Lehenik, amarekin goizero egindako pasierak izan ziren. Pasiera horietan hainbat zeruertzi —ez bakarrik— ateratako argazkiak ondoren. Kantuen zirriborroak landu zituen gero, eta Egunsentiak alferrentzat diskoa (autoekoitzia) plazaratu du oraintsu Andoni Tolosa Morau-k (Hernani, Gipuzkoa, 1963). Arrainentzako himnoak aurreko lanarekin (2014) bezala, 500 aleko edizio mugatua kaleratu du; eskuz esku eman zioten azken ukitua diskoaren estalkiari, auzolanean. Bandcamp plataforman entzun litezke hamahiru kantuak, eta zuzenekoetan salduko ditu ale fisikoak.
Arrainentzako himnoak Beñardo Goietxerekin batera ondu zuen, bikote formatuan. Honako hau bakarka osatu du, baina Goietxek berak ahotsak sartu ditu kanturik gehienetan. Bihar Gasteizko Oihaneder euskararen etxean (19:30) aurkeztuko du diskoa, berak bakarrik, eta etzi jaioterrian, Hernaniko Milagrosan (22:00). Aurretik, Mugaldekoak taldea ariko da. Talde horretako kide da Goietxe, eta, hortaz, Morau ere lagunduko du zuzenean.
Duela hamabi urte hasi zen Morau amarekin goizero paseatzen, eguna argitu orduko. Bi urte geroago, alzheimerra diagnostikatu zioten amari. Egunero paseatzen jarraitu zuten. Ama hil arte beste hamar urte igaro ziren.
Zergatik erretratatzen zenuen gehienetan zerua?
Gure eguneroko agertokia zelako. Argazkiak aterako nituen pasiera horien azken lau urteetan-edo, baina bageneramatzan zortzi bat urte goizero paseatzen. Nolabait, gu bion espazioa zen. Orain, edozeinekin ateratzen naiz paseatzera, eta zerura begira noa. Beti gorantz begira. Amaren zaintza prozesu honetan, begirada aldatu zitzaidan une batean. Lehen ez nuen erreparatzen horrelako gauzetan, ea txoriak errepide erdira azaltzen ziren, ea norbaitek papera bota zuen paperontzitik kanpora, ea goroldioa zegoen bankuan... amarekin ikasi nuen hori guztia. Argazkiak modu batizan dira errutinari etekina ateratzeko. Behin errutinan sartu ginenean, disfrutatzen hasi nintzen amaren konpainiarekin.
Paseo horietan kantatzen al zenuten?
Ez, ez genuen kantatzen. Baina amak beti kantatu izan zuen. Txikitan, bi adar izan ditugu etxean musikalki. Alde batetik, bertsoak. Beti entzuten ziren bertsoak etxeko irratian. Eta, gero, ama kantari. Umeak ginenean, amak asko kantatzen zigun. Haurrentzako kantuak ziren asko. Gaixo zenean, noizbait egin genuen proba ea gogoratzen zen kantu horietaz. Kantuari laguntzeko eskuen mugimenduekin gogoratzen zen, eta hasten zen kantatzen... baina gero berriro trabatzen zen.
Amak bazuen argazkien eta kantuen berri?
Argazkien berri bazuen, kantuena ez. Bien konplizitate modu bat ere izan baitzen argazkiena. Batzuetan, pistak ematen zizkidan zeri atera argazkia. Esaten zidan «begira, begira, begira...», eta eguzki gorri bat zetorrela esaten zidan. Nik beti esaten nion: «Ama, aspertu egingo zara argazkiak ateratzen hasten banaiz...». Eta ezetz esaten zidan, lasai geratzeko argazkiak ateratzera ere. Ez zitzaion inporta hori, mantsoago joatea edo itxaron behar izatea.
Modu intimo eta samurrean aletu dituzu gaixotasunaren hainbat osagarri, ikuspegi, elementu... Zeurezko joera duzu, baina honetan, akaso, inoizko intimo eta samurren.
Bai; amarekiko harremana oso intimoa bihurtu zen azkenean. Ordu asko eman nituen amarekin. Ez amarekin bakarrik, aita ere gaixo baikenuen. Paseo horiek oso gauza intimoa bihurtu ziren. Alzheimerra duenak galdu egiten du lotsa ere, eta bi lagunen arteko paseoak bihurtu ziren. Barre ere asko egiten genuen haren ateraldiekin. Detaile asko jaso nituen, asko eta asko. Material pilo bat bildu nuen, zirriborro moduan asko, eta horri forma bat ematea eskatzen zidan...
Karga emozional handiko material hori esku artean izanda, asko pentsatu behar izan zenuen noizbait plaza publikora aterako zenuela erabakitzeko?
Bai, erreparoa izan nuen, eta oraindik ez ditut gainditu zalantza horiek. Orain, elkarrizketak egiterakoan, badakit zaintzaz eta alzheimerraz hitz egin beharko dudala ia-ia musikaz bezainbeste edo gehiago. Eta hor badut zalantza. Ez baita soilik intimoa neurekiko; beste pertsona batzuen kontu intimoak ari naiz kontatzen, eta horrek oraindik erreparo handiagoa ematen dit. Ez nago ohituta.
Diskoari abiapuntua ematen dion Alzheimer kantuak gaitzaren aurkezpena dakar, eta honela dio: «...inongo zerutan galtzen dira, aingura guztiek huts egin ostean». Aingura guztiek huts egiten dutenean, musika geratzen da?
Amari ahaztu egin zitzaion hitz egitea azkenenerako. Baina, hala ere, ez zitzaion inoiz desagertu paseatzeko gogoa, ibiltzekoa. Eskuetako behatzak mugituz adierazten zigun paseatu nahi zuela. Ospitalean zegoela, erizainek tubo luze bat jarri, pasillora atera, eta azken momentura arte mantendu zuen ohitura hori. Nik uste dut gorputzak eskatzen ziola, badagoela gorputz inteligentzia bat, eta hartaz oso gutxi hitz egiten dela. Ohitura da galtzen dugun azken gauza, eta gure amak bazuen asko ohitura fisikotik. Gorputzak eramaten zuen hura.
Aurreko diskoko Hondarribia 2012 kantua ekar dezake gogora kantu horren tonalitate eta garapenak...
Hura ere oso istorio zehatza zen; Alzheimer kantuaren letra ere zehatza eta luzea da. Sei minutuko kantua da. Garbi neukan ez nuela moztu nahi. Biek dute narratibitate bat, eta biek dute tempo antzeko bat, nahiz eta Hondarribia 2012-k gora egiten duen eta epikoago bukatzen den. Baina halako garapen bat eskatzen dute. Kantu horretan badago esaldi bat esaten duena... «zer kantu entzuteko babestu behar dudan bihotza». Niretzat inportantea litzateke jakitea zein kanturentzat babestu behar dudan bihotza.
Nola aurre egin drama gehiegizko batean erortzeko arriskuari ?
Hor niretzat sekulako deskubrimendua izan ziren Miguel Gallardo eta Maria Gallardoren Maria eta biok eta Mariak 20 urte ditu komikiak, Astiberrik euskaraz plazaratuak. Alaba autistaren gainean egindakoak dira bi komikiak. Bi harribitxi dira. Asko gustatu zitzaidan darabilten tonua. Hor deskubritu nuen konta litekeela oso egoera dramatikoa oso modu samurrean, eta oso ondo ulertu zer kontatzen ari zaren. Hor garbi ikusi nahi nuen zer tonu erabili nahi nuen. Segur aski, bestela ere antzeko zerbait aterako zitzaidan, baina hori irakurrita hasi nintzen selektiboagoa izaten, zeren, batzuetan, tentazioa da oso dramara joatekoa...
Gaixo kantuan, galdetzen duzu: «Nor da eri, bera edo ni?». Eri sentitu zara diskoa ontzeko orduan, edo lagundu dizu eritasunari aurre egiten?
Bai, bai. Zaintzaileak eritu egiten gara; askotan, gaixoak adina edo gehiago. Oso ondo zaindu behar dugu geure burua zaintza prozesu batean gabiltzanean... Eta oso garrantzitsua da, batez ere, motxila norberak bakarrik ez hartzea. Hori oso hedatua dago, batez ere emakumeen artean.
Tonu intimo eta biluzia izanagatik, kantuek dimentsio sozial bat hartzen dute.
Jendearekin hitz egiten duzunean, konturatzen zara noraino diren unibertsalak kantu hauen gaiak. Barrutik kanpora jauzi egingo bazenu bezala. Nori ez zaio tokatu edo tokatuko pertsona helduren bat zaintzea? Alde horretatik, uste dut bakoitzaren esperientziaren langa gainditu eta gai kolektiboa bihurtzen dela behin publiko egindakoan. Jendartearen uste, asmo, balioak dantzan jartzen dituelako, batik bat. Gehienok dugu zerbait esateko, gehitzeko, ekarpenen bat egiteko; ez genuke aberastasun hori galdu beharko.
Ahotsa eta gitarra. Hala behar zuen, biluzia.
Kantuak egin ahala erabaki nuen bakarrik egin nahi nuela disko hau, eta niretzat apustu handia izan da. Agotak amaitu eta gero, Beñardo Goietxe eta biok aritu gara, eta gero ere jarraituko dugu, baina aprobetxatuz bera Mugaldekoak-ekin zegoela, pentsatu nuen hau zela momentua bakarkako disko intimista hau egiteko. Hauek dira kantuak, eta janzkera hau eskatzen dute.
Edonola ere, biluztasun horrek baditu elementu osagarriak, aberasgarriak. Esaterako, Ondo lo egin kantuan, xuxurla bezala abesten duzu, ia ahots dardartiarekin...
Nahita egin dut hori. Hain elementu gutxi egonda, eta, jakina, gitarrarekin apustua ez zen zerbait birtuosoa egitea, besteak beste ezin dudalako, eta ez zaidalako interesatzen bide hori. Baina ahotsarekin banuen gogoa pixka bat libreago aritzeko, gehiago modulatzeko... Alde horretatik, lan handia egin dut; ez dakit sumatzen den diskoan, baina lan handia egin dut....
Bi argazki-k oroimenaren jolasa dakar.
Konturatu nintzen oroimenak bere horretan ez duela hainbesteko garrantzirik. Oroimen historikoa garrantzitsua da, dudarik gabe, baina, oro har, oroimenari garrantzi handiegia ematen diogu gure gizartean, eta irudimenenari, oso garrantzi gutxi. Amarekin, drama ez zen memoria galtzea; oroimen berriak sortzeko gai ez zenean hasi zen drama. Hori zen drama. Memoria etengabeko asmatze bat da, eta, alzheimerraren kasuan, garrantzi berezia hartzen du irudimenak. Hori sekulako deskubrimendua izan zen niretzat. Zenbait gauzarekin amorratuta egon ondoren, lasaitu egin nintzen: berak pentsatzen duela bere senarra naizela? Zer inporta du! Inportanteena da berak sumatzea baduela ondoan pertsona bat konfiantza emango diona. Gero, zer forma emango dion berak... ba, ez du axola! Txorakeria horrek bide handia eman zidan.
Bi argazki-ren bi bertsio, aski desberdinak. «Bat bizi ahal izateko, bigarrena aingurak sortzeko»?
Oso bitxia izan da kantu horrekin gertatu dena. Kantu horrek liberazio moduko bat adierazten du niretzat. Onartzen dugu egunerokoa, eta, horri aurre egin behar diogula jabeturik, bi argazki egiten nituen. Konturatu nintzen argazkiak ez zirela gogoratzeko, baizik eta handik urte batzuetara istorio bat asmatzeko aukera izateko. Argazki bat, momentukoa bizitzeko, eta bigarrena, ez gogoratzeko, baizik materiala izateko gero zure oroimenak berriro asmatzeko. Eta diskurtso hori borobiltzeko kantuarekin gertatu zena oso bitxia da. Nik letra blogean jarri nuen goiz batean. Eta arratsaldeko zortzietan banuen Giorgio Bassmattiren mezu bat: Youtuben jarria zuela jada berak letra horrekin egindako kantua. Etxera joan zen, grabatu bideo batekin, eta Youtubera igo zuen. Eta ikusi orduko esan nuen: «Marabilla bat». Nik eskatu gabe egin zuen, eta letraren kontzeptua azaltzen du erabat gertaerak. Hark egin zuen kantua nik neurea bukatu baino lehen. Eta ikusi nuenean haren kantua, esan nion: «Hau grabatu egin behar duk diskorako». Hartara, Bi argazki kantuak bi kantu, bi bertsio izango zituen. Gainera, Bassmattiren fana naiz. Eman dion pop ukitua izugarri gustatu zait. Letrari ere bere moldaketak egin zizkion, eta oso ederra dela iruditzen zait. Eta diskoa bukatzeko ondo geratzen da, argitasuna ematen baitio.
Gaitegiarekin zerikusi handirik ez izan arren, egiteko moduek, filosofiak lotzen dute Arrainentzako himnoak aurreko diskoarekin ere... Hor Morau berri bat hasi zen?
Ez berria, baina bai helduagoa eta askeagoa. Eta ez askeagoa gaizki nengoelako diskoetxearekin-edo, baizik eta askeagoa neure buruarekin. Galdetu nion neure buruari: zer leku dauka Morauk euskal kantagintzaren barnean? Ba, duen lekua, eta kontziente naiz. Eta horrek kristoren askatasuna ematen dizu. Igual mugak dituzu, ez dituzu biltzen ehunka lagun emanaldietan, ez dituzu milaka disko saltzen, baina askatasun handia daukazu, eta, gainera, badaukazu jende bat askatasun horren emaitzak estimatzen dituena... Horrela lan egiteak asko asebetetzen zaitu.
Zuzenean emateko prest?
Bai, baina bertigo puntua ere badaukat. Nire espazio naturala tabernak eta beste izan dira. Erreparo handia ematen dit, ez baitakit nola funtzionatuko duen. Neure burua oso zaurgarri ikusten dut. Zuzenekoetan arma ugari ditut jendeagana egokitzeko, baina hemen oso zaurgarri ikusten dut neure burua. Ez nago ohituta barnekoa hainbeste zabaltzera. Akaso deituko didate gehiago zahar etxeetatik, baina gustura joango naiz haietara ere.
Andoni Tolosa, 'Morau'. Musikaria
«Gustura joango naiz zahar etxeetara ere»
Bizipen pertsonaletik, egunerokoaren epika txikitik eta samurtasunetik abiatuta osatu du Morauk 'Egunsentiak alferrentzat' disko intimista, alzheimerraz gaixoturiko amaren zaintza leitmotivtzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu