Habia nahi den lekuan egitearen alde

Karrikan antzerki taldeak migrazioari buruzko gogoeta egin du 'Inungane, sustraiak airean' obran

Karrikan antzerki taldeko Eneko Sagardoi, Miren Erdoiza eta Julene Barneola. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Txorien antza izan nahi lukete, inon sustrairik jarri gabe bizitzeko, edo sustraiak nahi duten lekuan errotzeko, arazorik gabe. «Geure buruari baimena eman nahi diogu nahi dugun lekuetan, nahi dugun moduan ibiltzeko», dio Eneko Sagardoi Karrika antzerki taldeko kideak. Desio horretatik sortu dute Inungane, sustraiak airean antzezlana. Bihar eta etzi antzeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.

Donostiara heldu aurretik, baina, egina du bere ibilbidea antzezlanak. Duela urtebete estreinatu zuten Durangoko (Bizkaia) Zilar Astean. Hark eraginda sortutako antzezlana baita. «Migrazioa izan zen Zilar Asteko gaia urte hartan, eta guk hura landuz egin genuen obra hau», zehaztu du Sagardoik. Habia propio bat sortu dute horretarako, eta aktoreak bertara nahi dutenean sartzen diren etorkinak dira. Hara, askatasunez sartu eta irtetea nahi dute, eta hori adierazteko, sentsazioak erabiltzen dituzte. Hainbat diziplinarekin: besteak beste, irudiak, koreografiak, kantua eta testua nahasten dituzte. Antzerki bisualaren barruan kokatzen dute obra taldekideek. «Ez du hasierarik, ez du amaierarik, istorio laburren bilduma bat da», gaineratu du Julene Bernaola taldeko teknikariak. Hala ere, aktoreak jaio egiten dira antzezlaneko lehenengo zatian, edo horren antzeko zerbait planteatzen dute. Interpretazio horrek ahalik eta neutroen izateko ateratzen dira erdi biluzik. «Neutraltasuna adierazteko modurik egokiena iruditu zitzaigun biluztea, sexu eta estilorik gabeko pertsonaiak azaldu nahi ditugu era horretan», esan du Miren Erdoiza aktoreak.

Hurbileko obra da Inungane, sustraiak airean, Sagardoiren arabera. Habia bat bezain hurbilekoa: «Lupetzarekin, adarrekin, sustraiekin osatu dugu, primarioa ere badela esango nuke». Benetako habia baten itxurakoa. Joxe Martin Urrutia Txotxe-k zuzendu eta idatzi du obra. Aktoreek, hala ere, nabarmendu dute «elkarlanean bereziki osatu duten lana» izan dela. «Eszenetako bat esaterako Sagardoik idatzi du, eta gainerakoak, beste taldekideek».

Urteko obra bat

Elkarlana Karrikaren ezaugarrietako bat dela uste dute Sagardoik, Bernaolak eta Erdoizak. Antzerki talde amateurra izateak horretan badu eraginik. Inungane, sustraiak airean antzokietan ez ezik, bestelako tokietan ere antzeztu dute, frontoietan edo kalean, besteak beste. Alde horretatik, obra «moldagarria» da.

1998an sortu zuten Karrika antzerki taldea. Urte hauetan guztietan 20 bat antzezlan egin dituztela adierazi dute. Kalkulua ere aterea dute: urteko obra bat egiten dute, gutxienez. Taldekideen gehiengoa amateurra da, nahiz eta tartean profesional batzuk egon. Bien artean muga handiegirik ez dagoela uste dute, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.