Hego haize zakarra, alerta laranja, mendiguneetan tentuz ibiltzeko eguna, zer esanik ez kostaldean. Kiroldegi barruan ere bertso ufada biziak izan ziren, ez baitzen nolanahikoa bertsolariek sorrarazitako ikusmina. Halakoetan tarteka gertatu ohi den legez, ordea, espektatibak ez ziren sailkapenean islatu, eta puntuetan ez zuen bereziki gora egin saioak. Haizeak eramango zituen, agian, punturen batzuk. Nerea Elustondok Oiartzunen jarritako langa jotzea ez da lan erraza, bistan da. Arrasateko seikoteak du azken hitza.
Alaia Martinek goi mailako bertsolari batek egin beharreko guztia egin zuen Zarautzen: aukera izan zuenero bertso dirdiratsuak kantatu (bakarkakoan guztiok begiz ikusi uste izan genuen crocs oinetakoak jantzi eta lanari ekitera zihoan adineko erizain nekatua), eta egoerak askorako biderik uzten ez zuenean, zikindu gabe eutsi. Zortziko nagusian sendo, zortziko txikian Artetxerekin plazako jardunetik gertuko bertsoaldia, seiko motzean hunkigarri bezain sinesgarri Iturriotzekin... Puntukakoa izan zen bere lanik nahasiena, baina denak jardun ziren gorabeheratsu puntukakoan, egiari zor. Beste urte batez, txapelerako hautagai sendoa.
Erlazionatuta
Eneritz Artetxek heldutasun moduko bat lortu du bere bertso ibilbidean eta, azken finalerdiaren faltan, finalean kantatzeko aukera serioa dauka. Ariketa bakoitzaren aurrean nola jokatu behar den ederki dakienaren ziurtasunaz aritu zen bertsotan, hasi eta buka. Ofizio ezberdinetan elementuak ekartzeko ahalegina egin zuen, eta bat-batekotasuna muturreraino eraman zuen tarteka, kantu kideari erantzunez. Bakarkakoan, modu erabat sinesgarrian zirriborratu zuen desintoxikazio zentrotik irten berri, ingurukoen mesfidantza jasan behar duenaren kontakizuna.
Aner Peritzek estilo berezia eta baliabide ugari dituen bertsolaria dela erakutsi zuen orain arteko bere plazarik «handienean»: teknikoki espezialista da bertsoa tolestu eta ezinezko errimak txertatzen, eta horri guztiari oso berea duen kantaera gehitzen badiogu (bueno, berea… dagoeneko bizkarrean hamarkada batzuk pilatu ditugun zaleoi nor gogorarazten digun ez dut uste esan beharrik dagoenik…), oharkabean pasatzen ez den bertsolari baten aurrean gaudela ez dago ukatzerik. Indartsu hasi zuen saioa zortziko nagusian, eta saio osoan zehar maila altu horri eusteko moduan izan ez bazen ere, zertzelada ugari utzi zituen gainerako bertsoaldietan, bakarkako eder batekin amaitzeko.
Unai Mendizabalek ere eman zuen beretik: igandeko ahaleginak ez dio Illunben kantatzeko aukera emango ziur aski, baina arrastoa utzita igaro da txapelketa honetatik (ere). Kantaera freskoa eta kolpea emateko borondatea, asmatu edo ez. Bertsoa osatzen duten puntu guztietan edukia sartzen abila, nabarmentzekoa, besteak beste, bere bakarkako lana («…nik daukat begi bat gutxiago/ ta haiek ezin ikusia…»). Amaia Iturriotz, finalean sartzeko borrokan egotera deitutako beste bertsolari bat. Zortziko nagusian paper zaila defendatzea tokatu zitzaion (ETB2n euskaraz emititzea alferrik dela uste duenarena) eta zortziko txikian nahiko lan izan zuen enologoa eta upategiko jabearen arteko elkarrizketa nahasian. Alaia Martinekin seiko motzean egindako ofizio ikusgarrian aurkitu zuen bere burua lehenengoz, eta bakarkakoan sakontasun handiko bertsoaldia oparitu zigun, puntu gutxi samar zakuratu bazituen ere, aukeran, lan horretan. Eneko Araiztegi izan zen sailkapenean seigarren. Segurarrak urduri ekin zion saioari, bertsoak borobiltzeko unean akats tekniko txikiak eginez; publikoarekin konektatzeko daukan gaitasunak, baina, arnasa eman zion eta behetik gorako saioa ondu zuen azkenerako. Txapelketa Nagusian zeresana emango du bi urte barru.