Testuei entzumenaren proba egiten zien. Ozen irakurtzen zuen esaldi bakoitza; hala irakurri eta harmoniko agertzen bazen, pentsamenduaren benetako adierazpena izango zen, eta estiloak behar zuen eraginkortasuna izango zuen. Le mot joie zuen helburua: hitz zehatza. Horrek azaltzen du lan bakoitzak eskatzen zion ahalegina.
Gustave Flaubert (Rouen, Frantzia, 1821 - Croisset, Frantzia, 1880) miretsia eta baztertua izan zen garai hartan, baina egun ez da zalantzan jartzen XIX. mendeko eleberrigile onenetako bat izan zela. Abenduaren 12an berrehun urte beteko dira jaio zenetik.
Colibrí aldizkari txikia da Flauberten literaturarekiko grina goiztiarraren erakuslea. Hark idazten zuen osorik, haurra zenean, eta hor ageri dira gerora jorratuko zituen zenbait gai. Parisera joan zen 1840an, Zuzenbidea ikastera, konbentzimendu handirik gabe. Victor Hugo ezagutu zuen, eta harekin bidaiatu zuen Pirinioetan eta Korsikan. Parisera itzulitakoan, ikasketak utzi zituen, eta hiritik Croissetera aldatu zen. Sena ibaiaren ertzean zegoen etxe batean bizi izan zen ordutik aurrera.
Zirrara egin zion beste bidaia bat egin zuen 1849 eta 1851 artean, Maxime du Campekin. Italian, Grezian, Egipton, Jerusalemen eta Konstantinoplan izan ziren. Orduko oroitzapenak Salambó idazteko baliatu zituen gero. Bidaiatik bueltan, 1851n, Madame Bovary idazten hasi zen. Aurretik, La tentation de Saint Antoine-ren lehen bertsioa idatzi zuen, baina ez zen kontent gelditu.
Madame Bovary-k mugarri bat ezarri zuen XIX. mendeko literaturan: erromantizismo berantiarraren obra adierazgarria da, eta errealismoaren erreferentzia puntutzat hartzen da. Itxura batean, senarrarekiko desleiala den andre bat erakusten du; baina garaiko gizartearen analisi sakona egiten du. Flauberti XIX. mendeak eragiten zion frustrazioa irudikatzen du , garaia gorroto baitzuen. Burgesiarekin lotzen zuen, eta zakarra, kaskarra, eskasa begitantzen zitzaion burgesia; gorroto zituen burgesen adimen falta eta edertasunarekiko arbuioa.
Idazleari «Madame Bovary ni naiz» esaldia egotzi zaio, baina, aditu batzuen arabera, funtsik gabeko atribuzioa da.
1856an, Parisko La Revue aldizkariak emanaldika argitaratu zuen Madame Bovary, eta 1857an, Michel Levy etxeak osorik. Liburuaren eskuizkribua eta haren transkripzioa Interneten daude ikusgai 2009tik. Patxi Apalategik euskarara ekarri, eta Ibaizabal argitaletxearekin argitaratu zen 1993an. Edizio berria eta zuzendua Elkar argitaletxeak plazaratu zuen, 2012an.
Nobelak sona eman zion, baina epaitegietara eraman zuen: moralaren aurka egitea egotzita salatu zituzten argitaletxea eta idazlea. Hala ere, errugabetzat jo zituzten, Baudelaire ez bezala. Poeta arrazoi beragatik zigortu zuten, urte hartan bertan argitaratutako Gaitzaren loreak lanarengatik.
Madame Bovary idatzi ondoren, 1858an, egungo Tunisian kokatutako Kartagora bidaiatu zuen, dokumentatzeko, bere hurrengo eleberria idazteko, Salambó. 1864an L'éducation sentimentale berridazten hasi zen, eta 1869an argitaratu zuen. Idazlearen lanik pertsonalena da.
1872an ama hil zitzaion, eta haren egoera ekonomikoa okertu egin zen. Baina, atsekabetuta egon arren, ez zion idazteari utzi. 1874an amaitu eta argitaratu zuen La tentation de Saint Antoine, eta, ordutik aurrera, Bouvard et Pécuchet satiran lanean aritu zen, baina ez zuen inoiz amaitu. Idazlea hil ondoren argitaratu zuten, 1881ean. Urtebete lehenago zendu zen, 1880an, 58 urterekin, garuneko odoljario baten ondorioz.
Denak behar du zentzu bat
Obra bakoitzari eskaintzen zion denboraren atzean dago errealismoarekiko eta estetikarekiko kezka zorrotza. Hizkuntzaren zehaztasuna bilatzen zuen: ez zuen nahi testuan ezer ez faltan ez sobera egoterik. Ez zuen deus ere uzten inspirazioaren menpe, estiloa xehetasunez lantzen zuen.
Dena erreala izatea bilatzen zuen; islatzen zuen errealitatearen edertasunak, ordea, irreala behar zuen izan. Esan liteke aldatu egin zuela literaturaren errealismoaren ohiko zentzua; errealitatearen imitazio huts gisa ulertzen baitzen, eta Flaubertek beste errealitate bat sortzen zuen.
Testuan ezkutaturik egoten ahalegintzen zen. Harentzat, bere presentzia arrazoirik gabe erakusten zuen oro istorioaren konbentzitzeko ahalmenaren eta sinesgarritasunaren aurkakoa zen.
Flauberten jaiotzaren bigarren mendeurrena dela eta, Alianza Espainiako argitaletxeak haren korrespondentziaren hautaketa bat argitaratu du. Gutunetan antzematen da haren izaera berezia. Adibidez, 24 urterekin idatzi zuen gaztetatik izan zuela bizitza izango zenaren susmoa: «[Bizitza] janari nazkagarriaren usainaren gisakoa da. Ez dugu jan behar okaztagarria dela jakiteko». Denak aspertzen zuela ikusten da. «Neure barnean, asperdura erradikal, intimo, garratz eta etengabea dago», idatzi zuen 1846an. Eta haren misoginia ere agerian gelditzen da, 1852an idatzitako gisa honetako esaldiekin: «Ekialdeko emakumea makina bat da, eta besterik ez».
Flauberti eta haren estiloari eskaini zaizkion lanen ugaritasunak berresten du literaturaren bilakaeran izan zuen garrantzia.
Literatura
Gustave Flaubert, hitz zehatzaren bila
Gustave Flaubert idazle frantziarra duela berrehun urte jaio zen; XIX. mendeko eleberrigile nabarmenetako bat izan zen. 'Madame Bovary' idatzi zuen, garai hartako errealismoaren gailurtzat jotzen den nobela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu