Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeei buruz Habanera doinuaren neurrian idaztera bultzatu ditu gai-jartzaileak Berriketan.info-ko B Puntua txapelketaren bigarren saioan, Hauteskundeak badatoz berriz ere ate joka… puntua emanda. Hamazazpi lagunek utzi dituzte beren lanak azkeneko bost egunetan.
Iragan berri diren hauteskundeekiko eta, oro har, Espainiarekiko halako urrutiratze bat erakutsi dute parte hartzaile gehienek, eta tonu eszeptikoa nagusitu da haien lanetan. Urrutiratzea eta eszeptizismoa muturreraino eramanda, bozik ez emateko aholku garbi eta ziurra eman du bere alean Xabier Rico Hurtadok:
Hauteskundeak badatoz
berriz ere ate joka
demokrazia faltsua
denok lotzen gaitun soka
partitokrazia zorrotza
parlamentuan dago-ta
suminduen sumindura
goraka eta borborka
politikoen artean
gezurretako borroka
bankariekin pagotxa
langileekin oztopa
agintariak badira
herritarrekin despota
hobe genuke botoa
zarama kutxara bota!
Nolanahi ere, urrutiratzeak urrutiratze eta eszeptizismoak eszeptizismo, parte hartzaile gehienek boza ematearen alde agertu dira, eta izan da boza emango zion alderdi jakinaren berri argitasun osoz eman duenik ere.
Iñaki Aurrekoetxeak atzo bidali zuen bere alea Berriketan.info-ko B Puntua atalera, hauteskundeak pasa eta gero, parte hartzaile gehienek adierazitako sentimenduak laburbilduz bertso dotorean:
Hauteskundeak badatoz
berriz ere ate joka…
memokraziak jarri du
lau urteroko azoka.
Monkloa beherapenetan,
bi saltzaile txar mokoka;
eta gaur ondorioei
egiten diegu hozka.
Euskal Herriaren alde
joan zen atzoko bozka,
«orain zer egingo dute?»,
artega dabil mordoxka…
Madrilera goazela
ospa dezagun, bai, ospa,
ta laster Espainiatik
egingo dugula ospa!
Habanera doinuko bozak
'Berriketa.info'-ko B Puntua lehiaketako bertsoetan Espainiako hauteskundeekiko eszeptizismoa igarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu