Haizea margotzen duen artista

Mikel Diez Alabak azken hiru urteetan egindako margolanak bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Mikel Diaz Alaba margolaria, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai jarri duten koadroetariko baten aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Espazioa begiratzeko modu bat dugu. Erakusketako hormen artean dagoen espazio honetan ezer ez dagoela esango genuke. Hemendik hara doan aire hori guretzat ez da ezer ere. Baina nik uste dut ez dela hala. Espazio hori ere beteta dago». Eta ustezko hutsune hori margotzea izan da Mikel Diez Alaba margolariaren erronka (Bilbo, 1947). Azken bi urteetan egindako 33 artelanak jarri ditu orain Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai. Paisaia abstraktuak dira gehienak. Areto osoa betetzen dute margolanek, baina beste artista batzuekin harremanetan jarri nahi izan dituzte Diaz Zabalaren lanak, eta eraikin kanpoaldera eta beste aretoetara ere eraman dituzte horregatik haren margolanetariko batzuk. Denbora iraganez deitu dute erakusketa, eta apirilaren 14ra arte izango da zabalik.

Ipar haizea baretzen ari da izeneko koadroa izan daiteke artistaren asmo orokorraren adibide. Bi metro luze eta bi metro zabal da lana, eta ikusezina ikusarazi nahi izan du bertan artistak: haizea. Kontrastea baliatzen du horretarako. Atzealde gorri-urdin lausoaren gainean, nabarmen ageri dira margolariak pintzelarekin eta espatularekin egindako marka bakanak. Zuri eta urdin. Zehatz. Nabarmen da kolore mantxa horien atzean artistaren eskua. Kasik bortitz. «Emozioak arrastatu zaitzan utzi behar duzu, eta hala agertzen dira nik neuk ere zer esan nahi duten ez dakidan elementu horiek. Batzuetan hosto itxura izango dute, beste batzuetan ez dute ezeren antzik, baina eraiki egiten dute espazioa». Ez da bat-bateko aurkikuntza izan, ordea. Diaz Alabak azaldu duenez, luzea da zertzelada horietaraino heldu arte egindako ibilbidea. Azaldu du bere lan egiteko metodoa artistak: «Nik, lehen, zertzeladak metatuz eraikitzen nituen koadroak, eta, orain, zertzeladek berez hartzen dute garrantzia. Mantxa bat bizirik dago».

Ez zen berehalakoan heldu paisaia abstraktu horietara. Kontrara. David Hockney, Peter Blake eta George Grosz artisten eraginpean, gizarte kritikatik gertu, figurazioa landu zuen hasiera batean. Ezinegona sortzen zion inguruan ikusten zuenak, eta erantzun gisa margotzen zuen. Salaketa modura. Ironiaz. Eta ordukoak dira Diaz Alabak aipatutako zertzelada metaketak.

Minimoarekin maximoa

Abstrakzio urbanora pasatu zen gero, eta 1981ean heldu zen aldaketa. Orduan baketu zen naturarekin. Menorcan (Herrialde Katalanak). Ordurako egona zen Parisen, egona zen Valentzian, egona zen Madrilen eta egona zen Bilbon, baina Mediterraneoko irla horretan egin zuen topo naturarekin. Aldatu egin zen haren margokera. Eta orduan gertatutakoaren oihartzuna ikus daiteke baita bere azken lanetan ere. Ordutik hona hartu dute garrantzia Diez Alabak aipatutako zertzelada eta mantxa bakan horiek.

Handiak dira erakusketako koadrorik gehienak. Metro bete baino gehiago dira zabal haietariko asko, eta bada hiru metroko luzera duenik ere. Baina kontrastean, pieza ñimiño sorta zabala ere eraman du artistak Bilbora. Horma bete hartu du horretarako, margolan bat bestearen alboan jarrita. Apenas diren bost zentimetro altu koadroak, eta gutxi batzuk baino ez dira 11 zentimetrora heltzen zabaleran. «Minimoak» deitu ditu artistak pieza horiek, eta 144 batu ditu guztira erakusketarako. Diaz Zabalak azaldu duenez, Jorge Oteiza artistaren klarionen laborategia izan du gogoan saio hori egiterakoan. Minimoarekin heldu nahi izan du hark ere maximora. «Laborategi txiki baten moduko zerbait izan da niretzat. Azalera minimoko koadroak margotzeak kontzentrazio handia eskatu dit, eta inguratzen nauen unibertsoaz ahaztera eraman nau». Eta neurri horretan libre aritu dela dio; «oihalek edo paper handiek dakarten obligaziorik gabe».

Omenaldia Carrerari

Baina ez da erakusketan presente den euskal artista bakarra, ordea. Iaz hildako Jose Ramon Carrera artista ere izan du gogoan Diaz Alabak. Estua izan zen bi artisten arteko harremana, izan ere. Carreraren eskultura bat ere jarri du horregatik bilduman: El río de la vida (Bizitzaren ibaia). Carrerak sortua da pieza, eta Diaz Alabak margotua. Eta elkarlanean egindako pieza horri erantzuten dion margolan bat egin du orain pintoreak. La salida de la vida (Bizitzaren irteera). Aretoko azken margolana da. «Oso margolan etereoa egin dut oso sendoa den eskultura batentzat».

Baina erakusketatik kanpo ere jarraitu egiten du erakusketak. Hedatu egin dute museora. Arriaga galerian eta museo kanpoaldean ere jarri dituzte Diaz Zabalaren margolanen kopiak museoko arduradunek. Arte garaikideari eskainitako gunean, gainera, Rafael Balerdi eta Jose Luis Zumeta euskal margolarien obren ondoan jarri dituzte bilbotarraren margolanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.