30 urte badira Eduardo Txillidak Haizearen orrazia egin zuela. Bere lana erakusteko, Donostian erakusketa handi bat egiteko eskatu zioten Txillidari. Erakuskeka aldi batekoa dela-eta, iraungo zuen zerbait egin nahi izan zuen Txillidak. Hala, «lan publikoa» egin zuen eskultoreak, bertara doazen guztiena izatera igaro den lana. Garai hartan, ordea, zenbait agintari eta herritarrek bizkarra eman zioten lanari, eta ez zuen inauguraziorik izan. «Olatuek eta haizeak» inauguratu zutela esan izan ohi zuen Txillidak. Orain, Haizearen Orraziak 30 urte beteko dituenean, inaugurazio ofiziala egingo diote. Irailaren 16an izango da inaugurazioa, eskultura jendartera egun horretan ireki zela uste baita.
Urte osoan zenbait ekintza egin dituzte Txillida eta bere lana omentzeko. Dena den, bihar hasi eta irailaren 16 arteizango dira ekitaldi gehien. Luis Txillida, Txillida Leku museoaren zuzendariaren esanetan,omenaldia ez zaio bere aitari egingo, lekuari baizik: «Jende askok hartu zuen parte lan hau aurrera eramateko, ez gure aitak bakarrik. Haizearen Orrazia hartan parte hartu zuten guztien lanetik ateratako batura da». Peña Gantxegi, plazaren diseinua egin zuen arkitektoa, eta Jose Maria Elosegi ingeniaria dira horietako batzuk.
Ekitaldi multzoa abiatzeko pop kontzertua izango da bihar Haizearen Orrazian iluntzeko 20:30ean. Txetxo Bengoetxea, Amaia Montero, Mikel Erentxun eta Alex Ubagok emanaldi berezia prestatu dute: itsasoari, olatuei, haizeari, badiari... abestuko diote, Txillidak eskultura egiteko inspirazio bide izan zituen elementu berberei. Bihar, bestalde, Obra publikoa eta egile eskubideak izeneko mintegia antolatu dute EHUko Udako Ikastaroen barruan. Bertan Haizearen Orraziaren gainean gogoeta egingo dute.
Argazki rally-a, kirol frogak edota umeentzako tailerrak ere antolatu dituzte. Horrekin guztiarekin bat egin dute Donostiako merkatariek eta jatetxeek; erakusleihoak eskulturarekin harremana duen zerbaitekin atonduko dituzte batzuek eta Haizearen Orrazian inspiratutako pintxoak prestatuko dituzte besteek.
Irailaren 16a, igandea, izango da egun nagusia; egun horretan inauguratuko baita ofizialki eskultura. Eguerdiko hamabietan agintarien agurrarekin batera, musika eta aurreskua izango dira.Gaueko bederatzietan, berriz, Haizearen Hotsak emanaldia: musikak eta irudiek burdinaren, haizearen, itsasoaren eta badiaren arteko elkarrizketa izango dute lagun. Gorka Alda musikagileak, Oreka TXek, Orfeoi Txikiak, Jon Maia bertsolariak, Kukai dantza taldeak eta Alos Quartetek hartuko dute parte bertan eta Astondoa pirotekniaren ikuskizunak emango dio amaiera gauari.
HITZALDIAK KOLDO MITXELENAN. Haizearen Orraziaren 30. urteurrena ospatzeko Conversaciones en torno al Peine del Viento, hiru hitzaldi, antolatu dituzte irailaren 12, 13 eta 14rako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Lau arlo landuko dira hitzaldi horietan: filosofia, ingeniaritza, arkitektura eta alderdi artistikoa nahiz kulturala. Irailaren 15ean, ostera, poesia eta musika emanaldia izango da Txillida Lekun Carlos Aurtenetxe eta Loreto Fdez. Imazen eskutik.
«Jende askok hartu zuen parte Haizearen Orrazia aurrera ateratzeko,ez gure aitak bakarrik»
Luis TxillidaTxillida lekuko zuzendaria
EGITARAUA
Osteguna 6: Txetxo Bengoetxea, Amaia Montero, Mikel Erentxun eta Alex Ubagoren pop kontzertua (Haizearen Orrazia, 20:30).
Asteazkena 12: Victor Gomez Pinen hitzaldia: Tras la forma... el trabajo del arte y el trabajo de la ciencia (K M Kulturgunea, 19:30).
Osteguna 13: Maria eta Jose Maria Elosegiren hitzaldia: La ingeniería de la colocación de el peine y el grupo humano partícipe (KM Kulturgunea, 19:30).
Ostirala 14: William Curtisen hitzaldia: Gesture and horizon: el peine del viento de Eduardo Chillida (KM Kulturgunea, 19:30).
Larunbata 15: musika eta poesia emanaldia Carlos Aurtenetxe eta Loreto Fdez. Imazekin (Txillida Leku, 12:00).
Igandea 16: inaugurazio ofiziala (Haizearen Orrazia, 12:00) eta Haizearen hotsak ikuskizuna (Haizearen Orrazia, 21:00)
Haizeak inauguratua omentzeko
Haizearen Orrazia ofizialki inauguratuko dute, egin eta 30 urtera; ekitaldi nagusia irailaren 16an izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu