Antzerkia

Hamar euskal konpainia atzerriko sei jaialdi eta antzokitan arituko dira

Abuztuan eta irailean izango dira, besteak beste, Herrialde Katalanetan, Eskozian eta Kolonbian, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Maite Guevara, Trapu Zaharra eta Led Silhouette izango dira konpainia horietako batzuk.

Rojo Telon konpainiaren 'Transir' antzezlanaren emanaldi bat. ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Rojo Telon konpainiaren 'Transir' antzezlanaren emanaldi bat. ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
2024ko abuztuaren 2a
13:00
Entzun

Sei herrialdetako sei jaialdi eta antzokitan egingo dituzte emanaldiak hamar euskal konpainiak. Abuztuan eta irailean , Herrialde Katalanetan, Frantzian, Alemanian, Danimarkan, Eskozian eta Kolonbian izango dira, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. «Euskal arte eszenikoen aberastasuna eta sormena erakustea» da egitasmoaren xedea.

Danimarkako Passage Festival jaialdia izan zen lehen geldialdia, atzo. Barre Taldea konpainiak Nao-Now-Nau emanaldia aurkeztu zuen; zirku garaikideko ikuskizun moduan, arrantzaleei eginiko omenaldia. Rojo Telon taldeak, berriz, eraldaketa, aldaketa, bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketa antzeztu zuen Transir lanean. Gaur ere izango dira oholtza gainean.

Hurrengo asteartetik igandera bitarte, Macarena Recuerda Shepherden The Watching Machine emanaldia hartuko du Eskoziako dantza zentro nazionalak, Edinburgoko Fringe jaialdia dela eta. Ilusionismoari buruzko trilogia baten bigarren pieza aurkeztuko du egileak, eta, argiarekin eta itzalekin jolastuz, ilusio optikoak ditu ardatz antzezlanak.

Libourneko (Frantzia) Fest'Arts-en 33. aldiak Lokke eta Qaballum konpainien emanaldiak antolatu ditu. Lokkek Doppelgänger obra aurkeztuko du, ordezkoaren eta denboraren eraldaketaren ideiarekin jolasten den espazio ezohikoetarako prestatutako pieza ibiltaria. Qaballumek, berriz, La medida que nos ha de dividir lana taularatuko du; etorkizuna irudikatzeko ariketa gisa sortzen den dantza ikuskizuna. Bi konpainiek hurrengo larunbatean aurkeztuko dituzte beren obrak.

Hilaren bukaeran, Macarena Recuerda Shepher izango da berriz; Dusseldorfeko (Alemania) Internationale Tanzmesse NRW jaialdian arituko da. AY!YA! familiei zuzendutako pieza bat da, non, «errealitatea aztertzeko, ilusionismoa eta ikusmen pertzepzioa uztartzen dituen». Hileko azken astean, gainera, Basque Performing Arts standean ekitaldi horretako euskal eszenako hainbat profesional arituko dira lanean, Etxepare Euskal Institutuko ordezkariekin batera.

Herrialde Katalanetan ere izango dira Euskal Herriko konpainia batzuk; Lleidako Fira de Teatre al Carrer azokan, zehazki. Irailaren 5etik 8ra Mama Crea, Trapu Zaharra eta Maite Guevara konpainiak izango dira eszenatoki gainean. Mama Creak «burua eta gorputza zaintzeari buruz hausnartzera» gonbidatzen du ikuslea, Desiderata antzezlanean. Trapu Zaharrak-en Dale, Ramón! ikuskizunean, umorea eta kritika soziala izango dira ardatz. Maite Guevarak Susto! emango du; prekaritatean beldurra eta biziraupena aztertzen dituen komedia bat da.

Itsasoaz bestalde

Euskal konpainiek itsasoaz bestaldeko oholtza batzuk ere hartuko dituzte. Atlantikoa zeharkatuko dute, Bogotako (Kolonbia) Euskal Leihoa ekitaldian parte hartzeko. Hurrengo ostegunean, Alos Quartet taldeak 25 urteko ibilbidea ospatzeko kontzertu bat emango du, bere lan esanguratsuenekin. Led Silhouettek, berriz, Los Perros antzezlana aurkeztuko du, zaurgarritasuna eta erresistentzia gaiak oinarri hartuta.

Julio Mario Santo Domingo antzokian izango dira bi konpainia horiek, baina ez dira lehen euskal artistak izango. Kukai, Kulunka Teatro eta Tanttaka Teatroa konpainiak oholtza hartatik pasatu izan dira lehenago, Euskal Leihoa ekitaldiak Euskal Herriko sorkuntza artistikoa deskubritzeko aukera eskaintzea izan baitu beti helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.