Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Haendel eta Zelenkaren lanak izango dira gaur Kursaalean

Collegium 1704 orkestrak eta abesbatza barrokoak interpretatuko dituzte bi konpositoreen lanak. Donostiako 83. Musika Hamabostaldian izango da, gaur, 20:00etan.

Gaurko kontzertuaren aurkezpena, Kursaalean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 23a
17:18
Entzun

Lehen aldiz ariko dira Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704 abesbatza 83. Musika Hamabostaldian, gaur. Vaklav Luks Txekiar Errepublikako antzinako musikako zuzendariak gidatuko du emanaldia. Luksek behin-behineko talde moduan sortu zituen bi proiektuak, Bach-Praga jaialdiaren 2005eko edizioan aritzeko, baina 2007tik Europa osoko antzinako musika jaialdietara gonbidatzen dituzte. Haendelenen erlijio musikako obra ezagunetako bat interpretatuko dute, Dixit Dominus, Jan Dismas Zelenka konpositore barroko txekiarrak sortutako azken mezarekin batera.

Oihana Mugerza Musika Hamabostaldiko zuzendari artistikoaren ondokoak kontzertuaren kalitatea nabarmendu du: «Nahiko errepertorio ezezaguna du, eta, gainera, goi mailako musikari adituek interpretatuko dute. Nire ustez, jaialdia ireki zuen John Eliot Gardinerren baliokide izan daiteke».

Luksek tronpetista moduan hasi zuen ibilbidea, baina Suitzako Schola Cantorum Basiliensisera teklatu instrumentuak ikastera joan zenean aurkitu zuen bere pasioa: musika barrokoa. Orduz geroztik, hainbat talde sortu eta ospe handiko zenbait talderekin aritu da instrumentista nahiz zuzendari moduan; Barockorchester Baselekin, esaterako. Interpretatu behar duten musika maite dutela esan du kontzertu aurreko agerraldian, eta gaurko Zelenkaren gainean egin dutela lan bereziki: «Zelenka konpositorea ez da oso ezaguna ,eta, beraz, mundu osoan ezagutaraztea da gure egitekoa. Musikagile bohemiotzat har dezakegu, baina garrantzitsua da Bachen maila bereko musikaria dela azpimarratzea. Oso estilo pertsonala du, eta soilik bi akorde entzunda jakin daiteke haren lana dela».

Zelenkak 1741ean idatzi zuen Missa Omnium Sanctorun, 60 urte baino gehiago zituela, eta solista, koru eta orkestrentzat diseinatutako obra hedakor eta dinamikoa da. Luks: «Obra liturgikoa da, bizitzaren amaieran konposatu zuen obra erlijiosoa. Berak sei obrako ziklo bat osatu nahi zuen, baina soilik hiru amaitu zituen. Beltxargaren kantu moduko bat edo egilearen agur bat dela kontsideratu dezakegu. Bere buruarentzat ondu zuen obra bat dela uste dut, beharbada, haren obrarik pertsonalena».

Lehen zatian, Haendel

Haendel, berriz, operako konpositore lanetan hasi berria zen Italiara bidaiatzea erabaki zuenean. Dixit Dominus haren sorkuntza lan goiztiarretako bat da, 22 urterekin sortu baitzuen. «Badirudi Haendel gazteak mundu osoari erakutsi nahi ziola ordurako zer egiteko gai zen», esan du Luksek. Dixit Dominus kontzertuaren lehen zatian entzungo da, eta, zuzendariaren ustez, obra italiar hori oso bortitza, indar handikoa eta zirrara handikoa da. Haren iritziz, gainera, interpretatzeko zaila da, bai eta oso zorrotza ere.

Emanaldiko sarrerak Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan har daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.