Hamabostaldiak 2019an baino publiko gutxiago bildu du aurten

Antolatzaileak pozik daude gaur amaituko den jaialdiarekin, eta publikoaren beherakada orokorrari egotzi diote entzuleen jaitsiera

Semion Bixkoven zuzendaritzapean, Txekiar Orkestra Filarmonikoak itxiko du gaur 83. Hamabostaldia. HAMABOSTALDIA.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gaur amaituko da Donostiako 83. Musika Hamabostaldia, Txekiar Orkestra Filarmonikoak Semion Bixkov zuzendariaren gidaritzapean emango duen bigarren kontzertuarekin, eta, orain artekoa kontuan hartuta, antolatzaileek jaialdiaren balantze positiboa egin dute, nahiz eta onartu duten publiko jaitsiera bat ere egon dela. Guztira, eserlekuen %74 bete dituzte entzuleek, 2019an baino gutxiago.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak eman du balorazioaren berri, eta, esan duenez, aurten, orotara, 28.200 pertsona bildu dituzte programako 75 ekitaldiek.

Espero zuten beherakada, baina jaitsaldi horretan ere izan dute sorpresarik. Kursaaleko emanaldietako ikusleak, esaterako, ez dira hain gutxi izan: %20 apalduko zirela espero zuten, baina 2018. eta 2019. urteekin alderatuta, %10ekoa bakarrik izan da beherakada.

Gainera, leihatilan bildu duten diru kopuruarekin gustura agertu da zuzendaria. Alfaya: «Aurreikuspen ekonomikoak espero baino hobeto joan dira, uste baino %40 gehiago bildu baitugu. 470.000 euro gordin ingurukoa zen aurrekontua, eta ia 670.000 euro gordin bildu ditugu».

Iaz ere antolatu zuten Hamabostaldia, baina 2019a hartu dute konparazioak egiteko erreferentziatzat, orduan izan baitzuten jaialdia eserleku guztiekin antolatzeko azken aukera. 942.000 euro gordin bildu zituzten orduan, eta aurten horrenbeste diru bildu ez badute ere, gustura agertu da emaitzarekin. Ildo horretatik, Alfayak esan du Kursaalean 2019an baino kontzertu gutxiago izan direla, eta horrek ere izan duela eragina kopuruetan; hain justu, emanaldi horiek izaten direlako diru gehien ematen dutenak.

Horrez gainera, aurten «arrisku bat» hartu dutela ere esan dute antolatzaileek: konpositore ez hain ezagunen obrak hautatu dituzte. Alfaya: «Bagenekien hain ezagunak ez diren konpositoreen lanak ekartzea ez zela ekonomikoki ona izango, baina saiatu egin behar da, eta publikoari gauza berriak eskaini behar dizkiogu».

Ez da erabaki puntuala izan, gainera. Alfayak azaldu duenez, ziklo batean baino gehiagotan egin dute konpositore ezezagunen aldeko apustua, baina uste du ondo atera dela, eta entzuleek emandako harrera ere eskertu du: «Honek beste gauza batzuk jorratzera animatzen gaitu, badakigulako publikoa ez dela kontserbadorea, eta publikoak estimulu horiei erantzutea pozgarria eta interesgarria dela iruditzen zaigu».

Txekia falta da oraindik .

Gaur amaituko da aurtengo egitaraua. Txekiar Orkestra Filarmokikoak 20:00etan eskainiko du kontzertua Kursaalean, eta hori izango da Hamabostaldiko azken saioa. Semion Bixkovek zuzenduko ditu gaur interpreteak, atzo ere Hamabostaldiko oholtzara igo ostean. Mahlerren 7. sinfonia interpretatu zuten atzo, eta bestelako programa bat prestatu dute gaurko.

Katia eta Marielle Labeque pianistekin izango da orkestra aretoan, eta, horiekin ez ezik, Evelina Dobraceva sopranoarekin, Lucie Hilscherova mezzoarekin, Ales Briscein tenorrarekin, Jan Martinik baxuarekin, Daniela Valtova Kosinova organistarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera ere arituko da orkestra.

Besteak beste, Antonin Dvorak eta Bohuslav Martinu egile bohemiarren obrak eskainiko dituzte, eta Leos Janacek konpositorearen Meza glagolitiko erraldoiarekin itxiko dute jaialdia. Alfayak onartu duenez, urteak eman ditu obra hori Hamabostaldian interpreta zedin saiatzen, «tematuta», eta aurten lortu du, azkenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.