Bizitza oso bat darama Manex Pagolak kantuari emana (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1941), eta horren lekuko diren bi liburu argitaratu berri ditu Elkar argitaletxearekin, elkarren osagarri direnak. Manex Pagola. Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015) liburuan euskal kantuan nola eta zergatik hasi zen azaldu du, abesti berri bat sortzeko zer egiten duen; eta lan zama handiena izan dena, bere ehun bat kanturen istorioak bildu ditu. Pagolaren 20 kantu biltzen dituen diskoreakin dator argitalpena.
Jo Maris musikariarekin sortu du beste liburua, Manex Pagola. 100 kantu. Horretan, ehun abestiri partiturak jarri dizkiote.Kanta horiek guztiak eskuragai jarri dituzte, dohainik, EKE Euskal Kultur Erakundearen web orrian.
Asko dira liburuaren nondik norakoak. «Lehenik, hizpide dut nola hasi nintzen euskal kantuan, eta, ondoren, kantu bat nola sortzen dudan. Abesti bakoitzaren istorioa ere idatzi dut, zein zen garaiko egoera soziala eta politikoa». Hala deskribatu du Pagolak liburua.
Zehazki, azaldu du nola sortu zitzaion musikarako grina: «Etxeko ostatuari eta, bereziki, elizari esker hasi nintzen kantuan». Elizako kanta asko «altxor bat» direla uste du, eta beti gustatu izan zaizkio hor abesten zituzten euskal kantuak. Gaztea zelarik ere bistakoa zen frantsesez bazirela musikari eta abesti gehiago euskaraz baino.
Horregatik, besteak beste, beti produzitu du musika euskaraz, argitaratu duen liburua bezalaxe: «Dena idatzi dut euskaraz, gure hizkuntza delako, eta jendeari erakusteko ez duela beldurrik izan behar euskaraz idazteko». Pagola zinez konbentzitua dago ale asko salduko dituela liburuak: «Jendea goiz ernatuko da bat lortzeko», dio irribarrez.
Garrantzia ematen dio kantuak sortzearen bideari, eta Pagolak teknika propioak ditu: «Lehenik batek barnean pentsatzen ditu, isiltasuna sortu bere baitan, daukanarekin saiatu, horrela zati batzuk ateratzen dira, eta hitzak ateratzen dira aldi berean».Kantak sortzea nekeza da Pagolarentzat, baina gogo-betekoa ere bai: «Kantua amaitzean zein poza sentitzen dudan!». Bere egunerokoa musikaz josirik dago, loa kentzeraino: «Burua kantaz betea dut. Joaten naizela 11etan edo goizeko ordu bietan ohera, uzten ditut alde batera arazo guztiak, eta burua betetzen zait kantuz. Lanak ditut loak harrapatzen».
Liburuak daraman diskoa Pagolaren hitz eta musikarekin sortua da. Ez dira, preseski, argitalpen honetarako produzituak izan. Antologia bat da, Pagolak aurreko disko eta grabaketetan kantatutako abestiak berreskuratu baitituzte. «Bertan agertzen da nola kantatzen nuen», aipatu du Pagolak. «Hautaketa ederra» izan dela deritzo.
Istorioez eta kantuez harago, irudi bilketa bat dauka liburuak, Pagolaren ibilbidearen erakusgarri direnak. Izan ere, 70eko hamarkadatik hona esanguratsuak diren argazkiak berreskuratu dituzte, asko beste abeslari ospetsuen presentziarekin, hala nolaPatxika Erramuzpe, Benito Lertxundi edota bere emazte Martxelin Arbelbiderekin.
Manex Pagola. 100 Kantu liburuak notak ipini dizkie kantei.Pagola eta Jo Marisek osatu dute elkarlanean, baina Pagolak Marisi egozten dio lanik handiena. Maris euskal musikari bat da, 40 urte baino gehiagoko esperientzia duena. «Euskal kantuak gorde daitezen lan egin dut», aipatu du Marisek liburuari erreferentzia eginez.
Pagola berarekin kontaktuan jarri zen, eta hasierako proiektua bikoiztu egin da Marisek nabarmendu duenez: «Manex 50 bat kantarekin etorri zitzaidan, baina gero 70 ziren, gero 80, eta azkenean 100era heldu ginen». Hainbatetan elkartu ziren Marisen etxean, eta ordu anitz eman dituzte lana aurrera ateratzeko. «Pianoa erabiliz edo belarria jarriz melodiei notak ipintzen genizkien», Marisen esanetan. Bidenabar, bere kanta batzuk gehitu ditu liburuaren amaieran.
«Jo Marisek lan ederra egin du», Pagolaren ustetan. Berak deitu zuen zuzenean Maris, «emakume batek» haren lan baten inguruan idatzitako artikulu «itzel» bat irakurri zuenean. Partituren inguruan hausnartu du Pagolak: «Uste dut kantei notak jartzea ideia ona dela. Berari galdegin nion horretan laguntzeko. Bestela, belarritik ari bagara beti, kantuak hustu egin daitezke».
Eskerrez josirik
Lan hirukoitz hori duela urtebete inguru hasi zuten, eta badu bere arrazoia. Pagolak aipatu du bere alabak iradokita ekin ziola lanari. Hari eskerrak helarazi dizkio, baita beste askori ere, hala nola Marisi eta Elkar argitaletxeari.Horrez gain, herritarren garrantzia azpimarratu du: «Eskerrak eman nahi dizkiot ere idazten didan jendeari. Harreman anitz egin ditut, eta denek lagundu naute».
Gexan Alfarok Elkar argitaletxearen izenean adierazi du aspalditik zutela horrelako lan bat argitaratzeko gogoa: «Zinez Elkarrek nahi zituen liburuok atera Manexen omenez». Izan ere, Pagola gaztetatik engaiatu zen euskal kulturaren aldeko mugimenduetan, uste baitzuen argitaratu gabe geratzen zirela euskarazko lan asko. «Manex ameslaririk handiena zen».
Hamaika kanturen historian barrena
'Manex Pagola. Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015)' eta 'Manex Pagola. 100 kantu' liburuak argitaratu ditu kantugileak Elkarren eskutik.Ehun kanturi partiturak jarri dizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu