Igandea, eguerdia. Presbiterioan Irene Arrarats eta Maialen Berasategi, Ezer ez eta festa podcastaren egileak. Bertsolari plantan, Instagrameko reel batean birala izan zitekeen umore esketxarekin egin zieten ongietorria entzuleei, gai jartzaileari eta bertsolariei. Aginagako Eliza Zaharrean, kanpai hotsik ez. Haize epel nahasia eta hostoen dantza giro soinu. Alerta horia Euskal Herrian. Agurrean «Aginara egunon zale ta aditu/ hemen euskal frikiok ia ezin kabitu/ … / gure bertso on ta txar, berde ta horitu / gaur bai danak haizeak eramango ditu», kantatu zuen Maialen Lujanbiok. Txalo zaparrada bero batez erantzun zioten entzuleek. Eta txaloei, gogoari ezin helduta, Uxue Alberdik: «gaindi gaitzala hegan hasteko gogoak».
Alarma horia haizeteengatik, eta alerta gorrian hizkuntza, euskara, hostoak eroritako zuhaitza nola. Udazkenak hori dakar. Atzo, baina, hizkuntzaren gaineko askotariko aferei heldu zieten, emankor. Ainhoa Agirreazaldegik Ezer ez eta festa podcasteko gaiak ekartzen asmatu zuen, eta bertsolariek, gaietan bidea egiten. Motxilan, kamerez gain, liburu bat: Angelo Nestorek editatutako Antología de poesía queer. Azaleko ilustrazioak saioa irudiz azaltzeko balio du. Esku bat da, mugimenduan. Hatz puntetatik zurtoinak irteten zaizkio, eta zurtoinetatik, hostoak. «Imajinazio erradikala» du azpititulu antologiak. Bertsolariek egindako lana ere hala definitu daiteke. Azalaren barruko aldean, galdera bat: «Nola desiratzen dute logika patriarkaletatik kanpo irudikatutako gorputzek?». Erantzun posibleetako hainbat saioan eman ziren. Baita «zertarako dira garai onenak bizi ditugun hauek? Eta txarrenak?» bezalako galderenak ere, puntuka. «Zer moduz etxean?» galderari egian oinarrituta erantzun zioten, eta, hitzak zurituz, muineraino iristea lortu zuten. Hiztun gisa ditugun konplexuez, negarrarekiko harremanaz… hainbat ertzi heldu zieten, hizkuntzarekin jostari, baita txosteneran ere. Gauzak ez ulertzeko moduan deklaratu zaio txosnetan Lujanbio Ibarzabali: «ez da zure bikirik, ez zure igualik/ aplikazio mordo bat zuretzat daukat nik/ nere logelan dago lan poltsa zabalik» Antilinguan egin du bertsotan; beraz, honela erantzun dio Ibarzabalek: «findu beharko duzu zure txostenera/ iritsi nahi baduzu nire sostenera». Urrutitik duten harremanaz aritu ziren Ibarzabal eta Alberdi. Azken horrek ale hau utzi zuen, besteak beste: «libertate gonbitea, libertate gonbitea/ egin genuen maitea/ igual hobe da galdera askorik ez egitea».
Festarako gutxi behar izaten omen da, eta igandean ustea berretsi zen, agurretan hasitako txalo zaparradak amaieraraino iraun baitzuen. Elizak husten ariko dira, baina atzo Aginagakoa leporaino zegoen. Aldarean sermoi gutxi, Alberdi eliza kanta baten doinuan aritu zen arren bakarka (Agur, Jesusen ama, Anarik Intro (Geure alde) kantuan bertsionatutakoa). Izan ere, Nerea Ibarzabalek hasierako agurrean esan bezala: «Bertsoa da hizkuntza bat behetik goranzko/ obsesio bakar bat ta mila noranzko/ aldiro esateko gutxirekin asko».