Hamabosgarren urteurrena dute 'Poesia eta pentsamendua' saioek

Ekainaren 13an eta 14an egingo dituzte. Liburu batean bildu dituzte 2017ra arteko manifestuak

Poesia eta pentsamendua jardunaldien hamabosgarren urteurrenaren aurkezpena, atzo, Donostiako Viktoria Eugenian. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Poesia eta pentsamendua jardunaldiak egingo dira hamabosgarren urtez, ekainaren 13an eta 14an. Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa) izango da lehendabizikoa, eta Viktoria Eugeniako Klub aretoan bigarrena (Donostia). Urteurrena ospatzeko, egitarau bat antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Txillida Lekuk.

Balea Zuria argitaletxeko kide Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik sortu zituzten saiook 2008. urtean, Donostia Kulturaren babespean. Eta, hamabost urte horietan guztietan hainbat poetak hartu dute parte jardunaldietan.

Antolatzaileen arabera, oihartzun handiko poetak izango dira aurten. «Interesgarria izango da aurtengoa ere: ibilbide luzea egin dutenak zein gazteak izango ditugu gurekin», azaldu du Jon Insaustik, Donostiako Kultura zinegotziak. Arratsaldeko zazpietan hasiko da Txillida Lekuko emanaldia. Nuria Barrios poetak hitzaldi bat emango du, eta, jarraian, Luisa Etxenikek eta Jon Gerediagak errezital bat egingo dute, Jon Makusoren biolin doinuak eta Itsasne Fernandezen klarinete hotsak lagunduta.

Badira urte batzuk Txillida Lekuk ateak ireki zizkiola poesiari. Eduardo Txillidaren bilobak, Mikel Txillidak, nabarmendu du pasio handitzat zuela poesia aitonak. «Berak esaten zuen arte mota guztietan bi elementu zirela derrigorrezkoak: batetik, poesia, eta, bestetik, eraikuntza». Eta, beraz, oso eskertuta agertu da halako emanaldi bat «etxean» egin ahal izateagatik.

Ordu berean hasiko da astearteko saioa ere; Viktoria Eugeniako Klub aretoan. Musikaz lagundutako poesia errezitala izango da hura ere. Mikel Arruabarrena, Iosune Goñi, Izaskun Igoa, Juan Carlos Mestre eta Itziar Ugarte izango dira bertan, eta Jon Makusoren biolin doinuek lagunduko diete euren hitzei.

Jardunaldien sortzaileek jakinarazi dute «emaitza txukunak» izan dituztela hamabost urteko ibilbidean antolatu dituzten jardunaldietan, eta aurtengoetatik ere horixe espero dute. «Hamabost urteko bidaia honetan jende asko batu zaigu, eta aurrerantzean gehiago izatea nahiko genuke», gehitu du Makusok.

Gogoetak, poesiatik

Ez dituzte alferrik egin hamabost urte Balea Zuriak eta Donostia Kulturak antolatutako Poesia eta pentsamendua saioek. Izan ere, 2017ra arteko saio guztietan, manifestu batzuk idatzi zituzten Balea Zuria argitaletxeko kide batzuek; denera, 11. Eta, hain zuzen, Berriro igo nauzu: hamaika poetika labur liburuan jaso dituzte berriki manifestu horiek denak, oroigarri modura.

Makusok, Gorrotxategik, Juaristik eta Otxotekok ondutako idatziak dira, eta bizi izan dituzten kezka zein emozioez ari dira manifestu horietako bakoitzean; euskaraz eta gazteleraz. «Testu hauetan hainbat kezka eta gogoeta daude, unibertsalak zein gaurkoak, baina erdigune bat dute: poesia». Hala dio lauren artean liburuari egin dioten sarrerako aurkezpenak.

Imanol Larrinagarenak dira liburuan ageri diren marrazkiak; baita azalekoa ere. Emakume bat ageri da bertan, biluzik, arrosa handi bat bizkarrean hartuta. Barnealdeko marrazkiak, berriz, abstraktuak bezain koloretsuak dira.

Juan Kruz Igerabiderena du liburuak hitzaurrea, eta oso eskertuta agertu dira egileak Igerabidek idatzitakoagatik. «Maitasunez eta adiskidetasunez egindako hitzaurre bat da, zoragarria», adierazi du Makusok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.