Mikel Lertxundik (Berriatua, Bizkaia, 1951) artearen munduan daraman mende erdia emankorra izan da: Euskal Herriko karrika eta plaza ugaritan aurki litezke haren kale eskulturak, bai eta atzerrian ere. Eskultura handiak egin ohi ditu, baina Durangoko Arte eta Historia Museoan Formatik haratago erakusketan batu dituen lanak txikiagoak eta «intimoagoak» dira, artistak bere lanen aurrean azaldu duenez. Eskulturak, margolanak, marrazkiak, argazkiak eta bideoak aurkituko ditu ikusleak bertan; denak ere, formaz harago doan muinaren harmonian. Muin hori zein den ulertzearren, egileak berak emandako zenbait gako datoz jarraian.
Harria, zura, burdina
Lertxundiren ibilbide osoa hiru material horien erlazioan dago oinarrituta. Harria, egurra eta burdina elementu espazialak dira harentzat, eta lotuta lantzen ditu beti, naturaren gainean gogoeta egiteko bidea eman izan dioten neurrian. «Hiru zirkunferentzia zentrokideren bidez deskribatuko nuke nik mundua: erdian, margo ilunenarekin, burdinazkoa, metal mota guztien ordezkari; haren gainean argiagoa, harrizkoa, ozeanoak hartzen dituena; eta, azkenik, landaretzak osatzen duena, hau da, zurak».
Airea, sua, ura
Hiru material horiek —harria, egurra eta burdina— haizearen, suaren eta uraren eszenatokiak ere badira Lertxundiren artean. Harria urari lotzen zaio: «Urak harria behar du egoteko, eta alderantziz bere hala da: harriak ura behar du, bera izateko». Burdinak, berriz, sua du beharrezko: «Sua mantentzeko, burdina behar da. Eta burdinak sua behar du burdina bihurtzeko». Haizea, azkenik, egurrarekin lotzen du Lertxundik: «Haizea landaredian dago, eta hor antzematen da, bestela ikusezina baita». Hiru elementuak eta hiru materialak batuz, artistak espazioa eta lurra jartzen ditu jolasean.
Denbora
Hortaz, elementuek lurrean —edo, zehazki, hiru materialetan— duten eragina hainbat modutan azaltzen da erakusketan. Argazkietan, esate baterako, elementu bakoitzaren ondorioak erretratatu ditu, hiruko sortatan betiere: harri biribilduak, errautsa eta orbela alde batetik, eta higadurak eragindako geruzak, arrakalak eta oxidazioa bestetik, uraren, suaren eta haizearen lekuko gisa. «Elementuen eragin hori nabaritzekotan, bitarteko bat behar dute: denbora». Alderantzira ere uler liteke, esan nahi baita, denbora subjektu gisa, bitarteko gisa baino gehiago: «Harrietako fosilak, zuhaitz enborren eraztunak, herdoila... Horiek guztiak denboraren arrastoa dira».
Mugimendua
Elementu bakoitzaren mugimenduari ere erreparatzen dio Lertxundik. Bakoitzak bere noranzkoa du: «Ura goitik behera doa, sua behetik gora beti, eta haizea horizontalean mugitzen da». Mugimendu eta noranzko hori margolan akrilikoetan ageri da garbi, baina baita bizpahiru eskulturatan ere, ikus-entzunezko elementuak txertatu baitizkie horretarako espresuki.
Oreka
«Materiak bere oreka behar du, baina elementuek ere elkarren arteko oreka behar dute». Orekak posizioarekin du zerikusia Lertxundien eskulturetan: «Lehenengo posizioan, oinarri bezala, harriak hartzen du tokia. Gero burdina dago. Burdina lotura da, eta indarra. Eta egurra orekatzera dator, forma borobilagoa, beroagoa eta sentsualagoa duelako. Elkar laguntzen ipintzen ditut hirurak, ez elkarrekin borrokan». Proportzioekin ere beste horrenbeste gertatzen dela esan du Lertxundik.
Atmosferak
Elementu bakoitzak badu bere atmosfera, eta horiek ere hiru koadroko sorta batean azaldu ditu Lertxundik. Kolore tonuen arabera antzematen da zein den zein. Atmosferen koadro bakoitzak elementu nagusi bana hartzen du, eta dagokion elementuaren pertzepzioari erreparatzen dio: «Nola sentitzen dugun hotza, hezetasuna edo beroa».
Abstrakzioa
«Inoiz ez dut errepikatu nahi izaten existitzen den gauza jakin bat; mezua desbideratu egingo litzateke-eta bestela. Egiten ditudan marrazki, zirriborro eta bozetoak abstraktuak dira, eta materiak bere nortasuna erakuts dezan egiten ditut beti». Artistak, finean, lurrak eta espazioak osatzen duten binomioa izaten du gogoan, horren «misterio eta zentzu guztia» azaltzeko xedez: «Hain zuzen, materia bizi delako espazioagatik».