Udazkeneko ziklo batetik udaberri egun bateko jaialdi bat: Resdstone Soluk ziklotik Redstone Replay jaialdia. Atzo aurkeztu zuten egitasmo berria, Ondarroan (Bizkaia). Aiert Goenaga arduradunak azaldu zuenez, Redstone Soluk musika zikloa «egonkortu» egin da herrian, eta ezarri zituzten helburuak bete dira jada; hala, «jauzi berri bat» eman nahi eta Redstone Replay jaialdia sortu dute; apirilaren 27an izango da, larunbatez, eta 18:30ean hasita.
Hain zuzen, iragan udazkeneko zikloan parte hartu zuten musikariekin osatu dute aurreneko Redstone Replay jaialdiaren kartela. Hauek dira: Naroa, Larry Bird, Keu Agirretxea, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Petti, Mice, Jon Basaguren, Rafa Rueda eta Klag Klub. «Udazkenean, bakoitza bakarka ekartzearekin pozik bageunden, zer esan orain; abentura berri hau abiatzeko kartel benetan indartsua dugu».
Joseba Baleztena Lenoirrek parte hartuko du jaialdian, eta izan zen aurkezpenean ere. Formatu txikiaren alde hitz egin zuen, eta Redstone Soluk zein Redstone Replayren moduko egitasmoek sortzailearentzat «oso aberasgarriak» direla aipatu zuen. «Alde batetik, emanaldiaz gozatzeko izaten diren baldintzengatik, eta, bestetik, kontzertu osteko hartu-emana egoten delako; sentsazio eta ideia trukaketa sortzaile eta hartzaileen artean». Izatez, Baleztenak ez du asmorik 2019an kontzerturik emateko; ez harik eta disko berria plazaratu arte. Salbuespena izango da, beraz, Ondarroako emanaldia.
Kulturgintzaren arnasgune
Oso bestela datorkio urtea Jon Basagureni. Izaki Gardenak taldeko kantariak urte osoan jotzeko asmoa du, eta azken bi hilabeteetan Ondarroan bi bider jo ostean, ez zuen buruan oraingoz hara itzultzea. «Baina ezin nion ezetzik esan honelako egitasmo baten lehen aldian izateari». Euskarak «arnasguneak» behar dituen eran, euskal kulturgintzak ere behar dituela uste du, eta Ondarroa «ezinbestekotzat» jo du hor. «Musikagintzak ere behar ditu arnasguneak, are gehiago zuzeneko emanaldiak dekretuzmugatu nahi dituzten garaiotan».
Formatua aldatu arren, eszenaratzean «udazkeneko zikloaren izaerari» eutsiko dio Redstone Replayk. Baita helburuari ere: «Herriko kultur eskaintza osatzea, herritarrak euskal musikara gerturatzea eta euskal kulturaren transmisioa lantzea». Marabilli, Literatur Amuak, Orrigorri, Redstone Soluk, Sare artin... Ondarroan «ekosistema kultural osasuntsua» dagoela, eta hori zaintzea «denen ardura» dela nabarmendu du Goenagak. «Kulturgintzaren katebegi bakoitza ezinbestekoa baita katea sendo mantentzeko».
Redstone Replayrako sarrerak martxoaren 1ean jarriko dituzte salgai, Bekoizinin. Aldez aurretik, 12 eurotan salduko dituzte, eta egunean bertan, 15 eurotan.
Hamabi musikari egun bakarrean, Ondarroako Redstone Replay jaialdian
Apirilaren 27an izango da jaialdia, eta, besteak beste,. Naroa, Joseba Irazoki, Mice, Joseba B. Lenoir eta Jon Basaguren ariko dira, Beikozinin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu