Sei piezako egitaraua eskainiko du Trio Zukan taldeak gaur Donostiako Musika Hamabostaldian, Musika garaikidearen zikloan, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan, 19:30ean. Ahitu egin dira sarrera txartelak.
Konpositore hauen lanak joko dituzte: Maria Eugenia Luc (1958), Gabriel Erkoreka (1969), Zuriñe Fernandez Gerenabarrena (1965), Jose Maria Sanchez Verdu (1968), Francisco Dominguez (1993) eta Mikel Chamizo (1980).
Argazkian ageri diren gisan, Gorka Catedianok (perkusioa), Maria Zubimendik (akordeoia) eta Jon Ansorenak (txistua) osatzen dute Trio Zukan. Musikene eskolan ezagutu zuten elkar, Donostian. Gasteizko Bernaola musika jaialdian jo zuten lehentze jendaurrean, 2014an: David Cantalejo bilbotarraren Otxate pieza konplexua. Orain dela bi urte argitaratu zuten Soinuzko begiradak (Toma 1) diskoa, eta datorren urtean bigarrena argitaratuko dutela iragarri dio BERRIAri Jon Ansorena txistulariak (Hernani, Gipuzkoa, 1992).
Zuriñe Fernandez Gerenabarrena konpositorearen obra bat estreinatuko duzue gaur.
Harri, haize, harea izena du. Hiru hitz, hiru instrumenturentzat. Perkusioan entzun dezakegu harria; haizea, akordeoian eta txistuan; eta elektronika ere sartu du Zuriñek. Aldez aurretik grabatuak ditugu gaur entzungo diren elektronika pasarteak. 2020aren bukaeran eskatu genion obra sortzeko. Zenbait entsegu egin genituen, grabazio batzuk egin zituen Zuriñek, instrumentuekin probak eta esperimentuak guk... Idazteko hilabete batzuk hartu zituen, eta ondoren etorri da muntatzea eta dena doitzea.
Deskribatuko al zenuke?
Obra oso orekatua da. Efektu deigarriekin hasten da. Elektronika aurkezten du. Eta, hortik aurrera, obra bizia da. Atsedenerako zenbait tarte badira, baina bizia da gero. Fandango tankerako bat dauka barnean. Eta amaieran, festa giro horren ondoren, erlaxatzea dator. Hamar minutu eta 30 segundo ditu guztira.
Elektronikako pasarteekin batera joan beharra daukagu guk. Piezari malgutasuna emateko, grabazioa ez da hasieratik bukaeraraino pista bakarra izango; zortzi zatitan etenda dago, eta orduan zati horiek geuk abiatuko ditugu, behar den uneetan.
Sarrerak bukatu egin dira.
Musika garaikideko kontzertu batean sarrerak amaitzea ondo dago. Pozik gaude, gertuko jendeak etortzeko aukera daukalako; izan ere, gehienetan kanpoan jotzen dugu. Entsegu asko eginda gaude, baina jendaurrera agertzea, obra berri bat aurkeztea... Kontzertu baten aurretik beti edukitzen dugu tentsioa. Lankideak, bertako kritikariak, eta konpositoreetako batzuk ere badatoz. Presio hau gustatzen zaigu.
Sei obra joko dituzue. Zer iraupen izango du kontzertuak?
Luzeraz antzekoak dira sei obrak. Batez beste, hamar minutukoak. Programa gogorra da fisikoki. Entseguetan jabetu gara exijentzia handiko egitaraua dela. Atseden gutxiko sei obra direnez, ordubete musika, piezen aurkezpen laburrak, obrei buruzko zenbait gako..., ordu eta laurdeneko kontzertua izango da.
Txistua, akordeoia eta perkusioa dira Trio Zukanen tresna oinarrizkoak.
Gaurko kontzertuan hiru instrumentuentzako obrak izango dira, bai, denak. Baina, txistuarentzat eta akordeoiarentzat obra gutxi dagoenez, Gorkak xaxatuta, Maria eta biok perkusioen jokoan sartu izan gara batzuetan. Behin, beraiek ere erakarri nituen txistua jotzera, Jagoba Astiazaranek egindako obra batean. Gure tresna albo batera uztera egin izan dugu, baita instrumenturik gabe obrak jotzera ere. Kantuan egin dugu noizbait. Gaurko egitarauan ez da kanturik izango, baina errezitatua bai, Maialen Lujanbioren bertso baten gainean oinarrituta baitago Francisco Dominguezen Bertso izeneko obra, 2019koa.
Gaurko sei piezatatik lau propio Zukan taldearentzat konposatuak izan dira, ezta?
Bai. Maria Eugenia Lucen Begiratu, Chamizoren Lantz, Dominguezen Bertso eta Gerenabarrenaren Harri, haize, harea. Beste biak, ordea, bikotearentzat egindako obrak dira: Erkorekaren Haize-orratz eta Sanchez Verduren Zuria II.
Enkarguz eskatzen dizkiezue konpositoreei?
Hori da. Musikari bakoitzak bere estiloa duenez, horrek ekarri du Zukanek errepertorioa zabala eta anitza izatea. Hasi ginenetik 30 obra inguru egin dizkigute.
Aurten, adibidez, bost obra berri estreinatuak ditugu. Eta urtea bukatu aurretik, hamabost gehiago. Manisesen [Herrialde Katalanak] izango gara irailean, eta hiru emango ditugu: Luc, Brais Novoa eta Sanchez Verduren lan bana. Montrealen [Quebec] bi emango ditugu, urrian: Miguel Matamorosena da bat, eta musikari quebectar batena bestea. Cadizko [Espainia] musika garaikideko jaialdian, konposizio tailer batean, hamar emakumezkok pieza bana sortu du; lauzpabost minutukoak dira, eta azaroaren 20an hamar piezak joko ditugu Cadizen.
Eta bigarren diskoa, noiz?
Bigarren diskoa osatzeko grabazio batzuk eginda dauzkagu dagoeneko. 2022ko uztailean egingo ditugu grabazio gehiago, eta datorren urteko udazkenean argitaratuko da. Lehen diskoa guk atera genuen, baina bigarrena Granadako IBS Classical diskoetxeak plazaratuko du.
Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. Jon Ansorena. Musikaria
«Hamabost obra estreinatuko ditugu urtea bukatu aurretik»
Trio Zukan taldeko txistularia da Jon Ansorena. Musika Hamabostaldiko musika garaikidearen zikloan kontzertua egingo dute gaur. Zuriñe Fernandez Gerenabarrenaren obra bat mustuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu