Azkena Rock jaialdia

Gurtu ikurra

Ekaitzak guztiz baldintzatu badu ere Azkena Rock jaialdiko azken egunaren hasiera, eguneko izar nagusiek normal jo dute; itxiera bikaina eskaini dute Iggy Popek, Lucinda Williamsek eta Ana Popovicek.

Ana Popovic, Azken Rock jaialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2023ko ekainaren 18a
14:40
Entzun

Oholtzari begiratuz ez baizik zeruari so hasi zuten arratsaldea Azkena Rock jaialdiko zaleek. Iragarrita zegoen euria egingo zuela bazkalostean, eta batek baino gehiagok irrikaz espero zuen, ordura arteko bero sapa leuntzeko. Andre Maria Zuriaren plazan eguerdian aritu ziren Chuck Prophet & The Mission Express, eta bero kolperen bat izan zen itzalaren gerizpean egon ez zirenen artean. 17:00ak aldera bete zen iragarpena, baina zaparrada ez ezik, ekaitza ere lehertu zen. Hala, hor hasi ziren pilatzen galderak: normal hasiko al zen 21. Azkena Rock jaialdiko larunbata?

17:30ak aldera igo behar zuten taula gainera Ezpalak-eko kideek, baina oraindik ateak ireki gabe zituen eremuak. Hainbat pertsona bildu ziren euripean esperoan, eta beste hainbat babesean, telefonoari begira ea berririk bazen. Antolatzaileen isiltasuna eta komunikaziorik eza nagusitu zen. Artean, inork ez zekien Brigade Loco jotzeko moduan izango zen. Ez zen hala izan; euritearen ondorioz, urak hartu zuen Love oholtza, eta ezinezkoa zen han kontzertu bat egitea. Ondorioz, bi euskal ordezkarien emanaldiak bertan behera geratu ziren, eta antolatzaileek zabaldu dutenez, trukean, haiek dira 2024ko Azkena Rock jaialdiko lehen talde konfirmatuak.

Hasierako ordua baino ordubete pasatxo beranduago ireki zituen ateak Azkena Rockek. Euria ari zuen oraindik, baina ez gehiegi, eta ez zegoen ekaitz elektrikoaren arrastorik. Zerua bera argituz joan zen, eta, gauak arratsaldearen lekukoa hartu ahala, desagertu egin ziren hodei ilunak. Nolanahi ere, Thrasville gunera jo zuten askok hasieran, euria amaitu arte aterpean egoteko. Aretoa mukuru zela aritu ziren Lost Cat eta Steel Beans. Ziurrenik, The Bevis Frondek baino zale gehiago bildu zituzten.

Amanda Shiresek ireki zuen oholtza nagusia, biolina eskuan. Eguraldi txarrak mugatuta, nahi baino laburrago aritu behar izan zuen. Hauskortasuna babes, kontzertu leuna eskaini zuen. Leunegia, ziurrenik, lehen ilaretan zeudenen hizketaldia entzuten baitzen Shires abesten zegoen bitartean. Country musika, folka, baladak, tenpo geldoak... zaleek zerbait gehiago espero zuten euripean jarraitzeko.

Aldi berean, Love oholtzako arazo teknikoak konpondu ezinik jarraitzen zuten teknikariek, eta, ondorioz, Nat Simons & Cherrie Currie ez ziren igo oholtzara. Zorionez, baina, haien kontzertua ez zen bertan behera utzi, orduz aldatu zuten soilik, ordutegi okerrenean: Iggy Popen konpetentzia moduan.

Jaialdi guztiek dituzte kartelburuak, izen guztien gainetik nabarmentzen diren izar handiak. Eta (ia) beti konplitzen dute. Baina badira sorpresatxoak ere, hain ezagunak ez izan arren, sekulako erakustaldia ematen dutenak. Azkena Rock jaialdiaren zigiluetako bat da hori: hain sona handia ez duten taldeak ezagutaraztea, haien kontzertura zalantzaz hurbiltzea hasieran eta txalo zaparrada batekin (a)gurtzea oholtzako izar berria. Eta hortik aurrera zale grinatsuena bihurtzea. Bada, hartu arkatza eta idatzi izen hau: Ana Popovic. Funk elektrikoa da oinarria, baina iturri askotatik edaten du: jazza, bluesa, soula... Popovicen ahotsa eta gitarra indartsua ikusgarria bada ere, oinarri erritmikoa da zutabea, eta horren inguruan eraikitzen dituzte abestiak. Azkena Rock jaialdian ez ezik, lasai asko aritu daitezke Donostiako, Gasteizko edo Getxoko jazzaldietan oholtza heterodoxoenetan ere. Erakustaldia.

Adina zenbaki bat da soilik
Popovicen erauntsiaren lekukoa Lucinda Williamsek hartu zuen, eguneko kartelburuetako batek. Eta kronikarekin jarraitu aurretik, garrantzitsua da zera nabarmentzea: 70 urte ditu, osasun arazo larriak izan ditu, iktus eta guzti. Ondorioz, oholtza gainean mugikortasuna mugatua du, eta abestien artean bronkioak irekitzeko sendagaiak hartzen ditu. Rock musikaren ikur nagusietako bat da Williams, merezimendu osoz urratu du Olinporako bidea, eta ez dio ezer zor inorri. Eta, hala ere, musika sortzen jarraitzen du, maila handiko kontzertuak eskaintzen ditu, eta adina soilik zenbaki bat dela berresten du. Izan ere, ahotsez ondo dago abeslaria, eta maila ona eskaini zuen.

Taldekideen babesa ere garrantzitsua da halakoetan, eta oso musikari onak ditu ondoan Lucinda Williamsek. Izan zen Stories from a rock n roll heart disko berriko abestiak entzuteko betarik, baita, noski, doinu klasikoagoetan murgiltzeko aukerarik. Emanaldia bukatzeko, Neil Youngen Rockin’ in the free world aukeratu zuen. Ereserkia bezain leitmotiva. «Maitasuna eta bakea. Eskerriko asko guztioi» esanez agurtu zen. Jarrai dezala rockeatzen Lucinda Williamsek.

Rockeatzen jarraitu zuen Azkena Rock jaialdiak ere, Melvins hirukotearen emanaldi bortitzarekin. Ez dute gatiburik egiten Buzz Osbornek, Steven Shane McDonaldek eta Dale Croverrek. Melodia apur bat noizean behin, eta, bestela, egurra. Tartean, The Beatles taldearen I wanna hold your hand kantuaren neurriz kanpoko bertsioa. Eta, guztia ez denez rocka, Melvisen zuzenekoa amaitzear zela oihu txikiak entzun ziren zaleen artean, talde txikiak saltoka, pozik, oihuka. Izan ere, bazen futbolzalerik, eta Alaves Lehen Mailara igo berri zen, 128. minutuan sartutako gol bati esker. Futbolzale ez ezik musikazale direnek, behintzat, partidarekin sufritu beharrean, kontzertuetan gozatu egin zuten.

Iggy Pop. Ez da egongo adina soilik zenbaki bat dela adierazteko pertsona egokiagorik. 76 urte ditu, eta animalia eszenikoa da oraindik. Maisuki menperatzen ditu oholtza eta zaleak. Gurtu beharreko ikur gisa dute zaleek. Hirugarren abestirako kendu zuen txalekoa, eta ohi bezala, elastikorik gabe aritu zen. Lucinda Williamsek bezala, oso ondo zaintzen du zein diren bere taldekideak, eta maila bikaineko musikaren babesa dauka. Begientzat, Iggy Pop zen protagonista bakarra, oholtzan maila apalago bat zutelako gainontzeko kideek; baina belarriek ongi zekiten babesa baino gehiago ematen dutela musikari horiek.

Iggy Popen ibilbidearen errepaso gisa balio izan zuen abesti zerrendak. Jo zituen abesti ezagunenak (The passenger eta I wanna be your dog, kasurako), baita The Stoogesekin aritzen zen garaiko bestelako doinuak ere (I’m sick of you, Raw power, T.V. Eye), eta baita ere aurten argitaratu duen Every loser laneko sorkuntzak (adibidez, zuzenekoa ixteko Frenzy). Arratsaldean zeruan zen ekaitza, baina Azkena Rock jaialdia agurtzeko, oholtzan zen ekaitza. Rock & rollak bizirik jarraitzen du, eta ikusitakoak ikusita, bizirik jarraituko du urte luzez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.