Kultura. Herri kantagintza

Haizea biltzen

Alan Lomax etnomusikologoak 1952an Euskal Herrian eginiko grabazioak jarri berri dituzte sarean. Garrantzitsua da artxibo hori. Baina, adituen ustez, ekinbide partikularren ondorio dira orain arte egindako bilketak, eta politika bat falta dela diote.

Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarrak 1952an herri kantak grabatzeko Euskal Herrira egindako bisitan Zeanurin dantzan ari ziren herritarrei egindako argazki bat. ALAN LOMAX/ ASSOCIATION FOR CULTURAL EQUITY-K UTZIA.
Inigo Astiz
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Mundua grabatu zuen gizona. Gehiegizko izenburua jarri zion, segur aski, John Szweed idazleak 2010ean kaleratu zuen biografiari. Titulua ez da hain gehiegizkoa, ordea, biografia Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarrari buruzkoa dela kontuan hartuz gero (1915-2002). Mundua grabatu gabe utzi zuen, baina herri kantagintzari buruz sekulako artxiboa osatu zuen. 1930eko hamarkadan aitarekin hasi zen lanean, John A. Lomax folkloristarekin, eta etenik ez zuen izan gerora. Woody Guthrie, Leadbelly, Pete Seeger dira, besteak beste, grabatu zituenetariko batzuk. AEBetako beltzen dantzalekuetan izan zen, kartzeletan, Irlandan, Indian… eta Euskal Herria ere bisitatu zuen, 1952an, Julio Caro Baroja gidari hartuta. 1992an erretiroa hartu zuen, eta sarean jarri dute orain ordura arte bildu zuen ondarearen zati handi bat: 5.000 grabazio ordu, 150.000 film metro, 5.000 argazki eta milaka eta milaka orri. Eta euskaraz mintzo dira haietariko batzuk.
Bisitari garrantzitsua izan zen Lomax. Hori ez du ukatzen Juan Mari Beltran herri musikaren ikertzaile eta eragileak, baina bisitari bat izan zela dio, hala ere. «Presaka eta korrika ibili zen, eta ez zuen egin lan sistematikorik. Pasaeran egindako lana da harena». Lomaxen Euskal Herriko grabazioekin bi CD kaleratu zituen orain urte batzuk Rounder diskoetxeak, eta lan hura aztertu eta zuzentzen aritu ziren Beltran eta Aintzane Kamara. Ongi ezagutzen ditu, beraz, amerikarraren grabazioak, eta ez die garrantzirik kentzen. Bisitari sonatuak gorabehera, dioenez, banakoen lan boluntarioa izan da Euskal Herriko herri kantagintzaren bilketaren ardatza. Talde eta jende partikularren «abentura». Hala egin omen da bilketa.
Bi izen handi aipatzen ditu Beltranek oinarrizkotzat: Aita Donostia eta Resurreccion Maria Azkue. Baina haien inguruan ibilitako laguntzaile eta izen txikiagoen zerrenda luzea egiten du gero. Txistulari taldeak, dantzariak, dultzaineroak... Politika bat falta dela dio, halere. «Ez dago erakunderik bilketa lan hori egin, koordinatu eta babesteko. Beti esaten da euskaldunok sustraiak zaintzen ditugula, baina ez dago inon horretarako erakunderik. Orain arte talde eta jende partikularra aritu da lan hori egiten. Horregatik bildu da bildu dena, eta horregatik falta da sistematizazio handiago bat ere».
«Berandu hasi zen folklorea biltzeko lana Euskal Herrian, baina lana ongi egin dela esango nuke». Javier Kaltzakorta herri literaturako aditu eta Labayru ikastegiko kidearen hitzak dira —euskal kultur ondarea gizarteratzeko lanean aritzen da Labayru—. Tradizio bat da, dioenez, tradizioak biltzea ere; ez orain dela hainbestekoa ere, ordea. «Folklorearen filosofia erromantizismo alemaniarrean sortu zen. Haiek hasi ziren bilketa hori egiten, eta gerora sortu zen folklore hitza. Grimm anaiak izan ziren lehenetariko batzuk, eta 1812an kaleratu zuten lehen ipuin bilduma, orain 200 urte. Gerora, apurka-apurka joan zen hedatzen bilketarako joera hori Europan. Euskal Herrira XIX. mendean heldu zen». Garai hartako biltzaile gehienak kanpokoak dira. Salbuespen bat aipatu du Kaltzakortak: Agusti Xaho. «1811n jaio, eta 1850 inguruan hil zen. Hark ere bildu zuen hamaika kanta, baina argitaratu gabe egon ziren denbora luzez». Hala ere, bi dira Kaltzakortak ere behin eta berriz aipatzen dituen erreferentziak: Aita Donostia eta Azkue. «Lan handia egin zuten. Sekulakoa. Guk ezagutu ez dugun Euskal Herri bat ezagutu zuten haiek. Kantuak eta kontuak indartsu ziren haien Euskal Herri bat». Gehiago ere aipatzen ditu: Aita Jorge Diez, Jean Bautista Arxu, Jean Dominique, Julien Salaberri...
Biltzaile handia izanik ere, izan zen Azkuek bazterrean uztea erabaki zuen herri kantagintzarik. Hark ere aitortu zuen jasotako abesti askoren hitzak aldatu egiten zituela entzundakoa «gordinkeria» edo «ergelkeria hutsa» zela iritziz gero. Tradizio ziren asko tradiziotik kanpo gelditu dira biltzailearen irizpide politiko horregatik haren liburuetan, eta pena dela aitortzen du Bixente Martinez musikariak. Urteak eman ditu berak herri kantagintza zaharra berreskuratzen Oskorri eta Hiru Truku taldeekin; baina, bekatuak bekatu, Azkueren alde mintzo da historia, musikariaren irudikoz. «Langile izugarria izan zen, baina baita katolikoa eta apur bat integrista ere. Gizonkote handi bat zen, beltzez jantzia, eta baserrietan jendea izutu egiten zen halako apaiz bat ikustean. Ez zion edozeinek kopla berderik kantatzen, eta inork kantatzen zionean ere berak maiz ez zituen apuntatzen. Pena da, bai, hori guztia galdu izana, baina balantza batean jarriz gero egindako lanaren aldekoak eta kontrakoak, inondik inora aldekoek dute pisurik handiena».


Infernuko hauspoa

Izan dira, noski, ahaleginak bazter samarrean gelditutako kantu horiek berreskuratzeko. Orain 50 urte, esaterako, Txomin Peillen eta Jon Mirande idazleek Parisen sortutako aldizkarian, Igela-n, azken ale ia osoa eskaini zioten tradizioz kanpoko tradizio hari. Baina bazterreko kontuak dira. Ez da harritzekoa fenomenoa, Kaltzakortaren hitzetan. Beste herrialdeetan ere antzekoa izan da historia. «Kantu berde eta gordinak kultura guztietan izan dira, baina gehien-gehienetan ez dira heldu inprentara. Garai hartan ez zen erraz onartzekoa halakorik. Jendeak bazekien orduan ere ipuinak eta abestiak era batekoak eta bestekoak izaten zirela, baina hori argitaratzea pentsaezina egiten zitzaien. Grimm anaientzat ipuin fantastikoak argitaratzea arazoa zen artean, eta, noski, askoz ere arazo handiagoa izango zatekeen ipuin erotikoak-edo argitaratzea».
Bazterketa baten kronika egiten du Koldo Izagirre idazleak Jazinto Rivas Elgeta trikitilariari buruz idatzitako liburuan, Elgeta, Sasiaren sustraiak lanean. XX. mendeko herri folklorearen funtsezko osagaia izan zen trikitia, gurera langile italiarrek ekarritako musika tresna, baina garai hartako eragile kontserbadore zein ezkertiarrek ez zuten berehalakoan onartu. Tresna izendatzeko erabilitako bost izen aipatzen ditu horren frogatzat Izagirrek: inpernuko hauspoa, inpernuko burruntzia, inpreiñuko artaziak, inpreiñuko karramarroa eta Kepa Enbeita bertsolariak jarritakoa; Txerren-hauspoa.
Lomaxen grabazioetan ere, bildutakoa beste mintzo da bildu gabe utzitakoa, Beltranen hitzetan. «1952an etorri zen, eta garai hartan Euskal Herrian oso indartsu zebilen eskusoinua. Oiartzunen jaiero bost bilera izaten ziren, eta bostetan soinua jotzen zen. Lomaxek grabatutako bi ordu inguru horietan, baina, ez zion segundo bakar bat ere eskaini eskusoinuari». Har liteke paradigma gisa trikitiarena, baina ez da baztertuta egon den musika tresna bakarra izan, ordea, Beltranek gogorarazten duenez. Urteak daramatza berak herri musikagintzan erabili ohi ziren tresnak berreskuratu eta ikertzen, eta bi adibide jartzen ditu. Txalapartarena da bata: «Ber-bertan ziren txalapartariak, baina inork ez zituen ez ikusi, eta ezta entzun ere». Eta txistuarena da bestea: «Trikitia jotzeagatik inori ez zitzaion ukatu azken sakramenturik. Ez dago hori frogatzen duen dokumenturik, behintzat. Txistua jotzeagatik, ordea, bai. Infernuko txilibitua esaten zioten tresna hari garai batean, eta Inexa Gaxen Hondarribiko emakumea sorgina zela esan, eta hura sutan erretzera kondenatzeko erabili zituzten beste hamaika karguen artean hori da aipatzen direnetariko bat: danbolina jotzen zuela».
Lagun batek Azkueren kantutegia oparitu zionean deskubritu zuen Martinezek tradiziozko herri kantagintza. «Nire gazte garaian nigana heltzen zen musika guztia musika komertziala zen, kanpotik zetorrena: rock anglosaxoia eta halakoak. Oskorrirekin hasi eta koskortzen joan nintzenean, zerbait pertsonalagoa egin nahi nuen, nortasun handiagoko zerbait. Gure kantutegi tradizionalak eman zidan hori lortzeko bidea. Hemen musika ikaragarri ederra dago aukera ematen diguna zerbait gurea, berezia eta modernoa egiteko, eta horretan hasi nintzen». Geroztik maiz erabili ditu kantutegi zaharreko abestiak bere errepertorioa osatzeko. Eta ez da bakarra izan. «Euskal kantagintzaren esparrua zabalduz joan ahala, gero eta zabalagoa izan da kanta zahar horiek izan duten hedapena ere».


Transmisioa eta mutazioa

Ahots bakoitzak badu bere garrantzia. Aurrekoei hartu, propio egin, eta ondorengoei utzi. Transmisio horrek har dezakeen neurriaz ohartzeko, Dominika Etxart abeslari hil berriaren kasua har daiteke adibidetzat; Eperra kantuarena, zehazki. Altzürüküko agure bati ikasi zion Etxartek, kantua galbidetik atera, Niko Etxart semeari erakutsi, hark bere diskoetariko batean grabatu, jendartean hedatu, eta hala izan zuen abestiak bigarren piztualdia. Lehen ere herri kanta zena, herri kanta bilakatuta bigarrenez.
Zaharra dena berri egin beharraz mintzo da Martinez. Ideia horrek gidatu omen du Oskorrirekin eta Hiru Trukurekin egindako lanean. «Ni ez naiz inoiz izan kantu zaharrak hartu eta garai batean izan zitezkeen bezala botatzearen aldekoa. Gure lanaren ideologia musikala kantu zaharrak hartu eta moldatzea izan da beti. Maitasun handiz, baina errespetu gutxiz. Azken batean, musika tradizionalaren katean katebegitxo bat gara gu gure aurreko belaunaldien eta gure ondorengoen artean. Gero etorriko direnek ere ez dituzte emango kantu tradizionalak gure modura, baizik eta beren erara. Kantu zaharrak beti transmititu dira orain arte ahoz aho, eta ez partituren bidez. Ahozkotasun horrek laguntzen du belaunaldiz belaunaldi abestia aldatzen. Jendeak ikasi egiten du kantua baina gero nork bere erara kantatzen du beti. Guk ere hori egin dugu, gure modura».
Izan ere, hori da herri kantagintzaren konstantea, Beltranen ustez: aldaketa. Tradizioaren bizitasunaren defendatzailea da, eta horregatik kritikatzen du herri kantagintzaz aritzean hainbestetan entzun ohi den benetakotasunaren ideia. Tradizio izango bada, berezkoa du mutazioa, eta Maurizio Elizalde txistularia jartzen du adibidetzat. «Izan dugun musikari onenetariko bat da. Berak esaten zuen bere aitak bezal-bezala jotzen zuela, Antonio Elizaldek bezala. Baina, hain justu, ezberdin jotzen zuelako jotzen zuen bere aitak bezal-bezala, musikarekin jolasten zelako. Nik ez dakit zenbat aldiz grabatu nuen Elizalde jotzen, baina sekula ez zuen jotzen pieza bat modu berean. Ez, ordea, ezintasunez, baizik eta gaitasunez».


Biltzen jarraitu beharraz

Hori interesatzen zaio Beltrani tradizioaz, jario etengabe hori. Biltzen jarraitu beharra azpimarratzen du horregatik. Dioenez, garai batean besteko garrantzia du orain ere lan horrek. «Batzuek diote bukatu dela bilketa garaia; baina, nire ustez, igual-igual gaude, Aita Donostiaren garaian bezal-bezala. Egin da bilketa lan bat, baina lan handia dago oraindik egiteko. Aita Donostia hil eta gero sortutakoak ere bildu behar dira. Orain ari naiz ni baino gazteago diren musikarien berezitasunak biltzen, esaterako. Tradizioa hori da. Musikari zaharrak modu batera jotzen zuen, eta haren ilobak diferente jotzen du. Zaharrak jotzen zuena benetakoa da, baina baita ilobak jotzen duena ere. Hor sumatzen da herri musikaren bizitasuna».
Abestiak herri abesti izateko haizea behar duela dio, funtsean, Beltranek, eta haizerik baldin bada badela oraindik ere zer bildua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.