'Hamaika pauso' 400 bat lagunek irakurriko dute osorik jendaurrean

Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu lehen lerroak hilaren 16an Arriaga antzokian egingo duten ekitaldian

Jon Juaristi, Pedro Alberdi eta Arantxa Urretabizkaia, atzo, Bilbo Zaharra Forumeko hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Pedro Agerre Axular-en Gero izan zen aurrena, Juan Antonio Mogelen Peru Abarka ondoren, eta Jon Miranderen Haur besoetakoa iaz. Gaurko egunetara etorrita, Ramon Saizarbitoriaren (Donostia, 1944) txanda izango da aurten. Hamaika pauso nobelaren (Erein, 1995) irakurketa jarraitua egingo dute heldu den ostegunean Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta.

400 lagun inguruk pasatuko dituzte Saizarbitoriaren liburuko orriak, hamabi orduz segidan, 08:00etatik 20:00etara. Hitzez hitz leituko dute, lerrorik lerro, hasi eta buka. Jendaurrean, ozen.

Ramon Saizarbitoriak berak emango dio hasiera irakurraldiari. Eta ondoren hartuko dute lekukoa jatorri, estilo eta adin desberdineko jendeek. Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak tartean. Baina idazleek, sindikalistek, musikariek, kazetariek, euskaltzainek, abokatuek, euskaltegiko ikasleek, aktoreek, kirolariek, ekonomistek eta ostalariek ere hartuko dute parte. Antzoki barruan ariko diren arren, kanpotik ere ikusi ahal izango da ekitaldia, Arriagako plazan jarriko duten pantailaren bidez.

Aurten lehendabizikoz bizirik den egile baten obra aukeratu dute. Alabaina, egungo autorea izanagatik bere lanak klasiko bihurtu direla uste du Pedro Alberdi ekimenaren antolatzaileak. «Iazkoaren balorazioa egitean esaten genuen arinago edo beranduago bizirik dauden autoreei heldu beharko geniela. Eta Saizarbitoriak badu kutsu eta irudi klasiko bat. Horretaz gain, guztiz enamoratuta gaude Hamaika pauso-rekin».

Iazko hitzaldiak, liburu batean

Alberdik esan duenez, Bilbo Zaharra euskaltegiaren ikasturte amaierako jaiari «beste zerbait eransteko helburuz» antolatu zuten, duela lau urte, I. Klasikoen Irakurraldia. Irakurketaren ideia otu zitzaion Alberdiri, Madrilen egiten duten On Kixote-ren irakurketari «inbidiaz» begiratzen baitzion. Irakurketaren aurretik hitzaldi zikloa ere egiten dute. Eta Haur besoetakoa-z iaz hainbatek emandako hitzaldiak liburu batean bilduta kaleratu dituzte orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.