Haizeak eta urak sortua bezala

Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesias artistaren instalazioa egiteko lanak Martxan dira. Eraikina barrutik hustu eta lurzorua zulatu ostean, brontzezko ontzi handi bat jarriko dute; piezak itsas hondoa irudikatuko du.

Cristina Iglesias, obra batean lanean, Eibarko Alfa Arten. Lantegi hartan dabil farorako pieza sortzen. JOSE LUIS LOPEZ DE ZUBIRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ilusioa eta emozioa. Hitz horiekin azaldu zuen Cristina Iglesias artistak (Donostia, 1956) bere proiektu berriari ekiteak barruan eragiten ziona. Sorterrian jarriko duen lehen obra publikoa izango da Donostiako Santa Klara uharterako prestatzen ari dena, eta aspaldiko amets bat beteko zaiola esan zuen joan den irailean, uhartera eginiko bisitan. Helikoptero bat joan-etorrian ibili zen bezperan, itsasargian lanak egiteko garabia piezaz pieza hara eramaten. Itsasargi barruan jarriko du artistak instalazioa, zeinak brontzezko ontzi handi bat izango duen oinarri, itsas hondoa irudikatuko duena. Bide horretan, eraikina hustea da lehen zeregina. Instalazioa aurtengo udazkenean inauguratzea da artistaren asmoa.

Ibilbide luzea ondua du Iglesiasek. Bartzelonan eta Londresen osatu zituen arte ikasketak, eta 1980ko urteetan erakutsi zituen lehen aldiz bere obrak jendaurrean, baita kritikaren harrera ona lortu ere. Ondorengo urteetan, nazioartean ospea lortu zuen; Suitzan, Kanadan, Espainian, Italian, AEBetan eta Erresuma Batuan erakutsi zituen bere lanak 90eko hamarraldian. Halaber, New Yorkeko Guggenheim museoak erakusketa bat eskaini zion —Bilboko museoan, Madrilen eta Chicagon ere ikusgai izan zen—. 1999an, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen. Bere lanak munduko bilduma entzutetsuenetan daude gaur egun, hala nola Madrilgo Reina Sofian, Parisko Pompidoun, Londresko Tate Modernen, Portoko Serralvesen, Washingtongo Hirshornen, Los Angelesko Mocan, Bartzelonako MACBAn eta Bernako Kunsthallen, baita Bilboko Guggenheim museoan ere.

Iglesiasek asko bidaiatzen du, eta hala dabil azken boladan ere. Hala ere, Donostiara eta Eibarrera (Gipuzkoa) berriki egin duen bisitetako batean, tarte bat hartu du BERRIAren galderei idatziz erantzuteko. «Denbora dezente pasatzen dut Donostian eta Eibarren, proiektu honetan eta beste batzuetan lanean. Oraintxe, Alfa Arten ari gara, irlakoan ez ezik, Houstongo Arte Ederren Museorako obra batean eta Lisboa, Malta eta New Yorkerako beste pieza batzuetan lanean». Artisten eskulturak materialki gauzatzen aditua den Alfa Arte Eibarko lantegian ari dira egiten irlako instalazioko pieza nagusia, brontze urtuz sortutako ontzia. «Niretzat, Alfa Arte nire estudioaren luzapen bat da. Lantalde izugarria sortu dugu, eta hainbat proiektu garatu ditugu jada elkarrekin».

Santa Klara uhartekoa, baina, berezia izango da artistarentzat. Izan ere, nazioarteko hainbat hiritako espazio publikoan daude haren lanak. Sorterrian, baina, ez du halakorik. 2016an jaio zen horretarako ideia, eskultoreak Donostiako Urrezko Danborra jaso zuenean; saria emateko ekitaldian, hartarako konpromisoa agertu zuen Eneko Goia alkateak. Hainbat elkarrizketaren ondotik, pieza Santa Klarako itsasargian kokatzea erabaki zuten. «Uste dut hau izango dela nire artista bizitzako obrarik garrantzitsuena. Aukera paregabea da zerbait errepikaezina eta esanahiz betea egiteko. Gainera, horri gehitu behar zaio jaio nintzen hirian gauzatuko dela, haurtzaroa eta gaztaroa igaro nituen hirian. Eta horrek, noski, esanahi berezia du». Obrak oraindik ez du izenbururik; artistak aurreratu du ez duela izenik erabaki, baina «itsasoaren sakontasunekin harremana» izango duela.

Kostaldeko haitzak oinarri

Instalazioa hartuko duen eraikina, itsasargia, eraberritu egingo dute. 1960ko urteetatik ez da inor bizi izan han, baina itsasargiak martxan segitzen du, eta segituko du instalazioari aterpe eman ostean ere. Barrualdea hustu, eta lurzoruan lau metro inguruko sakonerako zuloa egingo dute. Bertan kokatuko dute ondoren brontzezko ontzi handia, artista jada lantzen hasia dena eta itsas hondoa irudikatuko duena. «Egiten ari garen piezaren inspirazioa gure kostaldearen topografia da: Jaizkibelgo eta uharteko haitzak, haizeak eta itsasoak zulatutakoak», azaldu du artistak. Gainazalean ura izango du ontziak, hara eta hona, mugimenduan. Piezaren inguruan, altuera garaiago batean, pasarela bat egingo dute. Handik beherantz begiratuta, itsasora daraman putzu bat ikustearen irudipena sortu nahi dio artistak bisitariari. Eta hori guztia, itsasargiaren barruan. Eraikinaren barrualdeak jasango du eraldaketa fisikoa, ez kanpoaldeak.

Iglesiasek maiz aukeratu izan du brontzea bere lanetarako. Haren ustez, «eskulturaren material klasiko bat izateaz gain, bertute ugari ditu; denborak eta eguraldi txarrak ez dute hondatzen». Dena den, ez da obraren material bakarra izango. Alabastroa baliatuko du leihoetan, argia iragazteko. Halaber, eraikinaren estalkia oso kaltetuta dagoela azaldu du, eta, berregin egingo dutenez, piezaren parte izango dela. Eguzki plakak jarriko dituzte han, sortutako energiarekin eraikinaren barrualdea eta brontzezko pieza argiztatzeko. Horiekin guztiekin, «gogoetarako eta zentzumenen esperientziarako» espazio bilakatu nahi du eraikina.

Kokaleku ezohikoa izango du obrak. Eta horren jakitun dago artista. Aitortzen du zalantzak izan zituela hautuak izan zezakeen harrerarekin. «Zalantzak izango nituen beste edozein leku hautatuta ere. Baina irla berezia da. Uste dut obra adeitsua dela irlarekin donostiarrek izan dezakegun edozein sentimendurekin». Haren hitzetan, nahiz eta pentsa daitekeen edonork ezagutzen duen leku bat dela, inoiz bertan izan ez den jende asko dago. Halaber, gehitu du orain arte itsasargia ezin izan duela inork bisitatu. «Obra honek ate hori modu poetikoan zabalduko du, eta publiko egin».

Iglesiasek beste hainbat alditan landu ditu urari, itsasoari eta irlei lotutako proiektuak. Norvegiako Lofoten uharteetan, 1993an, esaterako, edo Mexikoko Cortes itsasoan, 2010ean. Azken horretan, urpean jarri zuen Estancias sumergidas instalazioa, itsas hondoan, ozeanoak babestearen beharraz ohartarazteko. Ideia horretan sakondu nahi du lan berrian ere, eta hartarako leku egokia da Santa Klara, haren ustez: «Uharteak biltzen dituen hainbat ezaugarriri esker, leku paregabea da hainbat gai interesgarritan sakonduko den obra bat sortzeko, hala nola naturaren zaintzan, bai eta herritarrei adierazteko ere zaindu eta balioetsi egin behar dela hori». Beste berezitasun bat ere badu irlak, haren iritziz: «Urruntasunaren ezaugarria dakar hiri barnera. Plaza publiko bat da, baina bertaratzeko barkua hartu behar duzu, eta, hortaz, bidaia hori egin beharraz ohartu behar duzu. Faroa, gainera, itsasotik hirira sartzeko seinalea da».

Ingurumenaren babesa aspaldiko kezka duela azaldu du Iglesiasek. Eta artearen lengoaia baliatuz eraman nahi du kezka hori herritarrengana: «Bete-betean sinesten dut artea ideiak eta balioak transmititzeko tresna bat dela. Nire obrak gai gisa hartzen ditu behaketa, begiratzea, itxarotea, mantsotasuna, denbora. Oso erritmo lasterrean bizi gara, eta begiratzen eta sentitzen ikastea lagungarri izan daiteke ateak irekitzeko eta gehiago hautemateko». Alde horretatik, itsasargikoa gai horren nahiz herritarren kezka diren beste hainbaten inguruan gogoeta egiteko espazio bat izatea nahi luke artistak.

Eragileen kezkak

Ingurumenaren babesaz sentsibilizatzeko bokazioa du Iglesiasen obrak, baina, hain zuzen ere, ingurumenean izan ditzakeen eraginengatik kezka azaldu dute hiriko hainbat eragilek. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Ekologistak Martxan-ek eta Bizilagunekin plataformak kezka hori irlaraino eraman zuten joan den udan, ekintza bat eginez, instalazioak ekar ditzakeen ondorioez ohartarazteko. Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa bat egiteko eskatu zuten, baita uhartea babesteko neurriak hartzeko ere. Horiek egin arte lanak bertan behera uztea ere galdegin zuten. Halaber, ohartarazi zuten proiektuak «egun hiriak pairatzen duen turistizazio prozesua are gehiago indartu dezakeela».

Urrian, berriz, Haritzaldek Donostiako Udalari eskatu zion uharteari biotopo babestuaren izendapena emateko. «Ez dugu zalantzan jartzen artelanaren balioa, eta ez gaude Cristina Iglesiasen eskulturaren kontra», adierazi zuen ohar batean. «Arbuiagarria iruditzen zaigu, ordea, udalak aukeraturiko kokapena eta hura gauzatzeko egin den prozedura». Eskultura jartzeko lanek baino gehiago, ondoren bisitari kopurua emendatzeko aukerak arduratzen du elkartea. Kezka bera agertu zuen Eguzki talde ekologistak ere, eta, besteak beste, irla bisitatzeko txalupa motordunen maiztasuna ez areagotzeko eskatu zuen —gaur egun, ekain hasieratik irail amaiera bitarte izaten dira martxan, gutxi gorabehera ordu erdieroko maiztasunarekin—.

Kezka horiez galdetuta, Iglesiasek dio «ulertzen» dituela, baina nabarmendu du obraren asmoa dela «natura kontserbatzearen aldeko balioak transmititzea». «Nire iritziz, arteak gai horiek azpimarra ditzake, eta irakasgarri ere izan daiteke; ikas dezagun prest egoten begiratzeko eta denbora eta xehetasunak errespetatzeko. Uhartean badira zaindu beharreko espezieak, eta guztiok bat gatoz diogunean aukera hau paregabea dela hiritarrak horretaz guztiaz ohar daitezen. Gainera, guneak badu dohain bat: bisitak kontrola daitezke, eta sekula ez dira gehiegizkoak izango».

Irlara joaten diren barkuen maiztasuna ez dela areagotuko ziurtatu dio BERRIAri Jon Insaustik, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak: «Inork ez du esan, ezta planteatu ere, maiztasuna areagotuko denik. Proiektua aurkeztu zenetik Cristina Iglesias sortzaileak adierazi zuen bere esku hartzeak ez zuela eraginik izango irlaren morfologian, ezta itsasargiaren kanpoko itxuran ere. Eta horrek eragina du irlak izango duen irisgarritasun eta komunikazio garraioetan. Ez dago asmorik zerbitzu hori areagotzeko». Beste hainbat lanekin egin bezala, obra berriarekin Iglesiasek ingurumenaren zaintzaz kontzientzia piztu nahi duela nabarmendu du zinegotziak, eta, «kasu honetan, argi dago lortu duela», haren iritziz. «Lan honen helburua ez da oinarrian, ezta geroago ere, turismo elementu erakargarri bat izatea, ezta ingurumenean eragin negatiborik edukitzea ere. Guztiz kontrakoa. Ingurumenaren eta, bereziki, itsasoaren inguruan hainbat gogoeta eragin nahi ditu». Adierazi du, halaber, obra ez dela kanpora begirako esku hartze bat, baizik eta «hiriarentzat eta donostiarrentzat» eginikoa. Eta gehitu du udalaren asmoa dela «behin esku hartzea gauzatzen denean babesa handitzea Santa Klara irlari eta haren eremuari».

Aurrekontua

Iglesiasek hasieratik erakutsi du bere obra hiriari dohaintzan emateko asmoa. Artistak, beraz, ez du dirurik jasoko obra sortzeagatik. Baina berau ekoizteak eta inguruaren obra zibilak badute kosturik, eta erakunde publikoek hartuko dute bere gain nagusiki —finantzaketa pribatua ere bilatzen ari dira—. Aurrekontuaren inguruan ere izan da salaketarik. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek joan den urrian salatu zuten proiektuaren kostua handituz zihoala, eta hasierako aurrekontua milioi eta erdi eurotik hiru milioi eurora igaroa zela. Obra geldiarazteko ere eskatu zuten, plan ekonomiko bat egin arte —ingurumenaren eraginari buruzko plan bat eta ondarearen inguruko ikerketa bat egiteko ere eskatu zuten bi taldeek—.

Insaustik azaldu duenez, kostuetan kontuan hartu behar dira obraren beraren ekoizpena, batetik, eta itsasargiak berak eskatzen duen obra zibila, bestetik. «Horren batura 4,2 milioi euro dira», zehaztu du. Udalaren xedea, hastapenetatik, artelana finantzatzeko kanpoko diru sarrerak lortzea izan dela adierazi du zinegotziak. Beste hainbat erakunde publikori inplikazioa eskatu diete bide horretan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko parte hartzeko asmoa adierazia duela azaldu du. «Lanean ere bagabiltza beste eragile edo gainontzeko erakunde pribatuen patrozinioak lortzeko helburuz. Bide horretan, oraingoz, emaitza txukunak izan ditugu, baina jarraituko dugu, diru sarrera gehiago lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.