Optika eta akustika ikasketak egin zituen Jose Antonio Loidi idazleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1916-Irun, Gipuzkoa, 1999), eta farmazia arloa izan zuen bizitza osoko ogibide. Botikarekin eta ur horniketarekin zerikusia zuten zenbait liburu idatzi zituen, baina Hamabost egun Urgainen izan zen haren fikziozko eleberri bakarra. Jon Alonso idazle eta itzultzaileak kontatu duenez, liburu hori «mugarri» izan zen euskarazko literaturan, eleberri beltza idazteko bidea ireki baitzien ondorengo autoreei. 1955ean argitaratu zuen Loidik berak liburuaren lehen edizioa, eta, ordutik, hamar bat berrargitalpen izan ditu. Aurten atera du Erein argitaletxeak azkena, gaur egungo irakurleek «arazorik gabe» irakur eta uler dezaten. Alonsok idatzi du hitzaurrea, eta Cristina Fernandez Blancok diseinatu du azala.
Eleberriaren lehen edizioa kaleratu zuen garaian, ez zen euskara baturik, eta Loidik bere estilo literario propioa garatu behar izan zuen inolako hizkuntza oinarririk gabe. Uxue Razkin Ereineko editoreak azaldu duenez, eleberriak izan zitzakeen «gaizki-ulertu» eta «akats» guztiak zuzendu dituzte oraingoan, eta, eguneko irakurleei lana errazteko helburuz, Loidik erabili zuen hizkera moldatu dute nolabait. Dena den, eta Alonsoren iritziz, eredugarria da Loidik nobela horretan erabili zuen hizkuntza estiloa, eta uste du euskara ikasteko egokia izan daitekeela. «Oso hizkuntza herrikoia da, egiazkoa, jatorra. Umeekin dialogoak egiteko balioko luke, beste gauza askoren artean».
Garai hartan, gainera, frankismoaren zentsuraren menpe bizi ziren autore gehienak, eta euskaraz idaztea, beraz, egun baino askoz ere zailagoa zen. «Hasteko, erreferentziak aurkitzea ez zen batere erraza». Gerra aurreko idazlerik ez zen geratzen: «Batzuk fusilatu egin zituzten, eta beste batzuek erbestera joan behar izan zuten bizitzera». Etxetik kanpo bilatu behar izan zituen Loidik, beraz, ereduak. «AEBetako nobela beltzaren klasikoak liburua argitaratu ondoren itzuli zituzten; Arthur Conan Doyle eta Agatha Christie izan ziren haren erreferentzia nagusiak». George Simenon idazleak sortu zuen Jules Maigret komisarioa hartuzuen, horiekin batera, eredu nagusitzat. «Haren liburuetako bat itzultzen ere saiatu zen, baina ez zuen inoiz amaitu».
Urgaineko heriotza
Heriotza baten nondik norakoak kontatzen ditu Loidiren istorioak. Gorpu bat hobiratzeko prestaketak egiten ari dela, tiroz hildako emakume baten gorpua aurkitzen du Txomin Urgaineko hilerriko arduradunak. Askotariko zalantzak sortzen zaizkio momentuan: «Nork egin dio tiro emakumeari? Zergatik?». Garaidi gazteak hartuko du, orduan, hiltzailea aurkitzeko ardura: esperientzia du lapurrak eta gaizkileak harrapatzen, eta bere kabuz egiten du lan. Ohiko detektibe baten antza du pertsonaiak, baina idazleak ez du zehatz aipatzen zein den haren ofizioa. Labur azaldu du horren zergatia Alonsok: «Frankismoaren garai horietan, euskal herritar gehienek arrotz gisa hartzen zituzten poliziak eta detektibeak».
Zientziarekiko bere interesa ere nabaria da eleberri osoan, hainbatetan aipatzen baititu orduko puntako ikerketa metodoak. «Heriotzaren zergatia argitu nahian, karbono-14 proba egiteko eskatzen dio Garaidik forentseari». Alonsok berak azaldu duenez, oso gizon ikasi eta jantzia zen Loidi, eta ondo ezagutzen zuten inguruko kultur elkarteek. 1957. urtean, gainera, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta, 1998. urteaz geroztik, ohorezko euskaltzaina izan zen. Luis de Uranzu Kultur Taldea argitaletxearen sortzailea izan zen, eta Irungo (Gipuzkoa) Irun Hiria literatur saria ere jaso zuen.
'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro
Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu