Habanako bazterrak Bilbora, argazki sorta baten bitartez

Emiliano Suarezen '#TexturesoflaHabana' argazki bilduma hartuko du YIMBY espazioak, ostiralera bitarte

Bisitariak, Emiliano Suarezen argazkiak begiratzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
ARGAZKILARITZA. Emiliano Suarez argazkilari bilbotarrak #TexturesoflaHabana bilduma ondu zuen Kubako hiriburura egindako ostera batean, eta orain, Bilboko YIMBY espazioan erakutsiko ditu argazkiok, ostiralera bitarte. Habanako kale eta eraikinetako txokoak eta xehetasunak agertu ditu Suarezek lanetan, baita herritar andana baten erretratuak ere, koloretan zein zuri-beltzean. «Garrantzitsuena historiak kontatzea da, eta argazki bakoitzak berea du», nabarmendu du.

Berarentzat Habana zer den: hori agertzeko asmoa izan du erakusketan. «Ez dut jai giroaren ikuspegia aukeratu; malenkonia sentsazioa islatzen saiatu naiz argazkietan». Argazki bilduma hamar urteko iraupena izango duen proiektu baten barruan garatu du Suarezek. Aurretik, New Yorkeko (AEB) ertzak erakutsi zituen, eta, Habanaren ondotik, Chicagon (AEB) ere egon da.

Suarezen erakusketaz gain, Kuba hizpide duten beste jarduera batzuk antolatu dituzte YIMBYn ostiralera bitarte. Horietako bat Jorge Lopez Gereñuren Angelitos Negros/ Tococoro murala da, erakusleihoan kokatu dutena. Karbono dioxidoa xurgatu eta oxigenoa botatzen duten pinturekin eginda dago. «Kolore beroak eta askotarikoak erabili ditut arraza eta kultura nahasketaz hitz egiteko», adierazi du artistak. Kubako hainbat musikari ezagun marraztu ditu, baita tocororo bat eta tximeleta loreen sorta bat ere —hegazti eta lore nazionalak, hurrenez hurren—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.