Othoi çato etchera (Otoi zatoz etxera) izenburupean, 1757an lapurteraz idatzitako gutun batzuk eta horien gaineko ikerketa argitaratu dituzte Lapurdum agerkarian Xabier Lamikiz, Manuel Padilla Moyano eta Xarles Bidegain ikertzaileek. Guztira, 50 eskutitz dira, Lapurdiko 48 lagunek Kanadako Louisburg hirian zeuden beste 45 laguni idatzitakoak. Denetariko gaiak azaltzen dira gutunetan: penak, estualdiak, egunean eguneko gertaerak... Batek du, ordea, presentziarik handiena: igorleak hartzaileri adierazten dio hura Lapurdira itzul dadin duen desira. Horregatik titulua.
Baionako portutik atera zen urte hartan Le Dauphin itsasontzia Kanadarantz. Bertan zeramaten korrespondentzia. Zazpi Urteko Gerra zen orduan, eta garai hartako Europako potentziek parte hartu zuten hartan. Le Dauphin itsasontziak apirilaren 4an ekin zion bidaiari, baina, lau egunen buruan, Ingalaterrako hiru gerraontzirekin topo egin zuen. Borroka egin gabe errenditu ziren, ez baitzuten ahalmenik ingelesak garaitzeko. Portsmoutheko portura eraman zituzten, eta epaiketa bat ere egin zuten, Le Dauphin etsaien itsasontzi bat ote zen egiaztatzeko. Ondasun guztiak kendu zizkieten. Eskutitzak ez ziren sekula Kanadara iritsi. Harrezkeroztik, Londresen gordeak egon dira.
Lamikizek aurkitu zituen gutunak. Adierazi du «kasualitatez» topatu zituela High Court of Admiralty Londresko artxibategian, 2003an, bere tesirako bilaketa lanetan ari zela. Gutunen gaineko ikerketa lanari, ordea, 2007an ekin zioten. «Gutun gehiago zeuden jakin nahi genuelako hartu dugu hainbeste denbora. Londresko artxibategian, ordea, milaka itsasontziren dokumentuak daude, eta lan nekeza da hori bilatzea. Horrelako bilduma gehiagorik ez dugu aurkitu». Hego Euskal Herriko itsasontzietako hainbat gutun ere aurkitu zituztela aipatu du, baina ez euskarazkorik.
Topatutako gutun sorta «guztiz ezohikoa» dela uste du CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentroko arduradun Rikardo Etxeparek: «Ez dago tamaina horretako corpusik euskaraz». Nabarmendu du gutunen igorleak herritar arruntak direla. Hala, horrek aztarnak eman ditzake Ipar Euskal Herriko euskaldunen alfabetatzeaz, Padillaren aburuz: «Soziolinguistikaren aldetik, garrantzi handikoa da aurkikuntza. Frantziako Erresumako euskaldun askok euskaraz zekitela erakusten du; jende xumeak euskaraz alfabetatuak zirela».
Europako beste herrialdeetako korrespondentziarekin alderatu du gutun sorta, «oso antzekoak» direlakoan. «Europako gutungintza herrikoiaren tradizioan sartzen da», azaldu du. Gutun horiek, gainera, herri xeheak erabiltzen zuen hizkuntza erakusten dutela erantsi du: «Nola mintzatzen zitzaion ama bat alabari, nola hitz egiten zion beldurraz, nahiez...». Testuak egon badaudela aipatu du, baina batik bat elizgizonek edo jakitunek idatziak. Ororen gainetik, ideia bat atxiki nahi izan du: «Aurkikuntza horri esker badugu XVIII. mendeko lapurteraren argazki bat».
Gutunetan hitz egiten zutenari heldu dio Bidegainek: «Tituluak berak dio zer dioten gutunek gehienbat. Baina ez hori soilik. Gutunek erakusten dute nola bizi ziren. Jendea miserian da. Erlijioa ere aipatzen dute luzaz. Dena den, distantzia geografikoa dago igorlearen eta hartzailearen artean, baina gertutasuna gutunetan».
Igorleak, emakumezkoak
Egindako ikerketen arabera, gutunen igorleen %60 emakumezkoak ziren. Hartzaileak, ordea, gizonezkoak ziren gehienbat. Beste datu «interesgarri» bat aipatu du Padillak: «Frantziako Iraultzaren aurreko testuinguruan zen, eta hor ikusi dugu Ipar Euskal Herriko euskaldun asko elebakarrak zirela. Kanadara joan eta gero, oraindik ere elebakar zirela. Dokumentuetan dago euskaraz zekien apaiz bat galdegin zutela Kanadan bizi zirenek».
Gutunak, distantzia laburtzeko
1757an lapurteraz idatziriko gutun batzuk aurkitu dituzte Londresen, 'Le Dauphin' itsasontziari ostuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu