Literatura

Gutun Zuria jaialdia martxoaren 23tik 27ra egingo da Bilbon

'HEMEN. Non guztiak biltzen dituen lekua' egingo dute literatur topaketa, eta bertan izango dira, besteak beste, Eider Rodriguez, Txani Rodriguez, Miren Agur Meabe, Katixa Agirre, Damian Tabarovsky, Alexei Yurchak eta David Le Breton

Katixa Agirrek hartuko du parte, besteak beste, Gutun Zurian. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 25a
12:12
Entzun

Joan den urtean eta koronabirusaren hedapena zela eta, ezin izan zuten egin Gutun Zuria letren jaialdia Bilbon. Aurten, aldiz, pandemiaren momentuko egoerari egokituko zaio literatur festibala, antolatzaileek azaldu dutenez, eta «hainbat estadiotan» garatutako jaialdia izango da, une bakoitzean sortzen den egoerara moldatuko dena. Gauzak horrela, Bilboko Azkuna zentroan izango dira ekitaldietako batzuk, baina beste batzuk modu birtualean eta podcasten bitartez zabalduko dituzte. Horregatik, Hemen hitzari erreparatuko dio bereziki Gutun Zuriak aurten: «Hemen hori artista eta idazle bakoitzaren hemen-en garatuko da, egungo osasun egoerak ezartzen dituen mugak gaindituz eta jaialdia espazioan eta forman hedatutako proiektu bihurtuz.

2020an, jaialdiak proposatu zuen, entsegu kolektibo gisa, gizartean normaltasun itxuraren pean gertatzen diren eraldaketetara hurbiltzea. «Hain zuzen ere, pandemiak bizkortu egin du eraldatze prozesu hori, eta horren guztiaren berrirakurketa eragin du. Topaketa ezin izan zen egin, baina azken urtean gertatutakoari buruzko entsegua egiten jarraitu du proiektuak hilabete hauetan». Hori dela eta, aurtengo festibala —2021-2020koa izendatu dutena—, denboran eta forman banatuko da. Alde batetik, iazko ekitaldia Saiakera hemen hasten da liburu kolektibo bihurtu dute, eta, beste alde batetik, aurtengo ekitaldia «irakurketaren arte ikuspegi berrietara eta artearen literatura ikuspegi berrietara» zabalduko dute.

Aurten, antolatzaileek azaldu dutenez, hizkuntza gutxituen ekosisteman arteak eta euskarazko idazkerak duten tokia, eta tentsioak eta loturak aztertu nahi dituzte, «jaialdia lekuz kanpo egoteko lekura eta esperientziara irekitzea, atzerriko idazkeren eta sorkuntza migratzaileen bidez».

Gutun Zuria martxoaren 23tik 27ra egingo dute aurten, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Damian Tabarovsky, Alexei Yurchak, David Le Breton, Marta Peirano, Kaouther Adimi, Paul B. Preciado, Eider Rodriguez, Aixa de la Cruz, Katixa Agirre, Txani Rodriguez eta Miren Agur Meabek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.