Gutxienez 2024. urtera atzeratuko dute Bilboko Euskal Museoaren irekiera

Hurrengo hilabeteetan esleituko dituzte zaharberritze lan handienak, eta ateak berriz irekitzean museoak zer itxura izango duen aurreratu dute

Jesus Moreno, Bilboko Euskal Museoak kanpotik izango duen itxura erakusten duen irudi baten aurrean. M. DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Pandemia heldu aurretik 2023rako espero zuten zabalik Bilboko Euskal Museoa berriz ere: handituta, zaharberrituta eta museografia berriarekin. Orain artekoak halako hiru bisitari izatea eta EMYA Europako Urteko Museoaren sarirako hautagaitza sendoa aurkeztea da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren asmoa, eta 20 milioi euroko aurrekontua gorde dute horretarako. Bere horretan jarraitzen dute asmo horiek guztiek, baina pandemiak moteldu egin ditu erritmoak, eta 2024rako espero dute zabalik orain. Beste atzerapenik ez bada, behintzat. Sorkunde Aiarza museoko zuzendariak zehaztu duenez, hurrengo hilabetean esleituko dituzte handitze eta berritze lan nagusiak, eta hamazazpi hilabete iraungo duten aurreikuspena dute.

Bitartean, tantaka-tantaka, arduradunak badoaz museoaren itxura berriaren nondik norakoak aurkezten, eta ibilbideak proposatuko duen kontakizunaren hainbat zehaztapen eman dituzte orain diskurtso berria diseinatzeaz arduratu den JMASOC estudioko arduradunek. Azaldu dute, esaterako, 1.000 pieza inguru jarri nahi dituztela ikusgai, eta, horregatik, «erdi-iraunkorra» izango dela erakusketa nagusia. Museoak 50.000 pieza baino gehiagoko bilduma daukalako hartu dute erabaki hori; horrela, aukera izango dute piezak aldatzeko. Horrek erraztu egingo du publikoari sekula erakutsi gabeko lanak erakustea.

Jesus Moreno izan da museografia berriaren arduradunetako bat, eta pozik azaldu da, Bilboko kasuan aldi berean berritu ahal izan dituztelako hala arkitektura nola diskurtsoa. Eta portzentaje bat aurreratuz deskribatu du etorkizuneko museoaren itxura: «%80 museo konbentzionala izango da, eta %20 baliabide teknologikoak izango dira».

Miserikordia gunea da proiektuaz nabarmendu duten beste puntuetako bat. Hustu egingo dute eraikinaren parte hori, goitik behera, eta, hiru solairuak batuz, hamalau metroko altuera izango duen areto bakar bilakatuko dute. Hor nagusituko dira teknologia berriak. Maketa handi bat egongo da, paretan gora joango dena, eta gainean proiekzioak egingo dira. Harmaila bat ere egongo da, eta euskarari eskainitako soinu paisaia moduko bat erakutsiko dute hor. Bildumako harribitxiak ere erakutsiko dituzte, eta bisitariak gero ikusiko duenaren aurrerapen moduko bat izango du horri esker.

Euskara ardatz

Euskara izango da ibilbidearen ardatza, hain zuzen. Aurreratua zuten hori zaharberritze proiektua aurkeztean, eta halaxe izango dela berretsi dute orain museografia berriaren arduradunek. Horregatik izango du pisua lehen areto horretan, eta, gerora ere, museo osoa blaituko du ideia horrek, Aiarzak esan duenez.

Museoa euskal kulturari zabaldutako «atea» izango dela azaldu du Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko kultura diputatuak, eta grafikoki irudikatu du museoaren azken asmoa: «Etor dadila ezagutzen ez gaituen bisitaria eta atera dadila euskaldunok nor garen eta euskal kultura zer den jakinda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.