2017an, Jakinek Joseba Intxaustiren lan digitalizatuak aurkeztu zituenean, Paulo Agirrebaltzategik haren kultur eragiletzarako gaitasuna nabarmendu zuen. Hamaika proiekturen abiaburu zein babesle izan zenaren hamar egitasmo nagusi aipatu zituen:
Jakin-en birfundazioa. Intxausti Bartzelonatik Euskal Herrira itzuli zenean, 1970ean, Jakin aldizkaria debekatuta zegoen, eta taldea sakabanatuta. Joxe Azurmendi Alemanian zegoen, eta Joan Mari Torrealdai Frantzian. Taldea berriro lotu, kide berriak inguratu, eta abian jarri zuen. Tolosako (Gipuzkoa) frantziskotarren etxean bulego bat ezarri zuen horretarako.
Anaitasuna aldizkaria. Krisian sartu zenean, Jakin taldeari eskatu zioten laguntza krisialdia gainditzeko. Intxaustik erronka onartu, berriro martxan jarri, eta zuzendaritza hartu zuen, 1973. eta 1974. urteetan, Torrealdaik kargu hori hartu zuen arte.
Unibertsitario taldeak. Unibertsitario euskaldunak biltzen, mintegi bidez koordinatzen eta animatzen saiatu zen.
UEU Udako Euskal Unibertsitatea. Manex Goihenetxeren zuzendaritzapean, bertako Historia sailaren zuzendari eta irakasle aritu zen Intxausti, 1973tik.
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa. Euskalgintzako historian, euskararen corpusa lantzeko sortu zen lehen enpresa, 1977an. Hango zuzendari izan zen lehen bost urteetan Intxausti, eta bertako langile beste bost urtez.
Euskal Hitz. Jaurlaritzak hala eskatuta, ikus-entzunezko metodoen bitartez euskararen historia ezagutarazteko egitasmoa diseinatu zuen. Hainbat herritan erakutsi ziren proiektu horren barruan prestatutako erakusketa.
Joanes Etxeberri egitasmoa. Euskaltzaindiaren babesean, euskararen historia soziala aztertzeko proiektua. Intxaustik diseinatu eta gidatu zuen lehen urteetan.
Lankidetza obrak. Hainbat obra kolektibo zuzendu, kudeatu eta editatu ditu Intxaustik. Esaterako, Lur eta gizon: Euskal Herria; Euskal Herria entziklopedia; Arantzazu. Euskal santutegi bat XX. mendean; eta beste hainbat.
Kulturarako Euskal Fundazioa. Juan Zelaia enpresariaren eskutik sortutako proiektua. Hango idazkaria izan zen Intxausti sorrera beretik, 2016ra arte. Hainbat lanen sustatzaile izan zen handik.
Bidegileak proiektua. Egitasmoaren asmatzaile eta diseinatzailea eta, hasiera urteetan, zuzendaria izan zen. Euskalgintzan, euskal kulturgintzan nabarmendu diren pertsonen biografia laburrak egitea zuen helburu. Lehen hamahiruak Intxaustik berak egin zituen.
HAMAIKA PROIEKTU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu