Bertsolaritza

Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa

Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Aizpuruaren atzetik, Eki Mateorenak egin du bigarren

Haira Aizpurua, Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako txapelduna. ARITZ LOIOLA
Miren Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 3a
20:09
Entzun

«Udalekuko famili/ bat bada hemen dagona/ Ibai, Irantzu ta Haize/ zaizte nire zoriona/ Luma, zu gabe enintzake/ hain lasai helduko hona/ Unax, zuk eman diezu/ nire bertso denei forma/ Nire ondoan bihotzez/ bakotxa baita egona/ zuei esker dut ahots hau/ eta naiz naizen pertsona (bis)/ zuentzako da txapela/ amatxi eta amona». Txapela buruan, hala agurtu du Haira Aizpurua bertsolariak Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finala. Bigarren txapela du gaur irabazitakoa; 2021eko eskolarteko txapelketan ere lehendabiziko egin baitzuen. Iurretako frontoian jokatu da aurtengo finala, eta 180 lagun batu dira bertan. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapeldunari txapela.

Bederatzi bertsolari aritu dira Aizpuruarekin batera kantuan: Eki Mateorena txapeldunordea, Maddi Agirre, Sabin Abarrategi, Haizea Telleria, Ixone Asategi, June Aiestaran, Danel Etxeberria, Ibai Lekuona eta Kattin Madariaga. Igor Meñikak egin ditu aurkezle lanak, eta Beñat Vidalek, berriz, gai emailearenak. Bost epailek epaitu dituzte hamar bertsolariek kantatutakoak: Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.