Musika Zuzenean jaialdiaren laugarren edizioa hartuko du Usurbilek (Gipuzkoa), bihar arratsaldean. Aurrekoetan bezala, formatu akustikoa izango du jaialdiak, «formatu txikian aritzen diren musikariak» bilduta. Hamabi musikarik hartuko dute parte, eta bakoitzak bi kantu joko ditu. 19:00-21:30 bitartean egingo da, Sutegi antzokian. Sarrerak hamar eurotan daude salgai.
Antolatzaileen arabera, aurten«inoiz baino zailagoa» izan da egitaraua ixtea. 40 izeneko zerrendatik, ondorengo musikariak ariko dira azkenean: Abereh, Montauk, Paxkal Irigoien, Gartxot, Serge, Natali, Birkit, Sara Zozaia, Ane, Larra Bideak, Raitx eta Asier Beramendi.
Musikarien zertzeladak
Abereh ezizenaren atzean, Erik Berganza bizkaitarra dago. 2017an, Zaunka datoz arin lehen lana plazaratu zuen, eta bigarrena aurkezten ari da orain: Laino eta belatz artean. Montauk taldetik Beñat Goitia eta Aitor Garcia de Bikuña ariko dira biharko saioan, eta, haien atzetik, Gartxot; Yaw, Madeleine, John Berkhout, Pastoriza Anaiak eta Bizaldi proiektuetan aritu den musikaria.
Natali taldeko Natali Izagirre eta Ixak Arruti ariko dira bihar Usurbilen, Garena (2018) diskoko kantuekin. Bakarlari moduan aritzen den musikari bat helduko da gero: Ane. 2012an, Arrutiko intxaurrak maketa kaleratu zuen, eta, geldialdi baten ostean, oholtzara itzuli da berriz.
Asier Baramendi Eraul taldeko kidea da, eta pianoaren aurrean ariko da bihar. Sergio Ruiz G-Txabarrik, Sergek, aurten hasi duen bakarkako proiektuaren lagin bat eskainiko du. Eta, ondotik, Paxkal Irigoien ariko da, musika esperimentazioan eta rock eta folk doinuetan aritzen den musikaria.
Birkite Alonso gitarra elektrikoarekin ariko da. Bost urteko etenaren ondoren, Emen du bakarkako lehen lana. Rakel Arenaza ere gitarrarekin ariko da, Raitx izenpean. Eta Sara Zozaiak itxiko du jaialdia, duela gutxi kaleratu duen III lehen laneko kantuekin.
Hamabi musikari akustikoan ariko dira bihar, Musika Zuzenean jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu