Hamar artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoaren VI. Sarietan

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu dituzte aurten, Barakaldoko BECen eginiko galan

Musika Bulegoak Barakaldoko BEC erakustazokan egin zuen sariak emateko ekitaldia, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak Barakaldoko BEC erakustazokan eginiko galan banatu zituen seigarrenez bere sariak, atzo arratsaldean, berriro ere aurrez aurre. Sektoreko ehun profesional inguru bildu ziren ekitaldian, baita instituzioetako ordezkariak ere, eta sarituek horien guztien aurrean jaso zituzten garaikurrak. Ehun proposamen baino gehiagoren artetik, hamar artista eta talderen ibilbideari egin dio aitortza Musika Bulegoak: Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu ditu aurten.

Elkarteak azaldu duenez, euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutarazi eta bultzatzea, eta erakusleiho izatea dute helburu sariek. Nabarmendu dutenez, aurtengo proposamenen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru. Eta horien guztien artetik, sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak saritutako artista eta taldeetako zortzi hautatu zituen. Halaber, Zukan Triok Etxepare institutuaren Musika saria eskuratu zuen, euskal musika Euskal Herriko mugetatik harago zabaltzeko egindako lanagatik. Bederatzi sarituek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistaren eskultura jaso zituzten, eta hainbatek zuzeneko emanaldia ere egin zuten atzoko ekitaldian.

Azkenik, Musika Bulegoko zuzendaritza batzordeak sari berezia eman zion Motxila 21 taldeari, «bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako». Mikelarenaren eskultura jaso zuen talde horrek ere.

Musika Bulegoak gogorarazi zuen iazko urtea «bereziki zaila» izan zela sektorearentzat, baina baita «oparoa» ere euskal musikarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.