Hamalau heriotzena sorta ezagunaren jatorrizko bertsopaperaren kopia bat aurkitu dute Modesto eta Bertol Arrieta aita-seme zarauztarrek Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan, egiten ari den ikerketa baterako lanean ari zirela. 1826an Tolosako (Gipuzkoa) «D. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian» inprimatua zen jatorrizko bertsopapera, orrietako baten barrenean irakur daitekeenez. «Ezagutzen ditugun garai horretako bertsopaper gehienak (guztiak ez badira) gabon kantak dira, eta, horregatik, aurkikuntza garrantzitsua dela uste dugu», adierazi dute ikerlariek.
Bertso sorta oso ezaguna da Hamalau heriotzena. Jose Larrañaga izeneko Mendaroko (Gipuzkoa) semeak egindako hilketa lazgarriak ditu kontagai, lehen pertsonan. Jesus Maria Leizaolak 1808-1814 en la poesía popular vasca liburuan 1965ean egindako argitalpena zen orain artean ezagutzen zen idatzizko bertsio zaharrena; orduko ortografia garaira egokituta eta izenak ezkutatuta eman zuen argitara Leizaolak. Gero, 1983an, Joseba Lakarrak, Koldo Bigurik eta Blanca Urgellek jaso zuten aldaera hori Euskal baladak: antologia eta azterketa liburuan.
Julen Lekuonak kantatu eta grabatu egin zituen bertsoak, Xabier Lete eta Antton Valverderekin batera kaleratutako Bertso zaharrak diskoan (Herri Gogoa-Edigsa, 1974). Geroago, Morau kantariak egin zuen bere bertsioa, Amodio domestikoa diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2000).
Bonapartek jasotakoa
Baina bertsopaper horren jatorrizko kopiarik ez da egundo argitaratu, Modesto eta Bertol Arrietaren ustez bederen. «Bertsopaper hori Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso eta Londresen zeukan liburutegi pertsonalean gordeta egon zen, haren alargunak Chicagoko Newberry Libraryri saldu arte (1900. urte inguruan)», azaldu dute. «Gero, 1980. urte inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen, ikertzaile guztien eskuragarri egon zedin. Kontsultak errazteko, bertsopaper horien kopiak egin zituen paperean. Guri horien kopia bat iritsi zaigu». Ikerlanean jarraitzeko, informazio osagarria izan dezaketen guztiei laguntzeko deia zabaldu diete Arrieta aita-semeek.
'Hamalau heriotzena', jatorrizkoan bezalaxe
1826an argitaratutako bertsopaperaren kopia bat aurkitu dute Modesto eta Bertol Arrietak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu