Datorren hilean abiatuko da 2025eko Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa. Zortzigarren aldia izango du aurtengoa, eta hainbat berritasun izango ditu. 2018az geroztik txapelketa formatua hartu du, eta aurten ere hala izango da. Otsailaren 28an jokatuko da lehen finalaurrekoa, Narbaizan. Eta finala, berriz, apirilaren 5ean, Gasteizen. Baina lehia hasi aurretik, 2014an eta 2016an izan zuen topaketa eredua berreskuratu dute antolatzaileek. Hala, txapelketan abesteaz gain, talde bakoitzak Kuadrillako Bertso Eguna antolatuko du bere herri edo eskualdean. Hilabetez luzatuko da bertso egunen garaia; datorren asteazkenean hasi eta otsailaren 22ra bitartean. Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa, Gasteizen, eta bertan izan dira parte hartzaileetako asko eta asko.
«Izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian» dago oinarrituta Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa, eta bertso eskolek eta Arabako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute. 2010ean abiatu zen lehen aldiz, eta geroztik bi urtean behin antolatu dute. Egitasmoaren sorkuntza bera mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Izan ere, bertsoaren inguruan Araban eraikitako mugimendua saretzen ahalegindu dira Kuadrillen Arteko Txapelketa bakoitzean. Eta aurten ere bide beretik jarraitu nahi dute antolatzaileek.
Guztira hamalau taldek hartuko dute parte aurtengo txapelketan, eta Arabako zazpi eskualde egongo dira ordezkatuta. Gasteizko lau talde eta Gorbeialdeko beste lau ez ezik, Aiaraldeko, Arabako Errioxako, Mendialdeko, Trebiñuko, Añanako eta Lautadako taldeak ere arituko dira kantuan.
Taldeen eraketari dagokionez, talde bakoitzak hamabi partaide izango ditu gehienez, eta bederatzi gutxienez. Horietatik guztietatik hiru eta sei bitartean izango dira oholtzara kantura irtengo direnak. Taldeko gainerako partaideek beste funtzio batzuk beteko dituzte; besteak beste, gai jartzailea, epailea, audio grabatzailea, kronikagilea edo argazkilaria. Guztira 76 lagun igoko dira oholtzara bertso kantura, 17 lagunek egingo dituzte epaile lanak, 21 lagunek gai jartzaile lanak, eta beste hainbat eta hainbat arituko dira laguntzaile lanetan.
Bi helduleku
Txapelketak bi helduleku izango ditu. Batetik, ohiko lehia izango da. Lau finalaurreko jokatuko dira lehendabizi: otsailaren 28an, Narbaizan; martxoaren 9an, Aramaion; martxoaren 15ean, Amurrion, eta martxoaren 23an, Gillernan. Finala, berriz, apirilaren 5ean jokatuko da, Gasteizen.
Bestetik, txapelketa bera hasi aurretik, antolakuntzak 2014ko eta 2016ko formatua ekarri nahi izan du aurtengo txapelketara. Hortaz, lehiaz gain, bertso egunak ere antolatuko dira. Datorren asteazkenean izango da horietako lehena, hilaren 22an, Oionen. Ondorengo herri hauetan antolatuko dira gainerako egitasmoak: Gasteizen —lau egingo dira bertan—, Aretan, Aramaion —bi egingo dira bertan—, Legution, Izarran, Agurainen, Kuartangon, Lurkoi-Elortzan eta Argantzonen.