Hamar euskal antzezlan erakutsiko dituzte Azpeitiko 38. topaketetan

Gaur ekingo diete emanaldiei Soreasu antzokian, pandemiagatiko segurtasun neurriak areagotuta. Azaroaren 20ra arte, denetariko obrak izango dira ikusgai, erabateko estreinaldi bat ere bai tartean

Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra antzezlaneko irudi bat. KULTURAZ.
Ainhoa Sarasola.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euskal antzerkiaren erakusleiho nabarmenetako bat izan ohi da Azpeitia (Gipuzkoa) urtero. 38. aldia dute aurten Euskal Antzerki Topaketek, eta, pandemiak maila guztietan egoera zaildu badu ere, ekitaldiari eustea erabaki du Udalak. Gaur ekingo diote programazioari, eta, azaroaren 20ra bitarte, euskarazko hamar ekoizpen erakutsiko dituzte, tartean, erabateko estreinaldi bat. Hori bai, segurtasun neurriak areagotuta.

Udalak argi zuen, «ahal zen neurrian», aurrera egin beharra zegoela topaketekin, Eneritz Albizu Kultura zinegotziak BERRIAri azaldu dionez. «Krisi honek, beste sektore batzuk bezala, asko kolpatu du kultura. Eta une honetan, inoiz baino gehiago, bultzada behar dute sortzaileek, kultur langileek eta zaleek». Kultur ekitaldiak segurtasunez egitea posible dela gehitu du, eta epe luzera begiratzeko beharra nabarmendu. «Etorkizunera begira, ez baditugu orain gure kultura eta sortzaileak zaintzen, euskal kulturak kolokan geratzeko arriskua dauka, eta herri honek eta euskarak beharrezkoa dute kultur adierazpena. Guk apustu argia egin nahi izan dugu, segurtasun neurri denak hartuta, topaketei eusteko».

Hainbat eskaerari erantzunez, aurten moldaketa batzuk egitea aurrez erabakia zuten antolatzaileek, hala nola helduentzako saioak 19:30era aurreratzea, eta haurrei begirakoak igandetik larunbatera aldatzea. Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriaren eta pandemiaren bilakaeraren ondorioz, hala ere, beste hainbat moldaketa egin dituzte. Aretoen edukierari dagozkienak, tartean. Dekretuak gehienezko edukiera erdira mugatu badu ere, %30eraino murriztea erabaki dute, segurtasuna are gehiago zaintzeko. Iazko dinamikari jarraipena emanez, hasieran Dinamoa sormen guneak hartu behar zituen formatu txikiko ostegunetako saioak, baina Soreasu antzokian izango dira azkenean, beste emanaldi guztiak bezalaxe. 600 eserleku ditu antzokiak; egunotan, ordea, 160 lagun hartuko ditu saio bakoitzean.

Denetariko obrak bildu dituzte programazioan; dramak, komediak, adin guztietako ikusleei begirakoak... «Urtero bezala, maila handiko lanak aurkeztu dira, eta ohorea da guretzat». 11 lan programatu zituzten hasieran, baina hamar izango dira azkenean. Eromen Produkzioak zen azaroaren 15ean azken emanaldia egitekoa, Guateke obrarekin, baina oholtzan hogeitik gora lagun biltzen ditu, eta, konpainiak berak proposatuta, saioa atzeratzea eta aurrerago programatzea erabaki dute.

Ttak Teatroaren eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska antzezlanak emango die hasiera topaketei, gaur iluntzean. Aurkikuntza baten aurrean dauden bi zientzialari dira Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga obra horretan, eta, umorez, ezustekoz betetako bidaia bat egingo dute. Bihar, berriz, Erlauntza (Vaiven Produkzioak) komedia mikatzeko aktore taldea igoko da oholtzara. Eta astebururako beste bi obra programatu dituzte: larunbaterako, ATX Teatroaren Kaskarot, eta iganderako, berriz, Xake Produkzioak-en Fadoak entzuten zituen gizona.

Egonaldien fruituak

Datorren astean, azaroaren 5ean, Tripak kolektiboak Urruna taularatuko du. Eta erabateko estreinaldi bat ikusi ahal izango da hurrengo egunean: Bonbon Beltz konpainiaren Lana eta xaharretaz. Soreasun bertan aritu zen lana prestatzen taldea, euskal antzerki sorkuntza sustatzeko egonaldi programaren bultzadaz. Albizu: «Aspalditik dugun filosofia da, sortzaileak beren lanak aurkezteko oholtzan jartzeaz gain, horren atzetik dagoen prozesuan ere bidelagun izatea eta baliabideak ematea». Adinekoak eta zaintza lanak ditu hizpide obrak, eta txotxongiloak eta antzerkia uztartzen ditu. Hurrengo egunean, larunbatez, Marie de Jongh konpainiak Ikimilikiliklik haur zein helduentzako obra emango du.

Egutegian beste aste bat aurrera eginda, azken hiru obrak ageri dira egitarauan. Azaroaren 12an, ostegunez, Jon Ander Urrestik Tribiz, baserri galdue erakutsiko du. Eta, ostiralean, Antigone edo ezetzaren garrantzia Horman Poster taldeak. Azken horrek ere izan du egonaldi programaren bultzada, eta, Bilboko Arriaga antzokian eginiko estreinaldiaren ondotik, bigarren emanaldia izango du.

Asteburu horretako emanaldia izango da 38. topaketetako azkena: Pinocchio haur zein helduentzako lana erakutsiko du Gorakada Teatroak, larunbatean.

Saio bakoitzaren ondotik, ikusleek obrak baloratu ahalko dituzte, eta puntu gehien biltzen dituen lanak saria jasoko du. Azaroaren 20an izango da sari banaketa ekitaldia, topaketak ixteko. Bestalde, Joxe Aranbururi «aitortza txiki bat» egingo diote topaketen barruan, antzerkiaren munduan udalerrian egindako lanagatik.

Sarrerak aurrez erosteko deia egin zuen udalak, eta saioren baterako amaitu dira jada. Edonola ere, neurri berrien ondorioz, azpeitiarrek baino ezingo dute joan emanaldietara. Hala, sarrera erosi eta beste herrietatik joan ezin direnei dirua itzuliko diete —udalarekin harremanetan jarri beharko dute—. Beste saio batzuetarako badira oraindik eserleku libreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.