Gutxiagorekin, gehiagoren bila

Keu Agirretxea abeslari eta gitarristak zortzi abesti «elektroakustiko» bildu ditu 'Ura eta bakea' disko berrian. Hainbat idazleren eta musikariren laguntzarekin osatu du lana

Keu Agirretxea abeslari eta gitarra jotzaileak zortzi kantu bildu ditu Ura eta bakea diskoan. ARRATE STUDIO.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bi oin, oinutsik, bidean aurrera; harriz, hostoz eta belarrez beteriko bidean aurrera, lokatzez zikindurik. Paisaia hori agertzen da Keu Agirretxea (Ondarroa, Bizkaia, 1973) musikariaren azken diskoaren azalean. Bederatzigarren lana du, eta Ura eta bakea du izenburua. Zortzi kantu biltzen ditu, eta, orain arteko ibilbidean bezala, artista askorekin egindako kolaborazioen ondorioa da. Disko «heldua» dela uste du Agirretxeak berak: «Disko elektroakustiko bat da; indar handia dute ahotsaren melodiek eta hitzen bitartez kontatzen diren istorioek, eta gitarra elektrikoaren eta akustikoaren oreka ere diskoaren nortasunaren adierazgarri da». Airakak argitaratu du diskoa.

Askotariko gaiak landu ditu: hala pertsonalagoak, nola sozialagoak. Azken horietako bat da Inozeren herria. Xavier Aldekoa kazetariaren liburu batean oinarrituta dago, eta Nerea Arrienek eman dio kantu forma. Abeslariak azaldu duenez, Hego Sudaneko errefuxiatuen kanpaleku batean bizi izandako hainbat egoera ditu hizpide: «Kanpaleku horretan ehunka emakume bortxatu zituzten aste batean, eta horietako asko hil egin zituzten. Gai gogorra ukitzen du, eta Nereak oso ongi jaso zuen mamia». Antzera gertatzen da diskoari izenburua ematen dion kantuarekin(Ura eta bakea). Aldekoaren beste liburu batean oinarrituta dago, eta, kasu horretan, Aiert Goenaga arduratu da hitzak idazteaz. Somaliako mugatik gertu kokatzen da istorioa, eta gerratik ihesi dabilen familia bat du protagonista: «Ehunka kilometro egin ostean, errefuxiatuen kanpaleku batera iristen dira. Kanpaleku samingarri batekin egiten dute topo, gutariko inork ez luke hor egon nahiko... Haiek, ordea, gauza garrantzitsu bi aurkitzen dituzte: ura eta bakea».

Nortasuna, ezinbesteko

Hirugarren adibide bat ere xehatu du musikariak: Mamutzarra du izena, Gotzon Barandiaranen hitzak dit, eta, beste biekin kontrastean, istorio pertsonalago bat jorratzen du. Heroitzat duen familiako kide bat egun batetik bestera desagertzean 15 urteko gazte batek bizi duena kontatzen du abestiak: «Pertsona horrek beste familia bat eta beste bizitza bat aukeratzen ditu. Hautu horrek etxean gelditu den gazteari dakarzkionoztopoen inguruan hitz egiten du, hutsune horien faltan, zelan hurbiltzen zaizkion mamuak gauero». Arrienek, Barandiaranek eta Goenak ez ezik, Txili Lauzirikak eta Eneko Garmendiak ere idatzi dituzte hitzak, eta Olatz Salvadorrek, Izaskun Muruagak nahiz Joseba Irazokik ere parte hartu dute alderdi musikalean. Agirretxeari gero eta gehiago gustatzen zaio kolaborazioak egitea: «Kantuak beste eremu batera eramaten dituzte».

Melodiari eta instrumentazioari begira, «gauza gutxiagorekin gauza gehiago egiten» ahalegindu da. Nomadak eta kofrea (2016) aurreko diskoaren ildotik urrundu dela azpimarratu du; izan ere, nabarmen murriztu du instrumentu kopurua: «Nahiz eta elementu gutxiago eduki, hitzekin, kantatzeko moduarekin eta gitarraren moldaketekin diskoa beste lursail batera eramaten saiatu naiz». Kasu honetan, ahotsari eman dio lehentasuna: «Ahotsak gehiago laguntzen dit orain, eta melodiak izaten dira abiapuntu. Gero melodia horri harmonia egoki bat ipintzen saiatzen naiz». Sormen prozesu horretan, bere bideari jarraitzea da inportanteena: «Beti saiatzen naiz abestiei nire ukitua ematen. Inportanteena nik neuk musikalki egiten dudan horretan sinestea da, eta hitzekin eta melodiarekin ere gauza berbera gertatzen da; neure buruan sinetsi behar dut».

Durangoko Azokarako atera zuen diskoa, eta, geroztik, kontzertuz kontzertu ibili da. Mikel Arakistain du bidelagun, txikitatik laguna duena: «Elkarrekin gaude 1993tik. Talde askotan jo dugu elkarrekin, eta ondo ezagutzen dugu elkar». Zuzeneko emanaldietan, askotariko formatuak eskaintzen ditu. Arakistainekin, esaterako, baxuaren elementua txertatzen du: «Disko berriko bost kantu jotzen ditugu, eta aurreko diskoetako pila bat. Konponketa batzuk eginda, kantu berbera beste ikuspuntu batetik jotzen dugu, eta horrek asko betetzen nau». Arakistainekin ez ezik, Pablo Novoarekin eta Haimar Arejitarekin ere igo izan da oholtzara: «Niretzat, luxu bat da horrelako musikariekin eta horrelako lagunekin jotzea; bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio, eta asko disfrutatzen dut haiekin jotzen».

Koronabirusaren afera dela eta, behin-behinean eten behar izan dute zuzenekoen dinamika, baina beste bakarlari eta artista askok bezala, «beste bide batzuk» hartzen ari da, «hasitako bidea bertan behera ez gelditzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.