EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin sortu dute Mikel Laboa Katedrak "ikerkuntza bultzatzeko" balio behar dute, Juan Kruz Igerabide katedraren zuzendariak argitu duenez: "sortzen ari direnekin ere harreman zuzena nahi dugu". Horretarako, hainbat dirulaguntza eskuratzeko deialdia zabaldu dute.
"Sormena bultzatzeko" izango dira horietariko bi, Igerabidek azaldu duenez: "Proiektu artistikoak sortu eta garatzeko izango dira", 3.000 eurokoa bakoitza. Antzerki proiektu batentzat eta arte plastikozko beste batentzat izango dira horiek, 35 urte edo gutxiago dauzkaten "gazteei" zuzenduak. Doinua hitz hitza doinu Mikel Laboa saria izango da beste bat. Horretarako grabaturiko kanta bat aurkeztu behar da, eta partitura ere aukeran: "Balioetsiko duguna izango da hitza eta doinua nola uztartzen diren, hitzaren balio poetiko-literarioa eta doinuaren balio musikala", Igerabideren arabera. Hiru sari izango dira, 3.000 eurokoa lehena eta 1.000 euroko beste bi. Adin muga 35 urtean jarri dute.
Ikerkuntzarako bi deialdiak elkarrekiko osagarriak izango dira, tesiak egiteko ikergai zehatzen inguruan. Gai horiei dagokienez, azalpenak eman ditu Gidor Bilbao Mikel Laboa katedraren laguntzaile iraunkorrak: "Nahiko modu zabalean zehaztuta daude: euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa, eta bereziki musika eta dantza lehenetsiko dira, folklorea eta euskal artisten obra". Hiru urterako kontratua eskaintzen dute horietan, "gainerako deialdi homologatuetan egiten dena". Deialdi horretatik kanpo laga dute bertsolaritza, beste deialdi bat izango delako bereziki ikerketa esparru horrentzat. Hurrengo deialdiak 2014ko otsailean ateratzeko asmoa daukate. Gaien zerrenda "oso zabala" egin dute, ikusteko ikertzaile potentzialen artean zer proposamen dauden. Halere, gutxi ikertutako kultur arloko esparruak eta bereziki Mikel Laboaren lana ikertuko dutenak lehenetsiko dituzte. Bost doktorez osaturiko epaimahaiak ebatsiko du zein proiektu aukeratuko den. Ikerketa lan monografikoen deialdia aurrekoaren osagarri izatea nahi dute, master amaierako lanak lehenetsiko baitituzte horretarako: "Izan ere, master amaierako lanak bideratuta daude honezkero, data kontuengatik. Horregatik pentsatu dugu horiek lehenestea, baina ez ixtea", argitu du Bilbaok. Ikerketarako gaiak berdinak izango dira bi deialdietan, eta hiru laguntza emango dituzte, 3.000 eurokoak, abendura bitartean jarduteko.
Sariketarako soilik euskarazko kantak onartuko dira, antzerki proiektuan ere bai, eta ikerketei dagokienez, lehentasuna izango dute. Informazio gehiago ehu.es/laboakatedra webgunean topatu daiteke.
Unibertsitatea
Hainbat beka eta sariketarako deialdia zabaldu du Mikel Laboa Katedrak
Sormen lanentzako dirulaguntzak euskarazko lanentzat izango dira, eta ikerketa proiektuei emango zaizkienetan euskarazkoek lehentasuna izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu