Hamar andre bizitzaren ifrentzuan

'Printzak begietan' ipuin liburua atera du Iratxe Ormatzak, Elkar argitaletxearekin. XX. mendea kontatu du, askotariko emakumeak gorpuztuta

Iratxe Ormatza, atzo, Donostian, liburua eskuetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
XX. mendean gertatu ziren aldaketei gorputza jarri die Iratxe Ormatzak (Bakio, Bizkaia, 1971) Printzak begietan ipuin liburuan: hamarkada bakoitza biziko duen Bilbo inguruko andrazko bat protagonista izanik. Alegoria kutsua ere badauka lanak, Ormatzak azaldu baitu historiak hamaika bariazio izanagatik ere zenbait alderdi ez direla «hainbeste» aldatu: pobreen zapalkuntza, euskararen gutxiespena edo emakumeak azpiratzea, adibidez. Antidotoa, baina, argi dauka idazleak: askatasun egarria, langileen elkartasuna eta emakumeen arteko ahizpatasuna. Elkar argitaletxeak plazaratu du.

Aspalditik izan du liburuaren ideia bueltaka buruan Ormatzak: «Argi nuen ipuin bilduma bat egin nahia; gaia falta zitzaidan. Halako batean, otu zitzaidan XX. mendeko hamarkada bakoitzean ipuin bat girotzea eta sortzea. Interesgarria iruditu zitzaidan, nik halako liburu bat irakurriko nukeelako, eta idaztea erabaki nuen». Toni Morrison idazle afroamerikarraren hitzak aipatu ditu hori azaltzeko: «Hark zioen liburu bat irakurri nahi baduzu eta idatzita ez badago, zuk zeuk idazteko; beraz, hori egin dut». Ipuinak solteak dira, eta ez dira pertsonaiak batetik bestera pasatzen, ez dago barnean besteen erreferentziarik.

Ideia sortu zitzaionetik, azal eta kontrazal artera ekarri arte igarotako denborari ere eman nahi izan dio tartea: «Denbora behar da ideia sustraitzeko: habia egin behar du zure barruan; eta udazkenarekin hasi nintzen idazten».

Istorio batzuk berez etorri zitzaizkiola aitortu du, atzendu gabe girotze lana: «Dokumentazio lana egin ahala joan naiz idazten, batzuetan berriro zuzenduz, borobilduz eta aldatuz». Beste ipuin batzuekin, ordea, dokumentazio lanarekin aurkitu ditu tira egiteko egoera interesgarriak.

Askotariko emakumeak bildu nahi izan dituen arren, denak dira euskaldunak eta Bilbo ingurukoak. Hamarkada bakoitzak izan duen egoera politiko, sozial, kultural eta linguistikoa aintzat hartuta eraiki ditu denak: «Galdera batzuen inguruan; zer egiten zuen pertsonaiak, zer pentsatzen zuen, eta zer sentitzen zuen».

Andrazko denak irudikatu ditu lagun bat alboan: «Denok dauzkagu lagunak, eta uste dut oso inportanteak direla; batzuk hilabete egon litezke norbaiten bizitzan, eta beste batzuetan hamarkada oso bat ala gehiago».

Emakumeek duten desberdintasun nabariena klasea da. Batzuk dirudunak dira, burgesak; beste batzuk langile klasekoak; pobreak; eta «lunpenak» ere badaude. Adinez gazteak eta helduak dira gehienak: «Gazteenak 18-20 urte ingurukoak dira; denak, 40 urterainoko emakumeak».

Hamarkada bakoitzak erabaki du nor zen protagonista. Idazleak esan du hamarkada «zehatzaren» giroa ondo islatzeko kokatu dituela mota batekoak ala bestekoak: «Bizitzari begira kokapen ezberdin bat dauka bakoitzak. Gazteenak, adibidez, bizi egiten du hitzaren esanahi osoarekin hamarkada hori; beste asko inertziaz bizi dira».

Ipuin bakoitzak bere titulua dauka, eta azpian data bat: urtea zehazteaz gain, urtaroa ere markatzen du horrek, xehetasunen berri emanez: «Nolako janzkera izango duen, nolako eguraldia egiten duen irudikatzeko; baina batez ere, ez delako kontakizun bera udan ala neguan gertatzen. Aukeraketa hori ipuin liburua egin duen modu berean garatu dut, intuitiboki. Oso senak esanda, sentsazio bati jarraika».

«Hamarkada bat asko da»

Hamar urte asko direla iruditzen zaio Ormatzari, eta irakurlea gal ez dadin ere ipini du data: «Ez dira zintzilik gelditzen diren istorioak: oso ondo ainguratuta daude denbora tarte jakin batean, eta geografikoki ere bai».

Bi iturritatik edan du: dokumentaziotik eta asmamenetik. Hasieran, Iñigo Aranbarriren Gure mendea aztertu zuen (Argia, 2000): «Kontatzen du urtez urte zer gertatu zen Euskal Herrian, eta horrek lehenengo begirada eman zidan jakiteko nondik nora jo. Interneten ere topatu ditut unibertsitateko tesiak, eta Bilboko liburutegian denbora luzez aritu naiz. Euskaldunon Egunkaria-ren hemeroteka ere baliagarria izan zait».

Hamarkada denetan egon da Ormatza harrapatuko zuen «zerbait». Pertsonaiek eraman dute horretara, eta haien bizitzan sartzeko lizentzia hartu du: «Denek dute izaera berezia. Diferente sentitu ditut nik. Batzuei une gogorrei aurre egitea kostatu zaie; beste batzuei, ez».

1980ko hamarkadako protagonista den neska, adibidez, medikuntza ikaslea da; baina badira bi aldiz ezkondu eta amak direnak ere. Nahiz eta adin bertsukoak izan, bizitzaren ibilbide desberdinetan daude denak.

«Euskaratik idaztea»

Kontakizunak egiteko beharra ere nabarmendu du Ormatzak: «Interesgarria eta polita da jasotzea zer pasatu den; gure historia jasotzeko modu ona da fikzioa, baita geure buruari begiratzeko, gizarteari begiratzeko eta atzera begiratzeko ere. Inportantea da, gainera, hori egitea euskaratik eta Euskal Herritik».

Eider Rodriguez idazleak Euskadi saria irabazi zuenean esan zituen hitzak ekarri ditu gogora: «'Idatzi dugu, idazten dugu eta idatziko dugu, idatzi ez gaitzaten'. Esaldi hori beharrezkoa da gogoan izatea. Idazten segi dezagun: eta hori Euskal Herritik eta euskaratik egitea ezinbestekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.