Literatura

Gutun Zuriak Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides saritu ditu haien ibilbideagatik eta zubi lanagatik

Bilboko literatur jaialdiak estreinakoz banatu ditu BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko sariak, euskal autoreei eta nazioartekoei aitortza adierazteko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea makila ematen Miren Agur Meabe idazleari, goizean, Bilboko Azkuna zentroko atarian. AZKUNA ZENTROA
amaia igartua aristondo
2022ko martxoaren 29a
14:06
Entzun

Hainbat kultur sistemaren artean erraz dabilena da itzultzailea, hizkuntza batetik bestera joan-etorriak egiten dituena etengabean, eroso dagoena herri askotako historian eta kulturan murgilduta, eta bereganatu eta nahasten dituena batzuen zein besteen tradizioa. Itzultzailea ezinbestean da zubigile, eta, idazlea ere badenetan, haren testuek halabeharrez islatzen dute nahasketa hori. Itzultzaile zein idazle, biak ala biak dira BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko sariaren aurreneko onuradunak, Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) eta Theodor Kallifatides (Molaoi, Grezia, 1938). Goizean omendu dituzte, Bilboko Azkuna zentroko atarian egindako emanaldi batean.

Euskal autoreen eta nazioartekoen ibilbideari aitortza egiteko sortu ditu aipamenak Gutun Zuria Bilboko literatur jaialdiak, hiribilduko alkate Juan Mari Aburtok azaldu duenez. Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak xehatu ditu irabazle bakoitzaren merituak. Hain zuzen, Meabe saritu dute «poesia esploratzeagatik, literatur generoen zatiketatik haratago begiratzeagatik, bere testuen sendotasunagatik eta emankortasunagatik, eta literatura esperientzia garaikidetzat hartzeagatik».

Aburtok entregatu dio garaikurra Meaberi, makila bat. Eta, eskertzeko hitzartzean, idazleak esanahi propioa eman dio sinboloari. «Usadioz, makila betidanik ikusi dugu euskal gizonari lotuta. Segituan etortzen zaigu gogora artzaina, edo pasa den mendeko margolan kostunbristetako agintariak; argazki zaharretan ere ikusten dugu makila gizonezkoen apainketetan». Tresna hutsa izatetik sinbolo izatera igaro dela azpimarratu du, «babesa, errespetua, justizia eta aginpidea» adierazten dituen bat, zehazki, eta ezaugarri horiek emakumeei ere aitortu dizkie Meabek. «Neure izenean etorri arren, egurrean idazkun hau grabatuta balu bezala hartu nahi nuke: euren arkatza makila bihurtu duten atzoko eta gaurko euskal emakume idazleei. Izan ere, arkatza izan dugu eta badugu makila, bai nork bere bidea urratu eta ibiltzeko, bai gure arteko zuloen artean zubiak eraikitzeko, bai arestian gurean lo egon dena esnatzeko. Eta baita gure indarra ere erakusteko».

Itzulpengintza, ezagutu eta ulertzeko

Grezian sortu zen Kallifatides, baina Suedian bizi izan da dozenaka urtez. Greziara egindako bidaia batean, bere bi izaera horien inguruan hausnartzen hasi zen, zenbateraino den suediarra, non dagoen gaztaroko greko hura. Ordura arteko obrak suedieraz idatziak zituen, baina grezieraz ondu zuen Mia zoi akoma (Beste bizitza bat bizitzeko), gogoetokin osatutako lana. Hala, itzulpengintzan egindako lanak baino gehiago, bizitzak berak eraman du autore greziarra kulturen bidegurutzean egotera, eta giltzarri lan horrengatik eskuratu du gaur Gutun Zuriako saria; Perezek aletu duenez, «hitzaren bitartez errealitateak eta esperientziak berrasmatzeko moduagatik, hizkuntzen eta lurraldeen artean zubiak eraikitzeko ahalmenagatik, itzulpengintza bizitza ulertzeko modutzat jotzeagatik, eta bere karrera literario sendoagatik».

Idazlearen diskurtsoak antzeko ildo bati jarraitu dio, orobat. «Greziako herri oso txiki batekoa naiz, baina Bilboren esperientzia berak ditu: gerra, jazarpena eta fanatismoa. Saria jasotzea ohorea baino gehiago da niretzat: nire herriak eta hiri honek irauten dutelako froga da, eta iraungo dutelakoa, kulturaren bidez». Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak eman dio makila Kallifatidesi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.