Iaz bete ziren 120 urte Luis Buñuel jaio zela (Calanda, Teruel, Espainia, 1900 - Mexiko Hiria, 1983). Urteurrenaren aitzakian, aurtengo Nosferatu zinema zikloa hari eskaintzea erabaki zuten Donostia Kulturak, Tabakalerak, Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak. Zikloari lotuta, halaber, zinemagileari eskainitako bi liburu plazaratuko zituztela ere iragarri zuten. Bietako lehena, gaztelerazko argitalpena, kalean da dagoeneko: hemezortzi adituren testuak bildu dituzte, Buñuelen obraz eta figuraz nork bere ikuspegitik idatzitakoak. Nosferatu bildumako 17. zenbakia da, eta Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute. Beste argitalpena, euskaraz plazaratuko dena, Harkaitz Cano ari da lantzen, eta, aurreratu dutenez, «oso ariketa literario libre eta jostaria» izango da; «Egile saiakera» gisako bat, Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arloko arduradunaren hitzetan.
«Buñuelen gaineko espezialista handienak» gonbidatu dituzte liburuan parte hartzera, Fernandezen hitzetan, eta hiru atal nagusitan banatu dituzte bildutako testuak. Lehenean, zinemagilearen ibilbidea modu kronologikoan aztertzen dute hainbat adituk, hastapenetatik azken garaietaraino. Hala, Buñuelek Calandan, Zaragozan, Madrilen eta Parisen igarotako urteak azaldu ditu Agustin Sanchez Vidalek. Segidan, Espainiako II. Errepublikako urteetako jardunaz idatzi du Carlos F. Herederok, eta garai bereko testuinguruan sakondu du Julian Casanovak. «Aro garrantzitsua dute biek hizpide, ezinezkoa baita Buñuelen figura ulertzea bere obra testuinguru historikoari lotu gabe».
Zuzendariak Hollywoodeko zinemarekin izan zuen harremana laburbildu du Fernando Gabriel Martinek, eta Mexikoko ibilbidea aletu, berriz, Amparo Martinez Herranzek —Mexikon ondu zuen Buñuelek bere filmografiaren zatirik handiena: bere 32 film luzeetako hemezortzi—. Zinemagileak Frantzian emandako urteez eta Jean-Claude Carriere gidoilariarekin izandako harremanaz idatzi du Emmanuel Larrazek, eta Nancy Berthierrek, berriz, Viridiana (1961) filmean jarri du arreta, zeina mugarri bat izan zen zuzendariaren ibilbidean. Carlos Losillak, azkenik, 1960-1977 urteen arteko azken etapa eta, bereziki, Tristana (1970) eta Cet obscur objet du désir (1977) filmak izan ditu aztergai bere testuan.
Gaiak eta testigantzak
Liburuaren bigarren zatian, zinemagilearen obrari lotutako sei gai edo alderdiri heldu diete beste horrenbeste adituk. Abismos de pasión (1970) lana adibidetzat hartu, eta Buñuelek melodramari buruz zuen ikuspegian sakondu du Santos Zunzunegik. Publikoak haren filmei egindako harreraz idatzi du Luis Alegrek, «apenas landu izan dena», Anguloren esanetan, eta Benito Perez Galdosen obrarekiko loturak aztertu ditu Arantxa Agirrek. Emakumeak haren obran duen lekua ikertu du Imma Merinok; Buñuelek beste zinemagileengan utzitako aztarnak Desiree de Fezek, eta espazioen erabilera, azkenik, Quim Casasek.
Halaber, liburuaren hirugarren atalean, hainbat testigantza bildu dituzte. Buñuelekin 1969an izan zuen enkontru laburraz testu bat idatzi du Carlos Boyerok. Fernandezek Angela Molinari egindako elkarrizketa dator jarraian —Cet obscur objet du désir (1977) filmeko protagonista izan zen antzezlea—. Calandako Buñuel Zentroko zuzendari Jordi Xifraren testu bat ere jaso dute atal berean. Lana ixteko, Buñuelen filmografia eta bibliografia komentatu bat landu du Carlos Losillak. Hitzaurrerako, berriz, Carlos Saurak 1983an idatzitako testu bat berreskuratu dute; Veneziako zinema jaialdian irakurri zuen Saurak testu hura, Buñuel hil eta gutxira. Harena da liburuaren azaleko argazkia ere.
Zikloa martxan
Iragan urtarrilaren 6an ekin zioten Buñueli eskainitako Nosferatu zikloari, Donostiako Tabakaleran. Un chien andalou (1929) eta L'âge d'or (1930) filmak eman zituzten egun hartan, eta haren gainerako 30 filmak ere proiektatuko dituzte. Egitaraua osatzeko, gainera, Buñuel + Plus izenburupean, zuzendariarengan eragina izan zuten edo haren eragina jaso zuten beste hemezortzi film ere emango dituzte.
Antolatzaileak pozik daude zikloa izaten ari den harrerarekin. Izan ere, Beltranek jakinarazi du orain arteko saioetan sarrera guztiak agortu direla.
Hainbat adituren Buñueli buruzko ikuspegiak bildu dituzte liburu batean
Zuzendariari eskaini diote Nosferatu bildumako gaztelerazko argitalpen berria. Harkaitz Cano euskarazko «egile saiakera bat» prestatzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu