Bigarren faseari dagokion agenda webgunean eta sare sozialetan zabalduko dute.