Durangoko Azoka. Aiert Goenagaren kargugabetzea

«Gutxieneko baldintzarik gabe, ez da izango Ahotsenea»

Gotzon Barandiaran Ahotseneko arduradunak Aiert Goenagak egindako lanaren alde egin du

mikel lizarralde
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendari postutik kentzeko Gerediaga elkarteak hartutako erabakiarekin minduta dago Gotzon Barandiaran idazle eta Ahotseneko arduraduna. «Aiertekin egin dutena lotsagarria, torpea eta justifikaezina da. Iraingarria». Zuzendari izan den denboran Goenagak egin duen lana defenditu du Barandiaranek. «Duela bost urtetik hona Gerediagari askok eskatu dioguna egin du Aiertek». Hain zuzen ere, auzolana eta elkarlana bultzatu dituela nabarmendu du Barandiaranek; «euskal kulturaren azoka bihurtzeko bidean, euskal kulturako adierazpideekin aritu delako auzolanean».

Erabakiaren atzean azokaren ereduari buruzko ikuspegi ezberdinak ikusten ditu Ahotseneko arduradunak. «Zuzendaritzako batzuek —eta horiek nagusitu dira erabakian— pentsatzen dute azken hitzak beti izan behar duela beraiena. Haiek erabaki eta guk men egin behar dugula». Aldiz, azken azokan Goenagak abian jarritako ereduaren emaitzak onak izan direla dio Barandiaranek. «Aiertek ulertu du koordinazio mahaiak autonomia izan behar zuela. Azokaren egitaraua osatu dugu, batak bestea elikatuz, lan komuna eginez. Gerediagak onartutako ildo estrategikoak praktikara eraman ditugu, talde lanean». Izan ere, egindakoaren aitorpena ere egin dio Gerediagari. «Koordinazio mahaian, inork ez dio ukatu Gerediagari egindako lana. Beti joan gara osatzeko asmoz, orain dela bost urte zegoen amildegi hartatik ateratzeko».

Goenagaren eta Gerediagaren arteko tirabirak ez dira azkeneko hilabetean sortu. Joan den urteko udan ere izan zen hura botatzeko saiorik. «Kaleratu egin zuten! Beraz, hau bigarren aldia da», zehaztu du Barandiaranek. Horri lotuta, Gerediagako zuzendaritzako kide batzuekin oso kritiko ageri da. «Aiert kendu beharrean, haietako batzuk aldatu beharko lirateke. Horiek dira euskal kulturaren eta azokaren minbizia».

Gerediagak esan du orain arteko bideari eutsiko diola; baita koordinazio mahaiari ere. Barandiaranen iritziz, hori «ez dator bat» Goenaga kargugabetzearekin. Egun, Ahotsenea bera ere kolokan ikusten du sortzaileak biltzen dituen gunearen arduradunak, nahiz eta lanean segitzeko gogoz egon: «Borrokatu beharko dugu etorkizunean. Baina gutxieneko baldintzak ez badaude, aurten ez da izango Ahotsenea. Hori, argi».

Sinergiak batzeaz

Ander Iturriotz EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak ere kudeaketa ereduari buruzko ikuspegi talka ikusten du Goenaga kargutik kentzeko erabakiaren atzean. Haren iritziz, Gerediagak arriskua ikusi du «azokak bere eskuetatik ihes egiteko». «Berak hasieratik egin du apustua beste elkarteekin lan egiteko, eta koordinazio mahaia ere eratu zuten. Horretan asmatu duela uste dut. Sinergiak batu behar dira krisi garaian. Baina mugimendu estrategiko horiek gehiegizkotzat joko zituen Gerediagak».

Iturriotzi ere eskatu zioten duela zenbait urte azokaren gaineko iritzia, eta gerora Goenagak bultzatu duen ereduarekin bat zetorrela azaldu du. «Ez dut uste hor arazorik egon beharko lukeenik, are gutxiago Gerediagak berak onartzen badu plan estrategikoarekin segitu nahi duela».

Nolanahi ere, ez dago ados Gerediagak bere erabakia ezagutarazteko hartutako bidearekin, eta oharrak berak «haustura edo pitzadura» irudikatzen duela uste du. «Gerediagak ez du argudiorik eman. Eta ikusi beharko da beste sektoreek nolako erantzuna emango duten. Eta sektoreek bizkar ematen badiote Gerediagari, azokak atzera egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.