Literatura

Haizeak eraman eta ekarritakoak

Miren Agur Meabek 'Itzulerak' eleberria plazaratu du. Denboran joan-etorriak eginez, Katalin gazteak Martija de Jauregi ezagutuko du, XVI. mendean bizi izan zen emagina. Gazteengan pentsatuta idatzi du nobela.

MIREN AGUR MEABE - 'ITZULERAK'
Miren Agur Meabe idazlea, bere lan berria aurkeztu aurretik, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko azaroaren 20a
18:30
Entzun

Garraitzetara, Haize-Begi etxera heldu berri da Katalin, amarekin eta nebarekin. Bizimodu berri bati ekiteko asmoa dute kostaldeko herri horretan. Baina iritsi bezain pronto jasoko dute lehen ezustekoa: haur jaioberri bat topatuko dute sukaldean, saski batean sartuta. Nork utzi ote du haurtxo hori han, aspalditik itxita egon den etxetzarrean? Hala abiatzen da Miren Agur Meabe idazlearen Itzulerak nobela berria. Narrazioan, halere, ez dute ezusteko hori soilik biziko. Izan ere, haiek oraindik ez badakite ere, bada pasagune bat etxe zahar horretan, zeinetan denbora eta lekua gurutzatzen diren. Hala, XVI. mendera, duela laurehun urteko Garraitzetara egingo du jauzi Katalinek, eta Martija de Jauregi emagina ezagutuko du. Idazleak azaldu du gazteengan pentsatuta ondu duela lana, baina adin guztietako irakurleek gozatzeko modukoa dela iritzi dio Elkar argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalek.

Pertsonaia gehiago ere badiren arren, bi protagonista nagusi ageri dira kontakizunean: batetik, Katalin, 17 urteko neska «ausart eta baikorra», medikuntza ikasi nahi duena; eta, bestetik, Martija, XVI. mendean bizi izan zen emagin eta sendalaria. Haren berri Cira Crespok eta Elene Ziordiak idatzitako Baginen liburuaren (Txalaparta, 2020) bidez izan zuela azaldu du Meabek; han ageri zen, «historiak bazterrean utzitako» beste emakume batzuen artean. Haren aititak mediku jardun zuen Meaberen sorterri Lekeition (Bizkaia), eta, hori jakin zuenean, «sekulako bulkada» sentitu zuen idazleak Martijaren bizitza irudikatzeko. Azaldu duenez, Uharte Arakilen (Nafarroa) bizi izan zen, sendabelarrekin egiten zuen lan, eta prestigio handia zuen, baina, haren aurkako jazarpena zela kausa, erbesteratu behar izan zuen. Haren berri izandakoan «Martija maitatzen hasi» zela adierazi du Meabek, eta gogora ekarri poema bat eskaini ziola bere azken poesia liburuan —Nola gorde errautsa kolkoan (Susa, 2020)—; «eta bere historia asmatu ahala, gero eta maiteago» izan duela gehitu du.

Katalinek XVI. mendeko Garraitzetara egiten duenean ezagutuko du Martija. «Horrenbestez, garai haren eta berearen arteko kontrasteak pairatuko ditu», azaldu du idazleak. Emaginaren laguntzari esker egingo du aurrera, harengandik ofizioa ikasita, eta garai horren lekukotasun bat emango dio irakurleari. Bi pertsonaien arteko harremana dago, idazlearen ustez, nobelaren ardatzean. «Batak bestearengandik ikasiko dute, eta harreman barru-barrukoa eta estua izango dute». Pertsonaia gehiago ere agertuko dira iraganeko plano horretan, hala nola Pedro Laborda Martijaren senarra, Estefana nerabea, Zarandona jauntxoa, Antya igarlea, Fidelio alkimista, Sertutxa fraidea eta beste. Bien bitartean, Katalinen familiako kideek aurrera segituko dute XIX. mendeko Garraitzetan.

«Istorioa saltoka garatzen da XVI. mendetik XIX. mendera bitartean. Pertsonaia batzuk orainetik iraganera joango dira, eta beste batzuk, iraganetik orainera etorriko».

 Miren Agur MeabeIdazlea

Nobela zortzi ataletan banatu du idazleak, eta denen izenburuetan aipatzen dira haizea —«ongiaren nahiz gaizkiaren sinboloa»— eta denbora, «funtsezko elementua» dena, Meaberen hitzetan: «Istorioa saltoka garatzen da XVI. mendetik XIX. mendera bitartean. Pertsonaia batzuk orainetik iraganera joango dira, eta beste batzuk, iraganetik orainera etorriko». Hortik datorkio Itzulerak izenburua. Halaber, narrazioan «sineskerak, mitologia eta herri jakintza» nahasten direla iruditzen zaio egileari, eta «zientzia fikziotik ere puntutxo bat» baduela. «Gertaerak apailatuz, bortizkeria, iruzurra, samurtasuna, beldurra, ausardia, maitasuna, gorrotoa, heroismoa, saldukeria, elkartasuna eta zekenkeria topatuko ditugu. Eta atzeko oihal gisa, Aro Modernoaren ikuspegi orokor bat, pintzelada batzuk, asko sakondu gabe, baina hor daude Ameriketako merkataritza eta itsas espedizioak, erlijio gerrak, zientziaren eta herri jakintzaren arteko lehia eta abar».

Berreskuratu eta balioesteko

Halaber, atal bakoitza azpiatal laburretan banatu du egileak. Eta uste du hori ez ezik bere obran ohikoak diren beste ezaugarri batzuk ere topatuko dituela irakurleak, hala nola deskribapenak, baliabide poetikoak, elementu sinbolikoen erabilera, «ahozko testu zaharren eredura egindako testu berriak» eta kanta garaikideen oihartzunak. Ahotsei dagokienez, berriz, bi uztartu ditu: hirugarren pertsonako narratzaile orojakilea eta Katalinena, lehen pertsonan emana. Eta denborei dagokienez, berriz, lehenaldia eta orainaldia tartekatuz joan da.

Egileak ez du ezkutatu narrazioa garatzen den kostaldeko herria, Garraitzeta, Lekeitio dela; gaztetako liburu batzuetan dagoeneko izen literario hori eman izan zion sorterriari. Halaber, «fabulazioa areagotzeko» asmoz, beste toponimo erreal batzuen izenak ere moldatu ditu, baina erraz identifikatzeko moduan eman ditu.

Egile gisa, «gazteentzako nobela interesgarri bat taxutzea» izan du oinarrizko helburutzat, Meabek azaldu duenez. Baina liburuarekin beste xede batzuk ere lortuko balitu pozik legokeela gaineratu du. Batetik, Martijaren irudia «berreskuratu eta balioestea», baita historian emakumeek jasan duten zapalkuntzari buruz pentsaraztea ere. Halaber, nahiko luke liburuak balio izatea Aro Modernoaren konplexutasunaz jabetzeko, baita sexuen eta klase sozialen arteko desberdintasunez gogoeta eginarazteko ere. Eta, aldi berean, irakurleen sentsibilitate estetikoa garatzeko ere bai.

«Miren Agurren idazkera arina eta erraza izan daiteke, baina horrek ez dio kentzen ez poesia, ez lirika, ez edertasuna, ezta atsegina ere».

 Antxiñe MendizabalElkar argitaletxeko editorea

Antxiñe Mendizabalen ustez, eta erregistroari erreparatuta, Itzulerak nobela «berria eta originala» da Meaberen ibilbidean. Ildo horren aurrekaria duela bi urteko Itsasoaren atea (Elkar) izan litekeela uste du editoreak. «Hor hasi nintzen ni behintzat antzematen idazlea abentura gose zela. Bazuen abenturak bizitzeko gogoa, eta esan dezaket liburu honetan hartu duela gozamena alde horretatik, bere burua utzi duela protagonistaren ibilerek hara eta hona eraman dezaten, haren eskutik helduta eta haren pausoari jarraituz». Narrazioari dagokionez, liburua «mardul samarra» bada ere, atal motzak «arin-arin idatzitakoak» direla adierazi du, Meabek «airoso eta geldialdiak eginez, Martijaren pausoari jarraituz» idatzi izan balitu bezala. «Miren Agurren idazkera arina eta erraza izan daiteke, baina horrek ez dio kentzen ez poesia, ez lirika, ez edertasuna, ezta atsegina ere. Ederra izan da Miren Agur istorio hau ehuntzen ikustea; ziurtatu diezazueket asko disfrutatu duela, eta irakurleak ere beste horrenbeste disfrutatuko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.