Nafarroako VII. Komiki Azokaren antolatzaileek hamalau piezako bilduma eskatu zioten H28hilabetekarisaretirikoa-ri, azokaren barruan fanzineen inguruko erakusketa bat osatzeko, baina bildumako bi lan atzera bota dituzte antolatzaileek. Zehazki, lan horietako batek Opus Deiri eta pedofiliari egiten dio erreferentzia, eta Guardia Zibilak Burlatan «Tortura» zioen pintaketaren harira egindako atxiloketen gaia lantzen du besteak. Marrazki guztiak onartu ezean azokan parte hartuko ez duela adierazi du aldizkariak, eta, Tiza elkarteko zuzendaritzak erabakiari eutsi dioenez, H28-k uko egin dio Nafarroako VII. Komiki Azokan parte hartzeari.
Lanen edukia izan da horiek zentsuratzeko arrazoia, aldizkariari adierazi diotenez. Opus Deiren inguruko marrazkia «gehiegizkoa» iruditu zaie azokako antolatzaileei, eta ez dute uste kolektibo osoa pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Beste binetari dagokionez, azoka ez dela torturari buruz hitz egiteko leku egokia argudiatu dute. Dani Fano H28-ko kide eta marrazkilariak azaldu duenez, ez du ulertzen azokaren antolatzaileek bineten edukia zentsuratu izana: «Lanen kalitate faltagatik edo haien formatuagatik baztertzea ulertuko genuke». Albistea «pena handiz» hartu dute, eta baita harriduraz ere; izan ere, aldizkariaren esanetan, azokaren antolatzaileek ez zuten inongo eduki mugarik aipatu. Gainera, azokak gonbidatu zuen aldizkaria erakusketan parte hartzera, eta lanen aukeraketa haren esku utzi zuten; Fanok azpimarratu du antolatzaileek bazekitela H28 aldizkari satirikoa dela, eta haren edukiak doan kontsultatu daitezkeela sarean. Horregatik harritu dira aldizkariko kideak azokak hartutako erabakiarekin.
Etorkizuneko azoketan babesle pribatuak galtzeko arriskua ere aipatu dute azokaren antolatzaileek lan horiek baztertzeko arrazoi gisa; Nafarroako Kutxaren fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Ingles dira azokaren babesle pribatuak. Ironiaz erantzun dio aldizkariak argudio horri: «H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglesen katalogo bat helarazteko. Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxetresnei buruzko orriak. Akaso, horrela prezioa izango da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia». Fanoren ustez, inbertsio pribatua dagoenean, beti dago beldurra, baina azokaren lana da haren edukia babesleen aurrean defendatzea; «inbertsio pribatua galtzeko beldurra ezin da inoiz aitzakia izan». Fanok dioenez, «azokak hartu beharko luke beti azken erabakia; adierazpen askatasuna ezin da enpresa pribatuen esku utzi».
Hipokrisiaren aurka
2015. urteko Charlie Hebdo Frantziako aldizkariaren aurkako atentatuen ostean sortu zen H28; lehen zenbakia urte hartako urtarrilaren 28an kaleratu zen, eta, hilero, marrazki satirikoak kaleratzen ditu sarean. Fanok azaldu duenez, Parisko atentatu horien ostean ikusitako hipokrisiak bultzatu zituen aldizkaria sortzera, eta lehen zenbakiko editorialean agertzen da kezka hori: «Hainbeste defendatzen dute denek adierazpen askatasuna orain, kezka sortu zaigula: nork defendatuko gaitu gu adierazpen askatasuna defendatzen dutenez?».
Nafarrroako Komiki Azokan gertatu dena ikusita, H28 aldizkariak salatu du gauzak ez direla asko aldatu urte eta erdian. Hala ere, Fanok uste du gertakariak aldizkariaren eginkizuna «berretsi» egiten duela, eta hilero sarean, doan eta euskaraz satira eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute aldizkariko kideek; Fanok adierazi duenez, orain gogo handiagoa dute lan horrekin jarraitzeko.
'H28' aldizkariaren bi lan zentsuratu ditu Nafarroako Komiki Azokak
Azokaren antolatzaileek atzera bota dituzte Opus Deiri eta torturari buruzko bi pieza. Azokan parte ez hartzea erabaki du aldizkariak, eta satira eskaintzen jarraituko dutela adierazi dute bertako kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu