Hamabi bikote dantza txapelketan

Gipuzkoako zortzi bikote eta Bizkaiko lau ariko dira igandean Euskal Herriko 36. Dantza Txapelketan

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zortzi bikotek eta Bizkaiko lauk hartuko dute parte igandean Euskal Herriko 36. Dantza Txapelketan. Seguranjokatuko da txapelketa, Gipuzkoan.

Iazko irabazle Jon Ibarguren eta Idoia Besada azpeitiarrekin batera, honako hauek ariko dira lehian: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga (Azpeitia), Amets Amubieta eta Maialen Aldalur (Azpeitia), Xanti Leonet eta Izar Etxeberria (Oiartzun), Eneko Iparragirre eta Udane Eskudero (Oiartzun), Beñat Monfort eta Naiara Larrañaga (Amasa-Zizurkil), Iker Sanz eta Lierni Kamio (Villabona), Maria Camarero eta Goretti Galarraga (Ibarra), Oihan Martinez eta Ibabe Beristain (Trapagaran), Lander Campos eta Haizea Hormaetxea (Leioa), Diego Duran eta Eneritz Manzisidor (Portugalete) eta Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas (Sestao).

Ohi denez, bikote bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko du. Ixilkara txistulari taldeak joko du fandangoa, eta Joseba Iparragirrek eta Ander San Josek, berriz, arin-arina.

Epaimahaikideei dagokienez, Gabriel Alonsok, Izaskun Iturrik, Jone Idiazabalek, Karlos Sarriegik eta Xabier Mendizabalek osatuko dute dantzak epaitzeko mahaia, eta Ainhoa Mendiburuk eta German Nestaresek jantziak epaitzekoa. Sari nagusia Nestor Basterretxearen eskultura batek —irabazleen herriko udaletxean gorde ohi da urtebetez eta hiru urtez jarraian, edo, bestela, bost aldiz irabaziz gero, jabetzan jasotzen da—, 700 euroko ordainak eta txapelak osatzen dute.Bigarren saria 500 eurokoa da, eta hirugarrena, 400ekoa. Bestalde, jantzi onena duenak 200 euroko saria jasoko du.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren historian Gipuzkoako bikoteak izan dira nagusi; bi txapelketa besterik ez dute irabazi Bizkaiko bikoteek. 1979an gertatu zen lehen aldiz, Alkorta lehengusuek Seguran antolatzen duten lehiaketa irabazi zuten. Orain dela bi urte, berriz, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas sestaoarrak nagusitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.