Hainbat talde ariko dira Zetak-ek BECen antolatu duen jaialdian, apirilean

'Zeinen ederra izango den FEST' leloa izango du, eta, iragarri dutenez, Gatibu, ETS, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz eta beste ariko dira

Nagore Arin.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zetak taldeak «jaialdi berezi bat» antolatu du, Zeinen ederra izango den FEST lelopean. «Euskal Herriko urteko musika eta gizarte ekitaldi nagusi» bilakatu nahi dute jaialdi berezi hori, eta datorren urtean egingo dute, apirilaren 2an, Barakaldoko (Bizkaia) BEC Bilbao Exhibition Centre erakustazoka handian. Eta, handitasun horretan, talde handiak iragarri dituzte: Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, Zoo, ETS, Maria Arnal y Marcel Bages, Los Chikos del Maiz, Sua, eta Adriana Gaulter dira baieztatutako lehen taldeak, baina gehiago ere izango direla iragarri dute.

«Mundu guztiarentzako topagune» bilakatu nahi dute jaialdia. «Herri txikia izan arren, Euskal Herrian horrelako gauza handiak egiteko gai garela erakusten duen erakustaldi bat izango da», adierazi dute antolatzaileek. Hain justu, hortik dator jaialdiaren beraren funtsa ere, Zetak taldearen Zeinen ederra izango den kantutik: «Ezintasun eta kolektibitate negatiboko garai batean sortu zen, 2020ko konfinamenduan. Euskal gizarte osoarekin konektatu, eta biral egin zen berehala; musika esparrutik haratago joan, eta mugimendu itxaropentsu bihurtu zen».

Hala, kantu soil moduan hasi zena «proiektu handi bat, gizarte osoarentzako jaialdi» bihurtu dute. Antolatzaileen esanetan, musika jendearekin elkartzeko aitzakia bat izan dadila nahi dute, non guztiek «esperientzia paregabe batez» gozatuko duten, «baikortasuna eta zoriontasuna inspiratuz». Horregatik azpimarratu dute behin eta berriro «denona eta denontzat» ideia, nabarmentzeko edozein sexutako, adinetako, herrialdetako, klase sozialetako eta arrazatako jendearentzako moduko jaialdi bat izango dela.

Urteroko zita

Zetak taldeak eta Panda Artist Management agentziak antolatu dute jaialdia, Xabi Uribe-Etxebarriaren laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Urteroko ekintza bilakatu nahi dute, eta datorren urtean egingo dutena ibilbide horren lehen pausoa izango da. «Jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin hitzordu bat izatera, 'Whatsapp talde osoa batzen duen jaialdi' moduko bat. Galdu ezin den zerbait», adierazi dute.

Ziur daude «Euskal Herriko musika eta gizarte ekitaldirik handienetako bat» izango dela; izan ere, jaialdiaren data, kartela eta lekua jakinarazi baino lehen, 2.000 sarrera saldu ziren ekitaldiaren lehen iragarpenarekin bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.